Hiparkoren mapa astronomikoa azaleratu da

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Antzinako eskuizkribu bat irudi multiespektralaren bidez arakatuz, ikertzaile talde batek Hiparkorena bide den izar mapa astronomiko baten pasartea aurkitu du.

Zorionekoak zenbaitetan irakasle batzuek jartzen dituzten atazak. Orain ezagutzera eman denez, une berezi horietako bat duela hamarkada bat gertatu zen: 2012an Cambridgeko Unibertsitateko Peter Williams Bibliaren ikertzaileak ikasleei udan eskuizkribu bat arakatzeko eskatu zien: Codex Climaci Rescriptus izeneko testu erlijiosoa zen.

Halakoetan gertatu ohi den bezala, eskuizkribuak istorio luzea zuen atzetik. 1895. urtean atera zen azalera, Sinaiko penintsulan (Egipto) dagoen Santa Katalina monasterioan urte luzez gordeta egon eta gero. V. eta VI. mendeen bueltan grezieraz eta arameraz idatzita, izaera erlijiosoa du; besteak beste, fededunak Jainkoaren grazia lortzeko egin behar dituen betebeharrak azaltzen dira.

Baina adituek jakin badakite askotan agiri horien atzean izugarrizko altxorrak aurkitu daitezkeela. Arrazoi sinple bat dago horren atzean: idazteko materialak eskasak eta garestiak ziren garai horietan, askotan pergamino zaharrak berrerabiltzen ziren, aurrean zegoen testua ezabatuz. Aurreko eskuizkribu bat marruskatuz ezabatu eta eduki berriekin erabiltzen ziren eskuizkribuei palinpsesto deitzen zaie. Gaur egungo ikuspuntutik begiratuta, noski, izugarrizko triskantza gisa ikusten dugu hori, testu baliotsu asko galdu izana ekarri duelako.

mapa astronomikoa
1. irudia: Hiparkoren testu astronomikoak zituen eskuizkribua jatorrian Santa Katalina monasterioan (Sinai, Egipto) gordeta egon zen. Argazkian, monasterio horretatik gauez ikusten den zerua izartsua. (Argazkia: A Maraka / Wikimedia Commons CC BY-SA 4.0)

Azken urteotan teknika berriek aukera ematen dute jatorrian zeuden testuak berreskuratzeko, eta halako testu zaharrak ikertzen dutenek beti dute palinpsesto horietan aurreko testuren bat topatzeko esperantza. Zorionekoak izan dira oraingoan.

Eta meritu guztia ez da izan, ez, teknologiarena. Giza adimenak zeresan handia du oraindik aurkikuntzen mundu zoragarrian. Adituen begi abilak, bai, nahitaezkoak dira halako kasuetan aurrera egiteko.

Kasu honetan, Jamie Klair gaztearen adimena izan da abiapuntua. Willliamsek botatako erronkari eutsi zioten ikasle horietako bat izan zen Klair. Eskuizkribua arakatzean, konturatu zen ezabatutako geruza horietan beste zerbait bitxia bazegoela. Jabetu zenez, gai erlijiosoez gain, astronomiari buruzko aipamenak ere baziren orrialde batzuetan. Gerora egiaztatu ahal izan zutenez, orri batzuk aurreko Biblia batenak ziren, baina beste batzuk Aratoren Fenomenoak izeneko astronomia poematik zetozen.

Filmetan ez bezala, aurkikuntzaren bideak motelak dira, eta 2017. urtera arte ez ziren egin halako gaiak ebazten saiatzeko oso baliagarriak diren azterketa teknikoak. Proba horietan, irudi multiespektralaz baliatu ziren. Izenak iradokitzen duen moduan, teknikak argi ikusgarrian ikusten dena infragorriekin eta X izpiekin konbinatzen ditu; zorte pixka batekin, konbinaketa horrek aukera ematen du zenbait izkriburen edo margolanen atzean dauden geruzak ikustarazteko.

Orrialde bakoitzeko argazkiak atera zituzten, uhin luzera desberdinetan. Ondoren, algoritmoak erabili zituzten ezabatua izan zen testua nabarmentzen saiatzeko.

Makinen eta algoritmoen ostean, berriro giza adimenaren txanda izan zen. Oraingoan gainera, ezusteko faktore batek eragina izan zuen. 2021ean, konfinamendu betean, Williamsek berriro denbora izan zuen eskuizkribua arakatzeko. Antzineko grezieran aditua izan arren, konturatu zen ez zituela ulertzen segidan agertzen ziren grezierazko hiru hizki, notazio berezi batez idatzia zeudenak: μ̊ ν̅ ε̅.

mapa astronomikoa
2. irudia: eskuizkribuaren zati bat, irudi multiespektralaren bidez aztertuta. Horrela errazago ikusten dira atzean dauden testuak. (Argazkia: Museum of the Bible/Early Manuscripts Electronic Library/Lazarus Project/University of Rochester)

Eureka une horietako batean, jabetu zen hizki horiek koordenada astronomikoak zirela. Susmo horiek kontrastatzeko, astronomiaren historian aditu diren Victor Gysembergh eta Emmanuel Zingg ikertzaileengana jo zuen.

Orain, Journal for the History of Astronomy aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean jaso dituzte urte hauetan guztietan zehar bildutako susmo eta ebidentziak, astronomiaren historian mugarri izan daitekeen proposamen batean. Ikertzaileen ustez, ezkutuan egon zen pasarte hori inoiz egin zen lehenengo izar katalogo baten parte da. Hiparko greziar astronomiarena, hain zuzen.

Hiparko Kristo aurreko II. mendean bizi izan zen, eta hari egozten zaio modu sistematikoan zerua kartografiatzeko lehen saiakera egin izana. Aurretik ere hainbat zibilizaziotan izarren behaketak jasoak zituzten, noski, baina, ezagutzen dela, Hiparko izan zen aurrena gaur egun metodologia zientifikoaren parekotzat jo genezakeen jarrera batekin egin zuena. Kasurako, babiloniarrek finkatu zuten zenbait izarren kokapena zodiakoan —hots, ekliptikaren gainean, Lurretik ikusita Eguzkiak urtean zehar zeruan egiten duen ibilbidean—, baina Hiparko izan zen aurrera bi koordenadaren araberako kokalekuak deskribatzen, eta, uste denez, zeru osoa hartu zuen. Gainera, Eguzkiaren eta Ilargiaren mugimenduak zehaztasun handiz aurreikusi zituen, baita haien aldeko distantzia ere. Modu berean, izarren distiraren eskala bat asmatzea era trigonometria garatzea egotzi zaio.

Plinio Zaharrak kontatutakoaren arabera, Kristo aurreko 134. urtean Hiparko konturatu zen ordura arte ortzian ez zegoen izar berri bat agertu zela, eta handik aurrera bere buruari galdetu zion ea izarrak mugitzen ote ziren. Behin hori egiaztatuta, horien mugimendua aurreikusten saiatu zen.

Uste da, hein handi batean, mende batzuk geroago bizi izan zen Klaudio Ptolomeo astronomoak bere katalogo handia egiteko Hiparkoren lanean oinarritu zela. Hiparkori buruz dagoen arazo da bere inguruan oso gutxi ezagutzen dela, eta hari buruzko erreferentzia urriak beti hirugarren pertsonen bitartezkoak izan direla. Gauzak hala izanik, nolatan ondorioztatu dute orduan testu hori Hiparkorena dela?

Kontua da palinpsestoan aurkitutako erreferentzia horrek Corona Borealis konstelazioaren tamaina gradutan adierazten duela, bai eta konstelazio horren muturretan dauden izarren koordenadak ere.

Ekinokzioen prezesioa fenomenoa dela eta —biraketa ardatzaren batean Lurrak apurka egiten duen mugimendua, 72 urtetan behin gradu ingurukoa—, izarren kokapena zeruan aldatuz doa mendeetan zehar. Eskuizkribuan jasotako koordenada horiek aintzat hartuta, ikertzaileek kalkulatu ahal izan dute noiz jaso zen informazio hori: Kristo aurreko 129. urtean gertatu zela ondorioztatu dute. Data bat dator Hiparko astronomo greziarra bizi zen denborarekin. Hain zuzen, Hiparko Kristo aurreko 190-120 urte tartean bizi izan zela uste da, eta bizitzaren azken urteak Rodas uhartean behaketa astronomikoak egiten eman zituen. Zehazki, uste da Hiparkok bertan jardun zuela Kristo aurreko 162. eta 127. urteen artean.

Aratus Latinus izeneko beste eskuizkribu batean hiru konstelaziori buruz jasota dauden koordenadak ere Hiparkori zor zaizkiola egiaztatu ahal izan dute: Ursa Major, Ursa Minor eta Draco.

Hiru mende geroago Ptolomeok egin zuen katalogoari erreparatuta, orain argitu ahal izan dute Ptolomeo ez zela mugatu Hiparkoren lana kopiatzera. Koordenada batzuk bat datozen arren, beste koordenadak ez datoz bat, eta horrek esan nahi du Ptolomeok beste iturri batzuk ere erabili zituela, edo bere behaketa propioak.

Bitxia bada ere, Ptolomeorenak baino zehatzagoak dira Hiparkoren oharrak, baina aintzat hartu behar da momentuz Hiparkorenean lau konstelazio baino ez daudela jasota, eta Ptolomeoren katalogoan mila izan baino gehiago agertzen direla.

Momentuz, bederen, koordenada bakar batzuekin konformatu beharko. Baina adituak sinetsita daude Hiparkoren jatorrizko katalogoak begi hutsez ikusi ahal diren izarren katalogo osoa hartzen zuela, eta espero dute etorkizunean halako ezusteko eder gehiago azalduko direla eskuizkribu gehiago aztertu eta teknikak hobetzen diren heinean. Codex Climaci Rescriptus horretan bertan badira oraindik deszifratu gabeko pasarteak, baina, modu berean, mundu osoko liburutegi eta artxibategietan ere badaude beste milaka eskuizkribu, harago doan begirada baten zain daudenak. Begirada eta teknologia zorroztea besterik ez dago.

Erreferentzia bibliografikoa:

Gysembergh, Victor, Williams, Peter J., Zingg, Emanuel (2022). New Evidence for Hipparchus’ Star Catalogue Revealed by Multispectral Imaging. Journal for the History of Astronomy, 53 (4), 383–393. DOI: https://doi.org/10.1177/00218286221128289


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

2 iruzkinak

  • […] Hiparkoren mapa astronomikoa azaleratu da. Jamie Klair gaztea izan da aurkikuntzaren egilea. Antzinako eskuizkribu bat irudi multiespektralaren bidez arakatuz, Klair eta bere taldekideek izar-mapa astronomiko baten pasartea aurkitu dute. Eskuizkribua arakatzen ari zela Klair jabetu zen, gai erlijiosoez gain […]

  • […] Hiparkoren katalogoan badaude 80 izar talde, gehienez 1.600 argi-urtera daudenak. GAIA katalogoan aldiz, badaude 400 izar talde, 4.800 argi urterainoko distantziara aurki daitezkeenak. Errolda berri honetan oso interesgarriak diren 3.194 izar aldakor ere badaude. Gehienak Magallanesen Hodeietakoak dira, lehen […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.