Intsektuen ezusteko eragina atmosferan

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Erle multzo baten inguruan sortzen den karga elektrikoa neurtu dute zientzialariek, eta konturatu dira ekaitz hodei batek sortzen duen kargaren tamainakoa izan daitekeela.

Ezaguna da tximeleta baten hegazkadari buruz esaten dena: munduaren punta batean egindako mugimendu txiki batek urakana eragin dezake munduaren beste puntan. Ez da horrela, noski. Baina berdin dio, ideia horrek balio duelako irudikatzeko ideia nagusi bat: eguraldia bezalako sistema kaotiko batean faktore andana aintzat hartu beharra dago. Hortik dator eguraldiaren aurreikuspena egiteko zailtasuna.

Faktore hauen guztien artean tenperatura, presioa edota aire masa mugimendua dira nabarmenenak, baina karga elektrikoak ere badu zeresanik. Hasieran aipatutako adibidean, tximeletaren hegazkadak airean eragindako mugimendua kontuan hartuko genuke, baina inork ez luke imajinatuko tximeletaren presentziak karga elektrikoan eragina izan zezakeenik.

Bizidunen eta elektrizitatearen arteko lotura aspalditik ezagutzen da. Kasurako, zenbait ur animalik deskarga elektrikoak erabiltzen dituzte harrapakinak lortzeko. Jakina denez, elektrizitatea hobe transmititzen da uraren bitartez, eta, horrela, ikaraio pikartek edo aingirek 600-1000 volt arteko deskargak eragin ahal dituzte, bai ehizarako zein harrapakarietatik babesteko ere.

intsektuen eragina
1. irudia: atmosferan dagoen karga elektrikoan eragina dute erlekumeek. Orain, ikusi nahi dute zer nolako eragina izan dezaketen bestelako intsektu multzoek. (Irudia: Ellard Hunting)

Lurrean, halakorik ez da gertatzen, baina horrek ez du esan nahi elektrizitatea erabiltzen ez denik. Zenbait armiarmaren kasua da. Aspalditik ezagutzen da “hegan egiteko” gai direla. Charles Darwin bera horretaz konturatu zen, ozeanoaren erdian egonda Beagle ontzira armiarma txikiak ailegatzen zirela ikusi zuenean. Baina duela gutxira arte ez da ondo jakin garraio berezi horretan norainoko eragina zuten haizeek eta norainokoa karga elektrikoek.

Duela gutxi, ordea, laborategian probatu ahal izan da elektrizitatea garrantzi handikoa dela horretarako. Gakoa hanketan dituzten iletxo itxurako organo txiki batzuetan datza —trichobothria izenekoak, ingurua hautemateko ezinbestekoak zaizkienak—. Horiei esker, zenbait armiarma airean dagoen karga elektrostatikoaz baliatzen dira airean gora egiteko. Funtsean, gizaki baten adatsa ere elektrizitate estatikoaren aurrean mugitzen diren modu berdinean, karga elektrikoak hautematen dituzte iletxo hauek, eta horrela armiarmak baldintza egokiak detektatzeko gai dira.

Baina kontua harago doala dirudi, orain jakin denez. Ikertzaile talde batek argitu nahi izan du norainokoa izan daitekeen intsektuen eragina atmosferan. iScience aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean jaso dituzte xehetasunak.

“Ebidentzia teoriko eta enpirikoa bateratzen ditugu demostratzeko erlekumeek eragin zuzena dutela atmosferako elektrizitatean, eragin hori erlekumearen dentsitatearen araberakoa izanik”, idatzi dute egileek zientzia artikulu horretan.

Azaldu dutenez, orain arte aintzat hartu diren prozesuak abiotikoak dira. Eskala handian, maila globalean dauden ekaitzek eremu elektriko handiak eragiten dituzte. Eskala txikiagoan, ordea, askoz gehiago dira aintzat hartu behar diren faktoreak. Hala nola, hodeiek elektrifikazioa, tximisten sorrera, prezipitazioa, aerosolak eta erradioaktibitatea. Maila txikiagoan, adituek uste dute eragin txikia izan dezaketela ere bestelako faktoreek. Kasurako, gizakiek eragindako kutsadura, bolkanismoa, eta “potentzialki, lurrikarak ere”.

intsektuen eragina
2.irudia: landa lanean neurketak egiten ari zirela konturatu ziren bazegoela zerbait datuak kutsatzen zituena. Ondoren jabetu ziren erleak zirela. (Irudia: Ellard Hunting)

Horiei guztiei intsektuen eragina gehitu beharko zaie orain. Antza, biologoak ezustean konturatu ziren erleen eraginaz. Landa lanean ari zirenean, ikusi zuten neurketak aldatzen zirela erle talde bat gerturatzen zenean. Kide fisikariengana jo zuten, fenomenoari azalpen bat aurkitu nahian, eta horrela diziplina arteko lana abiatu zen. Pazientzia askorekin egin zituzten neurketa berriak, oraingoan, beren-beregi erle multzoen atzetik. Era horrela egiaztatu ahal izan zuten erle bakar batek eragin dezakeen karga elektriko ñimiñoa biderkatzen dela multzoka ari direnean.

Bristolgo Unibertsitateko (Erresuma Batua) biologo Ellard Huntingek ikerketa bitxi honen abiapuntua azaldu du prentsa ohar batean: “Beti arakatu izan dugu fisikak biologian duen eragina, baina une batean konturatu ginen biologiak ere fisikan eragina izan zezakeela”. Horregatik, behin erleen eraginaz jabetu direla, eta karga horiek edonon aurkitu daitezkeelako, hainbat animaliak egiten duten kanpo elektriko estatikoen erabileran sakontzea erabaki dute.

Ondorioztatu dutenez, erle multzo baten eraginez, atmosferan dagoen karga metro bakoitzeko 100 voltetik 1.000 voltera igarotzen da —voltek bi puntuen arteko energia potentziala neurtzen dute—. Eragin horren tamainaz jabetzeko, ekaitz hodei batek izaten duen karga elektrikoaren parekoa izan daitekeela diote. Txikia izan arren, horrelako kargek eragina izan ahal dute ekaitzen sorreran edota hautsaren jokaeran.

Ikertzaileek azaldu dutenez, arlo horretan lan egiten zientzialariek Gradiente Potentziala izeneko faktorea erabiltzen dute lan egiteko. Izendapen horrekin definitzen dute Lurraren eta metro bateko altueran dagoen puntu baten artean dagoen alde elektrikoa. Bada, gradiente elektriko horretan eragina dute erle multzoek.

Erleekin eskuratutako datuetan abiatuta, ikertzaileek kalkulatu dute zein izan zitekeen beste intsektuen eragina. Oro har, intsektuek duten tamainaren eta dentsitatearen araberakoa da atmosferako elektrizitatean duten eragina. Kalkulu horretan, arreta berezia jarri dute otietan. Jakina denez, intsektu horiek kopuru erraldoietan mugitzeko gai dira. “Seguru aski beren eragina erleena baino askoz handiagoa da”, espekulatu dute.

Zientzialari hauek konturatu dira “eskala espazial desberdinetan ezusteko lotura espazial asko egon daitezkeela; adibidez, lurreko mikrobioak, landareen eta polinizatzaileen arteko elkarrekintzak, intsektu multzoak eta agian baita zirkuitu elektriko globala ere”. Beraz, ikerketa arlo zabala ireki zaie orain.

Erreferentzia bibliografikoa:

Hunting, Ellard R.; O’Reilly, Liam J.; Harrison, R. Giles; Manser, Konstantine; England, Sam J.; Harris, Beth H.; Robert, Daniel (2022). Observed electric charge of insect swarms and their contribution to atmospheric electricity. iScience Vol. 25, Issue 11. DOI: 10.1016/j.isci.2022.105241


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

  • […] Zientzialari batzuk konturatu dira erle multzo baten inguruan sortzen den karga elektrikoa ekaitz hodei batek sortzen duen kargaren tamainakoa izan daitekeela. Ondorioztatu dutenez, erle multzo baten eraginez, atmosferan dagoen karga metro bakoitzeko 100 voltetik 1.000 voltera igarotzen da. Ebidentzia […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.