Larisa Popugaieva, diamante bila ibaiak arakatzen zituen geologoa

Dibulgazioa · Emakumeak zientzian

Zarnitsa meategia Errusiako eta munduko diamante meategi handienetako bat da. Herrialdearen ipar-ekialdean dago, Sakhako Errepublikan, eta 1954ko abuztuaren 21ean aurkitu zuten Natalia Sarsadskikh eta Larisa Popugaieva geologoek. Beste espedizio batek jaso zuen aurkikuntzaren ohorea; Popugaievak 1970era arte itxaron behar izan zuen aurkikuntza eta erabili zuen prospekzio metodoaren egiletza aitortu zitzaizkion arte. Sarsadskikhek beste hogei urtez itxaron behar izan zuen bere izena ere meatzaritzaren arrakasta hari lotzeko. Gaur egun, Zarnitsa meategia dagoen eskualdeak munduko diamanteen ekoizpenaren % 20 biltzen du.

Larisa 1923ko irailaren 3an jaio zen Kalugan, Errusiako mendebaldean. Aita, Anatoli Grintsevitx, Odesako Prigorodni Barrutiko Alderdiko Batzordeko idazkaria zen. Ama, Olga Grintsevitx, arte kritikaria zen Leningraden.

1938an, aita hil ondoren, ama eta ahizpa Irinarekin batera, Leningradera itzuli zen Larisa. Eskola amaitu ondoren, 1941ean Leningradeko Unibertsitatean sartu zen.

Larisa Popugaieva
1. irudia: Larisa Popugayeva, B. Korneieven marrazkia, 1963. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Aberriaren Gerra Handiak Moskun harrapatu zuen Larisa Grintsevitx; han, Leningradeko eskoletako beste ikasle ohi bikain batzuekin batera, Sobietar Batasuneko nekazaritza erakusketara bidali zuten. Talde horrek Moskun geratu behar izan zuen, eta Larisaren ama eta ahizpa Uraletara eraman zituzten.

1941eko irailean, Larisa Molotovera – gaur egungo Perm– iritsi zen, ama eta lau urteko ahizpa ebakuatu zituzten lekura, hain zuzen. Molotov Unibertsitatean matrikulatu zen –gaur egun Permeko Estatu Unibertsitatea–, eta erizaintzako eta artilleriako ikastaroetan graduatu zen.

1942ko apirilean, Larisa Moskuko Aireko Defentsa Dibisioko boluntario joan zen frontera; 1945eko uztailean, Leningradera itzuli ahal izan zen familiarekin.

1950ean, Leningradeko Unibertsitateko Mineralogia Departamentuan graduatu zen. Ikasketak egin bitartean, geologo lanetan aritu zen hiru urtez Ipar-mendebaldeko Administrazio Geologikoaren zenbait espediziotan, hala nola Irkutsk eskualdeko iparraldean – ordurako diamanteei lotua – edo Ural Azpiartikoetan.

1952an, Larisa Leningradeko Unibertsitateko irakasle Viktor Popugaievekin ezkondu zen, eta alaba bat izan zuen harekin.

Diamanteen atzetik

Mendearen lehen erdian, diamante industrialak hegazkinetarako, tankeetarako, makineriarako eta artilleriarako zehaztasunezko piezen fabrikazioan erabiltzen ziren, baita aurrerapen zientifikoaren beste arlo batzuetako material estrategikotzat ere. Ekonomia sobietarrak, gero eta industrializatuagoa zegoenez, diamante hornidura segurua behar zuen, eta gehienak Britainia Handitik edo Belgikatik zetozen.

Gerra Hotzean, Ingalaterrak Sobietar Batasunera diamanteak esportatzeari utzi zion. Hori dela eta, hainbat espedizio hasi ziren, mineral hori herrialdean aurkitzen saiatzeko. 1947an, Mikhail Odintsov geologoak Amakinskaia espedizioa hasi zuen Irkutsken, Tunguska Harritsua eta Nighyaya Tunguska ibaien arrokak bahetzen. 1949ko abuztuaren 7an, Viliui ibaian, lehen diamante jakutiarra aurkitu zuten.

1950ean, diamantedun leku berriak aurkitu ziren inguruan, baina benetako meategirik ez. Geologoek ez zuten mineral horiek aurkitzeko metodorik ezagutzen; zekiten bakarra zen harri horiek ur ibilguei jarraitzen dietela. Horregatik, ibaiak zeharkatzen zituzten haien jatorriaren bila. Baina diamanteek gogortasun handia dute, eta milaka kilometroz mugitu daitezke hautsi gabe; beraz, diamanteak kokatzea oso zaila zen.

1950eko hamarkadaren hasieran, Jakutian diamanteen bilaketa areagotu zen; Mosku eta Leningradeko geologoek parte hartu zuten. 1953an, Natalia Sarsadskikh geologoak gidatutako talde berezi bat Markha ibaiaren goi ibilguaren ertzetara iritsi zen. Zientzialariak bi taldetan banatu zuen bere taldea, eta horietako bat Larisa Popugaievaren ardurapean geratu zen.

Ezinbesteko aurkikuntza

1953an, Leningradeko laborategi batean Jakutian jasotako lagin mineralak aztertzen ari zela, Larisak harri gorrien kontzentrazio handia zegoela ikusi zuen, eta hasiera batean granateekin nahastu zuen. Egiaz piropoak ziren, diamanteekin batera joan ohi diren mineralak, eta sumendien erupzioen ondoren sortutako kimberlita tximinietan egoten direnak. Kanporatutako magma izoztu eta kimberlita arroka porotsuz betetako kanal bertikal erraldoiak sortu ziren; piropoz, diamantez (% 10eraino) eta beste mineral batzuez osatua dago kimberlita.

Piropoak diamanteak baino askoz ere bigunagoak dira, errazago hausten dira eta korronteak meategia dagoen lekutik gertu eramaten ditu, diamanteekin gertatzen ez den bezala.

1954ko ekainean, Larisa eta Fedor Belikov laguntzailea Jakutiara itzuli ziren –Natalia Sarsadskikh erditu berria zen–, eta diamanteak bilatu zituzten, piropoak arakatuz. Bi hilabeteko bilaketa neketsuen ondoren, kimberlitazko gainazal bat aurkitu zuten. Aurkikuntza hori Sobietar Batasunaren lurraldean egindako mota horretako lehena izan zen, eta geroago Zarnitsa meatzea izendatu zuten.

2. irudia: piropoak diamanteak baino askoz ere bigunagoak dira, errazago hausten dira eta korronteak meategia dagoen lekutik gertu eramaten ditu, diamanteekin gertatzen ez den bezala. (Argazkia: D. Nishio-Hamane – BY-NC-SA 2.0 lizentziapean. Iturria: Flickr.com)

Traizioa egingo ziotela susmatu gabe, Popugaievak Amakinskaia espedizioko geologoekin partekatu zuen piropoen presentziatik abiatuta diamanteak aurkitzeko metodoa. Gainera, Sarsadskikhi ez zion aurkikuntzaren berri eman eta, beraz, aurkikuntza garrantzitsu horretatik kanpo utzi nahi zuela pentsatu zuen hark. Mehatxu askoren ondoren, Larisak aurkitutako diamanteak Amakinskaia espedizioari eman behar izan zizkion, eta horrek lortu zuen Zarnitsa meategiaren aurkikuntzaren meritua. Eta handik aurrera, bere prospekzio metodoa erabili zen diamante preziatuak hautemateko, Larisa aipatu gabe.

Errekonozimendua askoz beranduago iritsi zen

1959an, Leningrad Hiriko Batzorde Betearazleko Harri Preziatuen Ikerketarako Laborategi Nagusian sartu zen Popugaieva. Postu hartan, Sobietar Batasuneko harribitxien biltegi guztien inbentarioa egin zuen, eta arreta jartzen ez zitzaien beste mineral batzuen balioa azpimarratzen saiatu zen.

Hasiera batean, Zarnitsako meatzea gutxietsi egin zen, eta Mir meatzea ustiatu zen lehenik. Zarnitsa 1980ko hamarkadaren hasieran ebaluatu zen berriro, eta ustiagarritzat jo zen. Ahalmen osoz aritu da lanean 2000ko hamarkadaren hasieratik; kalkuluen arabera, 52 milioi karateko diamante erreserbak ditu, eta 0,2 milioi karateko ekoizpen ahalmena urtean.

Larisa Popugaieva
2. irudia: Larisa Popugaievaren omenez Jakutian dagoen monumentua. (Argazkia: Ye. Basnev. Iturria: Mujeres con Ciencia)

Larisa Popugaieva 1977ko irailaren 19an hil zen. Eta, azkenean, errekonozimendua jaso zuen bere herrialdearen ekonomiarentzat izan zuen funtsezko aurkikuntzagatik.

Tamaina handiko diamanteei izena jartzen zaie: 29,4 karateko batek Larisa Popugaieva du izena. Udatxni eta Aikhal hirietako bi kale ere haren omenez izendatu ziren.

Jakutian, monumentu batek Larisa Popugaieva omentzen du. Valeri Barkov eskultoreak egindako brontzezko estatua da, eta oinarria granito gorriz egindakoa du, geologoa diamanteen jatorrira eraman zuten piropoen kolore berbera. Zientzialariaren irudiaren atzean, Larisa eta Fedor Belikov batera erakusten dituen erliebe bat agertzen da; biak su baten ondoan daude, ziurrenik lanaldi gogor baten ondoren uretan jasotako lagin mineralen bati erreparatzen.

Erreferentzia bibliografikoak:


Egileaz:

Marta Macho Stadler, (@Martamachos) UPV/EHUko Matematikako irakaslea da eta Kultura Zientifikoko Katedrak argitaratzen duen Mujeres con Ciencia blogaren editorea.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022ko abuztuaren 24an: Larisa Popugayeva, la geóloga que escudriñaba los ríos buscando diamantes.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.