Asteon zientzia begi-bistan #4

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak bilduko ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta bilduta eskaintzeko helburu dugu. Zeri buruz hitz egin da sarean? Eman diezaiogun begirada bat.zientzia begi-bistan. Bjorn Andersen azeri artikoa

Formica selysi inurriak talde izaera berezia erakutsi dute Lausanako Unibertsitateko ikertzaileek antzeman dutenez. Inurriok uraren arriskutik ihes egiteko euren gorputzak elkartzen dituzte eta baltsa bat egiten dute uraren gainean nabigatzeko. Horrez gain, almadia berezi horren erdigunean erregina jartzen dute babesteko eta espeziaren biziraupena bermatzeko. Euskalnatura gunean kontatzen digu Mikel Irastorza biologoak: Rafting erreginaren izenean.

Stephen Hawking fisikari britainiarrak urtarrilaren amaieran hautsak harrotu zituen artikulua argitaratu zuen. Izan ere haren artikuluan aurreko bere teoriak kolokan jartzen zituela zabaldu zen. Zulo beltzak ez omen direla existitzen adierazten zuen Hawkingek. Fisikariaren hitzen esanahia albo batera utzita Donostiako San Ignazio Ikastetxeko ikasleen blogean, Galtzadaberri, Jon Mikel Arin ikasleak zulo beltzak zer diren azaltzen digu: Zulo beltzen iluntasuna.

Gure begiek argazki-kamera bezala funtzionatzen dute. Irudiak antzematen dituzte bi dimentsioetan, irudi lauak jasotzen dituzte baina argazkiok prozesatzerakoan gure garunak irudiak gainjarri egiten ditu eta ondorioz, hiru dimentsioetako irudiak sortzen ditu. Aipatutako prozesuari triangulazioa esaten zaio. Prozesu horren bidez, distantziak ere antzemateko gai gara eta gizakiok ez gara hau egiten dugun bakarrak. Gorka Azkune ikertzaileak kontatzen digu Zientzia Kaiera gunean: Bi begi, hiru dimentsio.

Anemia faltziformea gaixotasuna hemoglobinari eragiten dion gaitza da. Hemoglobina globulu gorrien parte da eta oxigenoa garraiatzeaz arduratzen da. Anemia honek globulu gorrien itxuran eragina du, desitxuratu egiten ditu ohiko forma borobila luzatuz. Aldaketa honen ondorioz, globulu gorriek garraiatzeko zailtasunak dituzte eta odol-hodiak itxi egiten dira gorputz-adarretako zirkulazioan arazoak eraginez. Edonola blogean azaltzen ditu gaixotasun honen nondik norakoak Koldo Garcia biologoak: Anemia Faltziformea (Gaixotasunak eta eboluzioa II).

William Stanley Jevonsekonomilari eta filosofo britainiarrak errebote efektua deskribatu zuen 1865an. Izan ere James Wattek sortutako lurrun-makinaren erabilerak ikatzaren kontsumoa gutxitu beharko zukeen baina haren kontsumoa hazi egin zen. Jevons ekonomilariak ondorioztatu zuen ikatzaren efizientzia hobetu zuten aurrerapen teknologikoek ikatzaren erabileraren gorakada eragin zutela. Ander Gortazar arkitektoak Argia aldizkarikoDinamo blogean errebote efektuaren gaurko adibide bat dakarkigu: Errebote efektua.

Ringwooditaneosilikatoen motako minerala da eta oibinioen taldekoa da. 1969an aurkitu zuten Australian erori zen meteorito batean. Orain arte, meteoritoetan bakarrik aurkitu izan da minerala edota laborategian sintetizatuta. Baina Eider Carton kimikariak Elhuyar aldizkarian kontatzen digu nola Brasilen aurkitutako diamante batean aurkitu da lehenegoz mantuan sortutako ringwwodita mineralaren lagin bat. Aurkikuntza honek Lurraren mantuaren trantsizio-geruzaren osaerari buruzko froga materiala plazaratu du: Mantuko uraren froga, diamante batean harrapatuta.

Zientzialariek ozono-geruza kaltetzen diharduten lau gas artifizial berriak antzeman dituzte. Horietatik hiru klorofluorokarbonoak dira, CFC gasak (CFC-112, CFC-112a, CFC-113a) eta bestea, hidrofluorokarburoa (HCFC-133a) da. Horietako bi erritmo bizian pilatzen ari dira eta hauen eragina ozono-geruzan kezkagarria da ikertzaileentzat. Substantzia hauen jatorri zehatza misterio bat da momentuz baina ezinbestekoa da hau ezagutzea sortzen dituzten kalteetan eragin ahal izateko. Miren Atristain biologoak Euskalnatura webgunean azaltzen digu: Mehatxu “berria” ozono-geruzarentzat.

Joan den mendean gauzatu zen zulo beltzen formulazio modernoa. Subrahmanyanek eta William Fowlerrek fisikariek asmatu zuten esan zutenean agian eguzkiak baino hamar aldiz masa gehiago izango lukeen izar batek leher egin eta zulo beltz bat sortuko lukeela. Hawkingen lanak azaldu aurretik, uste zen gertakarien zerumuga zeharkatuta edozer desegiten zela baina xurgatutako materia nonbait kontserbatuko zela. 70.eko hamarkadan, Stephen Hawkingek esan zuen agian zulo beltzek zerbait itzul lezaketela. Zulo beltz bat definitzea oso zaila edo apur bat errazagoa izan daiteke, Javier San Martín kazetariak Zientzia Kaiera blogean argitasun apur bat ematen digu: Comoseko amildegi ilunak.

Organofosfatoetan gas nerbiosoak aurkitzen dira. Hauek pertsona baten organismoan sartzen direnean azetilkolinesteresa izeneko entzima inhibitzen dute. Entzima hori neuronen arteko transmisiorako ezinbestekoa da eta substantzia horiek kalte handia eragiten diote nerbio-sistemari, neuronen arteko komunikazioa kaltetuz. CIC biomaGUNEko Valery Pavlov ikertzaileak azetilkolinesteresa entzimaren jarduerari buruzko bi ikerketa oinarri hartuta, bi metodo garatu ditu gas nerbiosoak detektatzeko. Lehenengoa, urrezko nanopartikuletan oinarritutako sentsoreetan datza. Bigarrena, tiokolina deituriko substantzia baten detekzioan oinarritzen da. Nanobasque atarian azaltzen digute: Urrezko nanopartikulak, gas nerbiosoak eta pestizidak detektatzeko.