Gogo basatiak

Argitalpenak · Dibulgazioa

Zer pentsatzen dute animaliek? Zer sentitzen dute? Ba ote dute emoziorik? Haserrea, oinazea, errukia sentitzeko gai al dira? Galdera horien erantzunak eskaintzen dizkigu Marc D. Hauser psikologo eta biologoak Gogo basatiak (2000) liburuan. Erantzun hauek psikologian, biologia ebolutiboan, neurozientzietan eta zientzia kognitiboan egindako aurkikuntzetan sendo oinarrituta dago. Zientzia-zabalkundeko liburu gehienek animaliak mutur biotariko batean irudikatzen dituzte: edo antropomorfismoan, animalia-itxurako gizakiak balira bezala, edo inolako sentipenik ez duten izaki mekaniko gisan. Hauser ospetsua da animalien kognizioaren gaian, eta hainbat alorretako emaitzak darabiltza animalien pentsamendua aztertu eta aurkezteko, aurretiazko ustekizunik gabe.

gogo basatiak
Irudia: Gogo basatiak liburuaren azala. (Iturria: UPV/EHU argitalpenak)

Liburu honek argituko dizu nola moldatu dituen hautespen naturalak animalien gogoak: zenbatzen ote duten, nola aurkitzen duten etxerako bidea gauez, zergatik ez duten hitz egiten, errurik sentitzeko gai ote diren, sexua gozatzen ote duten, eta zergatik diren emozio batzuk unibertsalak eta beste batzuk bereziak. Animaliak ez dira sentipenik gabeko automatak, ez eta gizakion isla hutsa ere; izaki beregainak dira, izadiaren indar konplexuek gidatzen eta moldatzen dituzte haien burutazio eta gogoak, gureak bezala.

Prosa argi, bizi eta dotorea darabil Hauser-ek; David Premack aditu ezagunak ederki laburbiltzen duen moduan, hauxe da emaitza: “bidaia bikain bat animalien gogoetan zehar”.

Marc D. Hauser (Cambridge 1959), psikologo eta biologo eboluzionista, Harvard unibertsitateko irakasle katedraduna da Psikologian eta Neurozientzian, eta Primateen Neurozientzia Laborategiko zuzendaria. Itzal handiko ikertzailea da psikologia ebolutiboan eta neurozientzietan, eta hainbat argitalpen espezializaturen egilea. Punta-puntako ikerkuntzan jarduteaz gainera, zientzia-alor horietan egindako aurkikuntzak idazkera argi eta erakargarriz zabaltzen ditu jendartean. Gogo basatiak liburua ez ezik, beste bi ere nabarmendu behar dira: The Evolution of Communication (1997) eta Moral Minds: How Nature Designed Our Universal Sense of Right and Wrong (2006).

Argitalpenaren fitxa:

  • Izenburua: Gogo basatiak
  • Egilea: Marc D. Hauser
  • Itzultzailea: Irene Aldasoro Katarain
  • ISBN: 978-84-9860-074-2
  • Hizkuntza: Euskara
  • Urtea: 2008
  • Orrialdeak: 484 or.

Iturria:

Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretza, UPV/EHU argitalpenak, ZIO bilduma: Gogo basatiak

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.