Erlijioek balio kulturalak baldintzatzen dituzte

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Nazionalitateak eta erlijio sinesmenek jendearen balio kulturalen arteko antzekotasunetan eta desberdintasunetan zer nolako eragina duten aztertu dute. Horretarako, 88 herrialdetako 243.118 pertsonak Balioen Munduko Inkestan (2005etik 2019ra) emandako erantzunak hartu dituzte abiapuntutzat. Azterketak oso emaitza interesgarriak eman ditu, baina, horien iruzkina egin aurretik, honako hau ohartarazi behar da: erlijio desberdinetako kideen arteko distantziak handiagoak dira azterketan erlijio balioak edo horiekin zuzenean lotutako balioak sartzen badira, baina, hala ere, horiek ez dira desagertzen moralarekin edo erlijio sinesmenekin loturarik ez duten balio kulturalak bakarrik kontuan hartzen direnean.

balio kulturalak
Irudia: bost Erlijio Handiak –kristautasuna, islama, judaismoa, hinduismoa eta budismoa– nahiko antzekoak dira balio kulturalei dagokienez, eta, oro har, antzinako erlijioetatik edo erlijio pagano eta espiritualistetatik urrunago daude. (Argazkia: Nicole Geri – Unsplash lizentziapean. Iturria: Unsplash.com)

Kristauen eta Liburuko beste erlijioen edo beste Abrahamdar erlijioen –musulmanak eta juduak– jarraitzaileen arteko distantzia kulturala txikiagoa da hinduekin, taoistekin, antzinako erlijioetako fededunekin eta erlijio espiritualistetako fededunekin eta paganoekin baino. Bestalde, tradizio desberdinetako kristauen balio kulturalak nahiko antzekoak dira, batik bat katolikoenak eta protestanteenak; ortodoxoak zertxobait urrunago daude. Budistek, berriz, antzekotasun gehiago dituzte ekialdeko tradizioen jarraitzaileekin –taoistekin eta sorterriko erlijioekin– eta hinduistekin, baina uste baino antzekotasun gehiago dituzte kristauekin. Era berean, azpimarratu behar da, erlijio guztiak batera kontuan hartuz gero, Bost Erlijio Handiak –kristautasuna, islama, judaismoa, hinduismoa eta budismoa– nahiko antzekoak direla balio kulturalei dagokienez, eta, oro har, antzinako erlijioetatik edo erlijio pagano eta espiritualistetatik urrunago daudela. Azken finean, Bost Handiek badute antzekotasun bat: eskala handiko lankidetza sistemak sortu dituzte zenbait mekanismoren bidez, hala nola erritualen, debozioen, fikziozko ahaidetasunen eta zigor eta sari sistemen bidez –Jainkoaren kontura, Liburuko erlijioen kasuan, eta Karmaren kontura, hinduismoaren eta budismoaren kasuan–.

Herrialde berean, tradizio erlijioso bateko fededunek antz handiagoa dute beren tradizioko fededunekin beste tradizio batzuetako fededunekin baino. Eta balio kulturaletan gehien baldintzatzen duen faktorea nazionalitatea izan arren, herrialde desberdinetako pertsonen arteko distantzia txikiagoa da fede bera dutenen artean. Beste hitz batzuetan esanda, erlijio berekoa izateak herrialdeen arteko distantzia kulturala murrizten laguntzen du. Bestalde, erlijioarekin lotutako gatazkak dituzten herrialdeetan ere kredo desberdinetako fededunen arteko desberdintasun kulturalak txikiagoak dira beste nazionalitate bateko erlijiokideekin baino. Aurkikuntza horren arabera, gatazka horiek ez dute erlijio oinarririk, identitate oinarria baizik. Kasu horretan, erlijioarekiko atxikipenak identitate elementu gisa jardungo luke.

Kredo desberdineko erlijiokideak alderatzen direnean, nazionalitate desberdinekoen arteko antzekotasunik handiena katolikoen artean gertatzen da; izan ere, erlijio horrek historia luzea du, eta autoritateak –Aita Santuak– eragin handia du fededunengan. Gauza bera ikus daiteke ortodoxoengan ere, baina neurri txikiagoan. Antzekotasun gutxien duten erlijiokideak doktrinaren ikuspuntutik askoz ere zatikatuagoak dauden erlijioetakoak dira. Azkenik, oso fededunak diren pertsonek balio kulturalak partekatzeko joera dute, baita kredo desberdinetakoak badira ere. Gauza bera gertatzen da fede txikia duten pertsonengan. Izan ere, herrialde eta kredo beraren barruan, desberdintasunak daude fede handia edo txikia duten pertsonen artean. Horrela, bada, erlijioarekiko konpromiso maila balio kulturalen baldintzatzaile bat da.

Erlijioen berezko sinesmen sistema, arauak eta kode morala direla eta, faktore kultural horiek oso boteretsuak dira. Horregatik, gizataldeen arteko desberdintasun kultural eta sozial gehienek erlijio sinesmenetan dute jatorria.

Erreferentzia bibliografikoa:

White, Cindel J. M.; Muthukrishna, Michael; Norenzayan, Ara (2021). Cultural similarity among coreligionists within and between countries. PNAS, 118 (37), e2109650118. DOI: 10.1073/pnas.2109650118


Egileaz:

Juan Ignacio Pérez (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

3 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.