Taldea ez ezik, erritualek pertsonak aldarazten dituzte ere

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Erritualak taldea indartzeko egin ohi dira, baina, ikertzaile talde baten arabera, norbanakoek taldearekiko duten konpromisoa indartzeko balio dute ere.

Asko hitz egiten da azken belaunaldiko ibilgailuek daramaten pilotu automatikoei buruz. Adimen artifizialaren laguntzaz, gidatzeko modu berri horiek garraiatzeko modua aldatzen ari dira pixkanaka. Baina gutxiago aipatzen da gutako bakoitzak antzeko zerbait daramala barruan. Adimen artifizialak ez baizik adimen biologikoak gidatuta. Horregatik, batzuetan, zalantzan gaude etxeko atea ondo itxi ote dugun, edo sukaldean genuen sua amatatu ote dugun. Hain ekintza automatikoak izanda, oharkabean pasatzen zaizkigu. Garuna ez gainkargatzeko modu bat da, hori, baina azken urteetan ere mekanismo horiek aztertzen dituzten ikertzaileek aurkitu dute garunak ere gainbegiratzen dituela hain automatikoak diruditen ohitura horiek.

Modu horretan, ia-ia oharkabean, sortzen eta indartzen dira ohitura asko, onerako ala txarrerako. Baina jakina da ere gizakion portaeraren ondorioz harago doan alkimia sozial bat sortzen dela. Soziologoak eta antropologoak betidanik liluratu dituen kontua da hau. Alkimia sozial horren ondorio dira ohitura berezi batzuk, batera egiten direnak eta bestelako abiapuntu eta inplikazioak dituztenak. Erritualei buruz ari gara.

erritualak
1. irudia: errituala hitza aipatzean, berehala dator burura erlijioa, eta egia da erlijioak erritualez beterik daudela. Baina egunero guztiok parte hartzen dugu hain agerikoak ez diren erritual profanoetan. (Argazkia: Juanma Gallego)

Erritualak aldez aurretik definitutako jardueren errepikapenak dira, modu zurrunean eta formalean egiten direnak, baina sinbolismo handiagoa duen zerbaiten parte direnak. Hala, berdin eliza katoliko batean jaunartzea hartzean, edo ekitaldi baten ostean parte hartzaile guztiek ereserki bat batera abestean, bietan hala bietan erritualak egiten ari dira. Erritual erlijiosoa lehena; profanoa bigarrena.

Hain justu horrelakoak izateagatik, erritualek kostu bat dakarte ezinbestean: berdin xumea edo erraldoia izan, egintza horiek beti antolaketa baten beharra dute. Denbora, esfortzua, eta askotariko baliabideak behar dira erritualak egiteko. Horrek argi uzten du erritualak prest egiteko daudenen atxikimendua taldearekiko, eta kanpoan uzten ditu atxikimendu hori erakusteko gai ez direnak.

Horrez gain, kohesioa ere ematen diote taldeari. Ezer gutxi dute komunean indonesiar batek eta sudandar batek, baina, biak musulmanak baldin badira, egunean bost aldiz errezo egingo dute Mekari begira, besteak beste. Gauzak horrela, talde barruan parte hartzaileen arteko konfiantza eta osotasun kontzeptua handitzen dira ohitura berezi horien bitartez.

Alabaina, haien garrantzia aztertzerakoan, gehienetan taldean duten eraginaren ikuspuntutik jorratu izan dira. Baina, antza, harago doa kontua, ikertzaile talde batek egindako proposamenari kasu eginez gero. Current Opinion in Psychology aldizkarian argitaratutako berrikuspen artikulu batean, [hemen, bertsio irekian)], ikertzaile hauek babestu dute erritualek ere laguntzen dutela pertsonek taldearekiko duten konpromisoa indartzen. Modu oso sinplean esanda, ondorio sozialez gain, ondorio psikologikoak ere badituzte.

Hainbat ikerketa argudiotzat hartu dituzte. Gertuago ditugun adibide batzuk jartzearren, Done Jakue bidea egiten duten erromesei erreparatzen dien ikerketa bat aipatu dute. Bidea egin duten 609 erromesi egindako inkesta batean ondorioztatu dute erromesaldi horietan “identitateen fusioa” deitu duten fenomenoa ematen dela, taldearen eta norberaren identitateen artean “funtsezko batasun” bat sortzen dela argudiatuta.

erritualak
2. irudia: Done Jakue bidea egin duten 600 bat laguni inkesta bat egin diete. Emaitzen arabera, bidean zehar egindako erritual txikiek indartzen dute erromesaldiarekiko atxikimendua. (Argazkia: Juanma Gallego)

Diotenez, bieira maskorra eraman dutenak edo bidean zehar harri pilaketa txikiak egin dituztenak dira taldearekiko atxikimendu gehien garatu dutenak. Uste dute erromesaldian zehar gertatzen diren erritual txiki horiek garrantzia dutela atxikimenduaren garapenean, eta baita bidea amaitzen denean erromesen artean sortzen den kontaktua ere. Erromesaldia bukatu eta hiru hilabetera inkestatutakoen heren bati bigarren inkesta bat egitea lortu dute, eta, diotenez, bidaiaren ondorio pertsonal hauek oraindik indarrean mantentzen ziren.

Aipatu duten beste ikerketa multzo batek Gabonetako ospakizunak ikertu ditu. Zehazki, data horien bueltan familia giroan pasatzen diren oporraldiak. Oraingoan lagina zertxobait handiagoa bada ere —1.098 lagun—, kontuan hartu behar da hiru ikerketatan banatuta daudela. Emaitzen arabera, Gabonetako oporrak familia artean emate soilarekin gehiago gozatzen bada ere, familian giroan erritual batean parte hartzen dutenek gozamen handiagoa dute. Egileen arabera, Gabonetako erritual horiek familiarekiko hurbiltasuna eta esperientzian izandako parte hartzea handitzen dituzte.

Halako ikerketatan abiatuta, berrikuspena egin dutenek argi dute erritualen eragina ez dela taldera mugatzen. Are, erritual horiek modu guztiz pribatuan egiten denean ere —hortaz, taldeari horien berri eman gabe—, eragina izaten jarraitzen dute. “Taldeko kideek egiten dituzten errituak pribatuak ez dira mandatu kulturalak, eta erabat idiosinkratikoak diren ezaugarriak izan ditzakete agian; baina, hala eta guztiz ere, lagungarriak dira taldearekiko konpromisoa hobetzeko”, idatzi dute berrikuspen artikuluan.

Giza zientzietan gertatu ohi den moduan, oraingoan zere zaila da jakitea norainoko harremana izan ahal duten ikertutako aldagai hauek guztiek, eta parte hartzaileen sinesmenek eta isuriek izan dezaketen eragina kontuan hartu behar dira. Kasurako, Done Jakue bideari buruzko ikerketa egin dutenek onartu dute etorkizunean esperimentuak baliatzen dituzten ikerketek baieztatu ala ezeztatu beharko dituztela haien hasierako ondorioak. Ibilbidean zehar egindako erritual txiki horiek manipulatuz, adibidez, prozesu osoaren gaineko kontrol zorrotzagoa eduki aldera.

Hasierako zuhurtzia hori mantenduta ere, emaitzak aintzat hartzekoak dira. Hortaz, eman diezaiogun urteari merezi duen agurra. Talde eragina ala eragin pertsonala izan ala ez, ospatze soila bada gozamena, osasun egoerak horretarako bidea badu bederen. Aurten Gabonetako otordu erritualetan parte hartuz gero, erakutsi ondorio hauek koinatari, amaginarrebari edo aitaginarrebari, sikiera menia edo bake proposamen modura, eta indartu horrela zure friki ospea familia zabalaren artean.

Ea, On Jaxinto, pasaidazu mesedez ogi apurtxo bat, eta izan dezagun errituala bakean.

Erreferentzia bibliografikoa:

Stein, D. H. et al. (2021). A sacred commitment: How rituals promote group survival. Current Opinion in Psychology, 40, 114-120. DOI:10.1016/j.copsyc.2020.09.005


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..