Giza garunak denbora behar du garatzeko

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Giza bereizgarrietako bat da, tamaina handiko buruarekin jaiotzea eta, hala ere, entzefaloa guztiz hazi eta garatzeko denbora behar izatea. Bi urterekin, gehieneko bolumenaren % 85era iristen da, alegia, hazten jarraituko du. Bestalde, ez dira eremu guztiak batera hazi eta garatzen. Garun azala, kanpoalderen dagoen alderdia, heltzen azkena da. Eta prozesu horretan, substantzia grisaren eta substantzia zuriaren proportzioak aldatu egiten dira.

Substantzia grisak hainbat elementu hartzen ditu barnean: neurona gorputzak eta horien dendritak –luzakin adarkatuak, zeinen bidez neurona batek beste baten seinaleak jasotzen baititu–; gliako zelulak, aurrekoen euskarri eta babes direnak (alabaina, gliaren funtzioak ezagutzeko, ikus [1]); odol kapilarrak, neuronei eta glia zelulei behar dituzten oxigenoa eta mantenugaiak ematen dizkietenak; eta neuronarteko konexioak, alegia, sinapsiak. Substantzia grisa garunaren eta zerebeloaren azalean banatzen da, bai eta entzefaloaren barnean oso sakon dauden egitura askotan ere. Substantzia zuri esaten diegu neuronen axoiei; substantzia lipidiko batez (mielina) gainestalita daude. Axoi bat hodi formako luzakin bat da, nerbio seinaleak eroaten dituena nagusiki neurona gorputz batetik aparte samar dagoen beste batera, edota muskulu zeluletara. Axoia estaltzen duen mielina zorroa isolatzailea da; hala, nerbio pultsuak lasterrago eta modu efikazean transmititzen dira.

Irudia: Gizakiok, beste animalia batzuekin alderatuz, tamaina handiko buruarekin jaiotzen gara, hala ere, entzefaloa guztiz hazi eta garatu arte denbora tarte bat behar izaten da. (Ilustrazioa: srossign / Pixabay)

Garun azalaren eskualde batzuetako substantzia grisaren bolumena 10 urterekin iristen da gehieneko garapenera. Hazkundea neuronarteko konexioak ugaritzearen isla da, eta ugaritzea, esperientziaren, trebakuntzaren eta ikaskuntzaren ondorio. Urte horietan guztietan, jarduera entzefalikoa hain da bizia, organismoak atsedenean kontsumitzen duen energiaren % 60 ere gastatu baitezake, eta eguneko energia premia osoaren ia erdia. Energia kontsumo horri egozten dio zenbaitek gorputzaren hazkundea hain motela izatea haurtzaroan, eta denbora behar izatea.

Hamaika edo hamabi urte bete ondotik, gauzak bestela dira. Garun azaleko substantzia grisaren lodiera argaltzen hasten da, baita nabarmen argaldu ere nerabezaroan. Alderdi batzuetan, murrizketa % 17koa ere izaten da prozesuaren amaieran, 15 urte geroago. Kontua da, konexio sinaptikoen parte bat, hein batean, «kimatu» egiten dela, neurozientzialarien hizkeran esanda. Kimaketan, erabiltzen ez diren edo gutxi erabiltzen diren konexioak ezabatzen dira, erabilienei eutsita. Aldi berean, substantzia zuriaren tamaina handitu egiten da. Alegia, axoi seinale eroaleak lodiagoak dira, eta estaldura zabalagoa dute, mielina geruza lipidikoari esker. Axoiak lodituta eta mielinizazioa areagotuta, nerbio pultsuak lasterrago eta modu efikazagoan transmititzen dira; beraz, efizienteagoa da komunikazioa garun azalaren eta gainerako eremu entzefalikoen artean. Hitz bitan esanda: garunak hobeto funtzionatzen du.

Garun azala heltzeko denbora behar da; ondorioz, nerabezaroa aldi zaila izaten da. Alabaina, aro horretan ikasten du giza adimenak zer-nola jokatu helduaroko gizarte ingurune konplexuan. Nerabezaroa, beraz, ikaskuntza horren truke ordaintzen den prezioa genuke.

[1] Xurxo Mariño erabiltzaileak (@xurxomar) diostanez, mende hasieratik kontsideratu da glia (zehazki, astrozitoak) neurona jarduera doitzeko funtsezko elementu. Horrenbestez, praktikan, egungoak halako bi lirateke NSZren barnean geneuzkakeen konputazio elementuak. Alegia, sinapsi askotan, hiru elementu daude: neurona presinaptikoa, post-sinaptikoa eta glia. Neurotransmisore neuronalak glia zelularen jarduera aldatu dezake, eta azken horrek, berriz, orain gutxiz geroztik gliotransmisore deitzen direnak ekoizten ditu, neurotransmisoreen analogiaz, eta horiek doitzen dute funtzio neuronala. Eta esteka hau eta beste hau eskaini dizkit. Eskerrik asko, Xurxo!


Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.


Oharra

Nerabezaroko neuropsikologiari buruzko hiru artikuluko sorta baten zatia da hau. Hauek dira sortako artikuluak:

  1. Nerabezaroko desoreka
  2. Norbere identitatearen bila
  3. Giza garunak denbora behar du garatzeko

Iturri nagusiak (hiru artikuluenak):

  • Blakemore, Sarah-Jayne (2018). Inventing Ourselves: The Secret Life of the Teenage Brain. Doubleday. London: Penguin Books. (espainieraz, La invención de uno mismo: La vida secreta del cerebro adolescente, 2018, Ariel)
  • Hainbat egile (2018): Collection – Adolescence. Coming of age: the emerging science of adolescence. Nature.
  • Mas, Salguero, María José (2018): La aventura de tu cerebro. Pamplona: Next Door Publishers.
  • Sapolsky, Robert (2017): Behave. London: Penguin Books. (espainieraz, Compórtate, 2018, Capitán Swing)

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude