Bakoitzak bere erara, itsasoan bezala…

Dibulgazioa · Gaztezulotik

Esango zenuke, bikotekide bezala, koipetsua/losintxaria zarela? Arrain arrantzale arrak, esaterako, Neoceratias spinifer espeziekoak, emeren bat topatzen duenean emeari itsasten zaio, literalki, eta betirako geratzen da emearen gorputzari itsatsita, parasito baten antzera. Betirako bihurtzen da arra emearen menpeko, odol-hodien artean ere jarraikortasuna dagoela.

Hori bai konpromisoa, odol-hodiak ere fusionatzea. Eta beste batzuk, elkarrekin bizi ala ez erabaki ezinik. Arrain arrantzaleen bizitokian omen dago ugaltzeko modu honen gakoa: itsaso sakonean bizi dira, non argia eskasa den eta bikotekideak aurkitzea, zaila.

Dortokak ere itsatsita

Betirako ez, baina 24 ordura arte eman ditzake emeari atxikita itsas dortoka arrak. Kasu honetan egiten duena zera da: eta aurreko hegaletan dituzten erpeekin emearen oskolera kakotzen da, zakila emearen kloakan sartzen saiatzen den bitartean.

esperma
1. irudia: itsas dortokek kloaka dute (hondakin- eta ugalketa-zuloak) isatsaren oinarrian, eta arraren kloakak zakila du. Estalaldian, arrak zakila kloakatik atera eta emearenean sartzen du hazia jartzeko. Bitartean emearekin lotuta egoten da hainbat orduz, beste ar batzuk emea har ez dezaten .(Argazkia: Christel – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Nahiko normala dirudi, ezta? Baina kontua da zauriak sor ditzaketela erpe horiek, ordu luzez batuta/kakotuta/iltzatuta egon ondoren. Hona plot twista: dortokak lotuta dauden bitartean beste dortoka arrek lotuta dagoen arra erasotzen dute, dortoka emearen gainetik kendu dadin.

Nahiko funsgabea dirudi koldarkeriak; gainera, kontuan izanik behin bukatuta bai arrak eta bai emeak bestelako bikotekideen bila joango direla. Emeak arrak hartzen jarraituko du dituen arrautza guztiak ernaltzeko esperma nahikoa duen arte; orduan, hondartzara joango da, erruteko.

Zenbat eta urrunago, hobeto

Eta bikote koipetsuetatik ia ukitzen ez den bikotera. Baina ez pentsa pasiorik ez dagoenik, Romeo eta Julieta obran bezainbesteko drama baitago. Itsasotik atera barik, gainera.

Pentsa arra zarela, emea inguru hurbilean ikusi eta zer egingo zenuke? Zure “zakila” gorputzetik askatu eta emeari helarazi, noski. Argonauta olagarroa bazara, behintzat. Ia ez dago kontakturik, baina arrak bizia ematen du elkartruke honetan. Literala da dioguna, arra hil egiten baita. Zenbait harreman toxikoren metafora dago hemen, seguru.

Bizitza emanda ere, aitatasuna ez du bermatua arrak. Zientzialariek ikusi dutenez, hainbat “zakil” (kasu honetako gorputz-atalak hektokotilo izena du eta, berez, ez da zakila, espermatozoideak gordetzen dituen eraldatutako garroa baizik) gorde ditzake emeak.

…lurrean ere

Ez dira esperma hartu eta selekzioa egiten duten bakarrak. Oiloek oilarren esperma hartu, hartzen dute, baina kanporatzeko gaitasuna ere badute. Izan ere, espermaren %80raino bota dezakete kanpora. Hurrengo belaunaldiaren aita zein izango den erabakitzen dute horrela, arrarekin borrokatu edo arrarengandik ihes egin behar barik.

Arrari aurre egiteko zeharreko modua garatu dute, beraz. Eta ez dira bakarrak. Ahateak ditugu honetan txapeldun. Baina, jarraitu baino lehen, abisua. Nahiko goibela da ahateen ugalketa; zure ardurapean jarraitu irakurtzen.

esperma
2. irudia: azterketa baten arabera, oiloek lehentasuna ematen diote genetikoki desberdinagoak diren arren espermari, gene horiek garrantzi handia baitute infekzioen detekzioan. (Iturria: publicdomainpictures.net)

Prest? Seguru? Has gaitezen ahate arren zakilarekin. Izan ere, gainerako hegazti gehienak ez bezala, ahateek zakila dute. Ugalketa sasoia bukatzean, zakila txikitu eta gorputz barrura doa, hurrengo sasoian berriro ere hazi eta ateratzeko. Zakila ez da edonolakoa, gainera: kortxo-kentzekoaren antza du, kiribildua, eta izugarri luzea da ahatearen tamainarako. Interneten horren irudiak bilatzea ez dut gomendatzen, baina bakoitzak jakingo du.

Eta zergatik du ahateak zakil luzea eta hain forma bitxikoa? Ahate emearen bagina nabigatzeko. Emeen ugalketa-traktua beteta dagoelako bueltaz, txiribueltaz eta kale-itsuez. Zertarako garatuko zuten bikote hauek horren sistema konplexua? Adi, hemen dator ahateen alde itsusia eta.

Luma koloretsuenak dituen eta ugaltze-dantzan fin dabilen ahate arrak lortuko du emearen oniritzia eta ugaltzeko aukera. Eta gainerako arrek? Ba… emearen oniritzirik gabe ugaltzen saiatzen dira. Emea taldeka bortxatu ere. Horra arrazoia kortxo-kentzeko itxura duen zakila eta hain bide bihurria ugalketa traktuan izateko. Parkeko ahateak beste begi batzuekin begiratzeko eta jaten emateari uzteko modukoa, e!

Eta oso urrun ez gara joan behar ezohiko zakilak eta emearen ongizateari garrantzi gehiegi ematen ez dioten animaliak topatzeko. Inoiz pentsatu duzu katuen ugalketan? Hasteko, katuen zakila testikuluen azpian dago, ez gune abdominalean. Ez hori bakarrik, zakilek hezur bat dute. Eta arantzak. Arantzak, bai. Keratinazkoak.

Arantzak zertarako? Batetik, gainerako arren esperma baztertzeko balio dute. Eta baita emearen obulazioa akuilatzeko; izan ere, obulazioa ez da gertatzen arantzak emea marratu arte. Pentsa liteke emeek metodoren bat garatu dutela minik ez sentitzeko. Baina ez. Katu eta felido eme gehienentzat ugalketa prozesu mingarria da. Eta gutxi balitz, katu arrek, gainera, kosk egiten diete.

Bataila bortitzak

Bortizkeria nagusi hurrengo protagonisten ugalketaren egunerokoan ere. Intseminazio traumatikoa du izena hauen ugalketa moduak; pentsa. Zimitz ar batek beste zimitz bat topatzean, arra zein emea, bere zakil puntazorrotzarekin abdomeneko exoeskeletoa zulatzen dio eta barruan eiakulatu. Eta kito. Zulatzailea pozik eta zulatua, hor konpon.

3. irudia: Prostheceraeus vittatus edo planario zuri baten itsaspeko argazkia. (Argazkia: Erics – CC BY-SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia commos)

Itsas platelmintoek (har zapalek) ere intseminazio traumatikoa baliatzen dute, baina urrunago eraman dute kontua. Hermafroditak dira eta, noski, arra izateak abantaila du: arrak esperma askatzen du eta bukatu da. Eme-lanak hartzen dituenak, baina, arrautzen kargua hartzeaz gain, intseminazio traumatikoaren zauriei ere aurre egin behar die.

Zelan erabakitzen dute, beraz, zein izango den arra eta zein emea? Zakilekin eskrima bataila modukoa eginez. Ez da broma: har biek zakil puntazorrotza atera eta argi-sable borroka modukoa egiten dute batak bestea zakilarekin sastatzea lortu arte. Sexu kontuak, zakil borrokak, sastadak… Askoz material gutxiagorekin egin dira Netflixen serie batzuk.

Eta gizakiak? Kink joerak dituztenak kenduta, printzipioz, sexua praktikatzeko ezkutatzen garen animalia bakarrak gara, beste ezaugarriak beste.

Erreferentzia bibliografikoak:


Egileaz:

Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko arduraduna.


Jatorrizko artikulua Gaztezulo aldizkarian argitaratu zen 2021eko abenduan, 234. zenbakian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.