Dieta azterketa piloto bat heste suminkorraren sindromea duten pazienteekin

EHUko ikerketa

Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko eta BCC Innovation Basque Culinaryko Gastronomiako Zentro Teknologikoko ikertzaileen arteko lankidetzan ikerketa pilotu bat egin dute heste suminkorraren sindromea duten pazienteentzako dieta espezifiko baten erabilera euskal herritarrei helarazteko. Luis Bujanda UPV/EHUko Medikuntzako katedradun eta Donostialdeko ESIko Gaixotasun Hepatiko eta Gastrointestinalen Arloko arduraduna, eta Koldo Garcia Etxebarria UPV/EHUko Genetikan doktore eta Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko Genetika Gastrointestinaleko Taldeko arduraduna ikerketaren parte izan dira.

Heste suminkorraren sindromea biztanleriaren %20ak pairatzen duen gaitza da, eta sintoma nagusiak abdomeneko mina eta hesteetako aztura alteratua dira. Patologia horrek gaixoen bizi-kalitatea murrizten du, eta gaur egungo tratamenduak ez dira eraginkorrak.

heste suminkorraren
Irudia: sakarosa eta almidoi gutxiko dieta bat (modu hoberenean digeritu ez daitezkeen bi nutriente), onuragarria izango litzateke heste suminkorraren sindromea duten pertsonentzat. (Argazkia: Ewa Raymond – Pexels lizentziapean. Iturria: Pexels.com)

Suediako Lund University eta Skäne University Hospitaleko ikertzaileek aurretik egindako ikerketa baten arabera, sakarosa eta almidoi gutxiko dieta bat (modu hoberenean digeritu ez daitezkeen bi nutriente), onuragarria izango litzateke gaixotasun hori duten eta askotan beherakoak izaten dituzten pertsonentzat. Ildo horretan, ikerketa pilotu bat egin zen dieta horrek euskal herritarrengan duen eraginkortasuna ikusteko, sukaldaritza-kultura maila handiko gizartea baita. Dieta horren jarraipena errazteko, Zentro Teknologikoko chefek eta ikertzaileek gida bat diseinatu zuten, errezeta bat, menuak eta nutrizio eta sukaldaritza-gomendio egokituak biltzen zituena.

Biodonostia OIIko ikertzaileek aukeratutako 34 pertsonak hartu zuten parte Basque Culinary Centerren instalazioetan egin zen azterketa pilotu honetan, lau asteko iraupenarekin. Prozesuaren amaieran, parte-hartzaileen %85ek erantzun positiboa eman zion dietari, eta 50 puntu baino gehiagoko murrizketa lortu zen heste suminkorraren sindromearen sintomen larritasun-eskalan (horrelako ikerketetan erabilitako neurri estandarra). Bizi-kalitatea nabarmen hobetu zela ikusi zen, eta testeoa amaitu eta bi hilabetera arte iraun zuen hobekuntza hori. Ekimen honen arrakastaren arrazoia, neurri handi batean, parte-hartzaileek erakutsitako interes eta inplikazio-maila handiak izan dira, lau asteetan zehar jasotako dieta eta nutrizio eta sukaldaritza-aholkuak jarraitu baizituzten.

Ikerketaren emaitzak Therapeutic Advances in Gastroenterology aldizkarian argitaratu dira. Azterketa pilotu honen egileek espero dute etorkizun handiko emaitza horiek ikerketa zabalagoa bultzatuko dutela. Dieta hori beste nutrizio-aukera batzuekin alderatzea eta beste paziente-talde batzuetara zabaltzea da helburua.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Emaitza oparoak lortu dituzte heste suminkorraren sindromea duten pazienteekin egindako azterketa pilotu batean.

Erreferentzia bibliografikoa:

Gayoso, Lucia; Garcia-Etxebarria, Koldo; Arzallus, Teresa; Montalvo, Isabel; Lizasoain, Jacobo; D’Amato, Mauro; Etxeberria, Usune; Bujanda, Luis (2023). The effect of starch- and sucrose-reduced diet accompanied by nutritional and culinary recommendations on the symptoms of irritable bowel syndrome patients with diarrhoea. Therapeutic Advances in Gastroenterology, 16, DOI: 10.1177/17562848231156682

1 iruzkina

  • […] Ikerketa pilotu bat egin dute heste suminkorraren sindromea duten pazienteentzako dieta espezifiko baten erabilera euskal herritarrei helarazteko. Ikerketa hori Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko eta BCC Innovation Basque Culinaryko Gastronomiako Zentro Teknologikoko ikertzaileen arteko lankidetzaren emaitza izan da. Heste suminkorraren […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.