Asteon zientzia begi-bistan #442

Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

dieta

Nutrizioa

Ikerketa pilotu bat egin dute heste suminkorraren sindromea duten pazienteentzako dieta espezifiko baten erabilera euskal herritarrei helarazteko. Ikerketa hori Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko eta BCC Innovation Basque Culinaryko Gastronomiako Zentro Teknologikoko ikertzaileen arteko lankidetzaren emaitza izan da. Heste suminkorraren sindromea biztanleriaren %20ak pairatzen duen gaitza da, eta sintoma nagusiak abdomeneko mina eta hesteetako aztura asaldatua dira. Gaitz hori tratatzeko, aurrez deskribatutako dieta bat erabili zuten, sakarosa eta almidoi gutxiko dieta bat, hain zuzen, eta emaitzen arabera, parte-hartzaileen %85ek erantzun positiboa eman zion dietari. Datuak Zientzia Kaieran: Dieta azterketa piloto bat heste suminkorraren sindromea duten pazienteekin.

Fisiologia

Esther Samperrek sukarraren fisiologia eta garrantzia azaldu ditu Zientzia Kaieran. Kasu gehienetan, sukarra infekzioen aurkako defentsa erreakzio natural bat da. Gorputzaren tenperatura igotzen da, eta horrek immunitate sistemari laguntzen dio agente patogenoak suntsitzen. Horregatik, hainbat azterlan zientifikok ondorioztatu dute sukarra kosta ahala kosta jaisten saiatzea kalterako izan daitekeela. Sukarrak seinale modura jokatzen du, zerbait ongi ez doala adierazten baitu. Hala eta guztiz ere, kasu batzuetan kezkatu beharko ginateke sukarra dugunean, besteak beste, 40°C-tik gorako sukarra duenean edo haur baten sukarrak hiru egun edo gehiago irauten duenean. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Sukarra: ulertu gabea, ospe txarrekoa eta mitoz inguratua.

Medikuntza

Mar Mendibe Biocruceseko zuzendari zientifikoa neurologiaren egoeraz eta erronkez aritu da Berriarekin. Azaldu duenez, esklerosi anizkoitza azken 20 urteetan gehien aurreratu den gaixotasunetako bat da. Gaixotasun larria da oraindik paziente askorentzat, baina egoera asko hobetu da, bai gaixotasunaz dagoen ezagutzan, eta baita tratamenduan ere. Neurologiaren erronken inguruan galdetzean, Mendibek Alzheimerra eta AEA alboko esklerosi amiotrofikoa aipatu ditu. Gaixotasun horiei lotuta From bench to the bedside terminoa erabiltzen dutela azaldu du, hau da, Biocruceseko laborategien eta ospitalearen arteko zubia sortzea. Elkarrizketa honen inguruko informazio gehiago Berrian: «Kontsultaren eta laborategiaren artean zubiak eraikitzea dagokit».

Biologia

Estitxu Txurruka Ekologia jakintza-arloan doktorea da (UPV/EHU), eta gaur egun, Bizkaiko Golkoko antxoa europarraren populazioa du ikergai. Populazioaren dinamika aztertzeko tamaina eta pisua hartu izan dira kontuan orain arte, baina Txurrukaren esanetan, metodo horrek bere mugak ditu. Horregatik, antxoa-indibiduoen materia organikoaren kantitatea hartu du kontuan berak, hau da, proteinen, lipidoen eta karbohidratoen edukiak, eta baita edukiok organoetan duten presentzia ere. Antxoaren egoeraren inguruan galdetuta, Txurrukak dio urtez urteko kudeaketa egoki bat egin behar dela, populazioaren egoeraren jarraipen estu bat kontuan izanda. Elkarrizketa honen inguruko datu gehiago Udako Euskal Unibertsitateko webgunean irakur daitezke.

Antropologia

Iberiar penintsulako migranteek sartu zuten nekazaritza Afrikako ipar-mendebaldean, diziplinarteko ikerketa baten arabera. Lau aztarnategitatik lortutako 9 gizakiren azterketa genetikoa egin dute, eta sekuentzia horiek aurretik zituzten datuekin bateratuta, erakutsi dute Marokoko paisaia genetiko eta kulturala erabat aldatu zela duela 7.500 eta 5.700 urte bitartean, Europako eta Ekialde Urbileko talde eta bizimodu neolitikoak iristean. Ikertzaileen esanetan, Europako nekazariek eraman zuten hara bizimodu neolitikoa, eta ondoren tokiko komunitateek bereganatu egin zuten. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.

Ingurumena

Ingurumen-gatazketan emakumeak bereziki zaurgarriak direla baieztatu dute. Ondorio horretara iristeko 2022tik ingurumen-gatazkei buruzko Ingurumen Justiziako Atlasean bildutako 523 kasu aztertu dituzte, eta ohartarazi dute biktimak emakumeak direnean, sarritan, ez direla injustizia horiek dokumentatzen. Atlas horretan urarengatik, erregai fosilengatik, nekazaritzagatik eta deforestazioagatik sortutako gatazkak azaltzen dira, besteak beste. Hilketak ez ezik, jazarpena, kriminalizazioa eta sexu-indarkeria ere aztertu dituzte, eta jakinarazi dute, seguru asko, kasuak jasota daudenak baino ugariagoak direla. Bestalde, bildutako biktimen artean gehiengoa hegoalde geografikokoak direla baieztatu dute. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Iraunkortasuna

Euskal Herriko Unibertsitatean, Campus Bizia Lab programak unibertsitate-komunitatean prozesu kolaboratiboa abiaraztea du helburu, UPV/EHUn iraunkortasunaren erronkei erantzuteko. Ekintzen artean Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolako hiri-hondakinen eta hondakin arriskutsuen sorkuntza aztertu da, eta topatu diren akatsak hobetu dira. Horretaz gain, zenbait ikusgaitasun- eta sentsibilizazio-ekintza azaldu eta eraman dira aurrera. Datu horiek aurreko ikasturteetakoekin alderatuko dira. Azalpenak Zientzia Kaieran: Unibertsitate iraunkorragoaren alde.

Klima-aldaketa

Hiriak larrialdi klimatikoari aurre egiteko nola egokitu daitezkeen aztertu dute Imagine Adaptation lanean. Maria Loroño BC3ko ikertzailea izan da lan horren parte, eta argi azaldu du Berriaren Kinka podcastean: «Hiriak ez daude prest klima aldaketari aurre egiteko». Gaur egungo egoeraren adibide modura errepideak eta zementua erabili ditu, azpiegitura hauek beroa gordetzen baitute, eta tenperatura igotzen dute hirietan. Loroñoren esanetan, egokitzapen egokiarekin hirietako tenperaturak epeldu, uholdeak gutxiagotu eta, orokorrean, klima-aldaketaren efektuak kontrolatu edo murriztuko lirateke. Eraikinak hobetzea ere estrategikoa da prozesu horretan, bai isolamendu aldetik, eta baita estruktura berdeak gehitzeko ere. Datuak Berrian.

Fisika

Higgs bosoiaren desintegrazio arraro baten ebidentziak topatu dituzte LHC azeleragailuan. 2012an Higgs bosoia aurkitu zenetik, partikula horren propietateak zehaztasunez ulertu nahian dabiltza zientzialariak, eta propietate horietako bat da nola desintegratzen den Higgs bosoia. Bada, aurkikuntza berri honetan ikusi dutenez, bosoia ez dela zuzenean deskonposatzen. Badirudi zuzenean detektatu ezin diren beste partikula “birtual” bi sortzen direla, eta ondoren Z bosoi bat eta fotoi bat sor litezkeela pentsatzen dute adituek. Bi partikula birtual horiek erabat berriak izan litezke, oraingoz eredu estandarrek iragartzen ez dituenak. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Kimika

Gaur egun etxebizitza eta eraikuntzetan gertatzen diren suteetan heriotzaren kausarik nagusiena zianuro-gasak dira. Izan ere, karbonoa eta nitrogenoa duten plastikoek eta haiez egindako beste materialek hidrogeno zianuroa sor dezakete errekuntza-prozesuetan. Hidrogeno zianuroa oso toxikoa da, eta haren eraso-mekanismoa C zitokromo oxidasa konplexua inhibitzea da. Oxidasa horren funtzioa etetean, elektroien garraio katea ere eten egiten da eta zelula-arnasketa ez da gauzatzen. Hala, zelulek ezingo dute beren lana egiten jarraitu. Badira ordea efektu horiei aurre egiteko antidotoak jada, eta, oro har, hidroxokobalamina konposatuan oinarritzen dira. Azalpenak Zientzia Kaieran: Madrilgo jatetxearen sutea eta zianuro intoxikazioak.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.