Asteon zientzia begi-bistan #390

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

burruntziak

Medikuntza

Rose Frisch, emakumeen ugalkortasunaren ikerketan aitzindaria izan zen. Hari esker ezagutzen dugu, hain zuzen, gorputzeko gantzak ugalkortasunarekin duen harremana. Leptina gantz-ehunean sortutako hormona da, eta funtsezko zeregina du gorputza erregulatzeko prozesuetan, hala nola, apetitu eta asetasun sentsazioa sortzen du, eta emakumeetan, obulazio zikloan ere egina du. Frischek erakutsi zuen gorputzeko gantz portzentaje txikiegiak ziklo hormonala eten eta emakumeen emankortasuna murriztu dezakeela. Datu guztiak Zientzia Kaieran.

Prostatako minbiziaren eta bakterioen artean lotura dagoela frogatu dute. European Urulogy Oncology aldizkarian argitaratu da lana, eta, argitu dutenez, ez dute frogatu bakterioek minbizia eragiten dutela. Hobeto esanda, ikusi da bost bakterio mota agertzen direla prostatako minbizia azkar garatzeko arrisku handiagoa duten gizonezkoetan. 600 gizonezkoren gernu laginak aztertu dituzte; batzuk prostatako minbizia zuten eta beste batzuk ez. Datu horiekin ikusi dute gernuan, prostatan edo tumoreetan espezie horietako bat edo gehiago zuten gizonek 2,6 arrisku handiagoa zutela gaitzaren fase larriagoetara heltzeko. Bakterio mota horiek, beraz, aukera eman dezakete minbizia aurreikusteko. Azalpenak Berrian.

EHUko, Gurutzetako ospitaleko eta CIC Bioguneko ikertzaile talde batek malkoak aztertu dituzte Parkinsonen gaixotasuna diagnostikatzeko. Begietan gaixotasun batzuk atzeman daitezke, garunean gertatzen ari den aztarnak baitituzte batzuetan. Hori kontuan izanik, ikerketa-talde honek Parkinsona duten 27 pertsonaren malkoetako proteinak alderatu dituzte kontrol taldeko beste 27 pertsonaren malkoetako proteinekin. Alderaketa egitean ikusi zuten sei proteina prozesu neurodegeneratiboei lotuta zeudela, eta parkinson gaixoek horietatik bost proteina gainadierazita zeuzkatela. Horrela, bost biomarkatzaile identifikatu dituzte gaixotasun hau malkoen bidez diagnostikatzeko. Jakes Goikoetxeak azaltzen du Berrian: Malkoak parkinsona ikusteko.

Klima-aldaketa

Kantauri itsasoak mediterraneoaren antza izango du hurrengo hamarkadetan. IPCCren 6. ebaluazio txosteneko bigarren atalak Europari buruzko ikerketak jaso ditu, eta hauen esanetan, munduaren berotzea hiru gradukoa balitz, Euskal Herriko klima ozeaniko epela klima mediterraneoa eta subtropikala bihurtuko litzateke. Honek, noski, ondorio larriak izango ditu lurraldean; itsas mailak gora egingo du, uretako ekosistemetan ondorio nabariak egongo dira, eta arrantzak ere sumatuko ditu zailtasunak. Euskal Herriko hondartzak ere txikitu egingo direla aurresan dute. Baina beste gisa bateko ondorioak ere eragingo ditu klima-aldaketak. Cristina Linares Espainiako Karlos III.a Osasun Institutuko zientzialari titularrak azaldu duenez, klima-larrialdiaren ondorioz etor daitezkeen muturreko fenomeno meteorologikoek zein lurraren berotzeak gizakiaren osasun fisiko eta psikikoan kalteak ekarriko ditu. Ebidentzia zientifikoak esaten du bero-boladak eta emozio- zein portaera-desorekak lotuta daudela. Horrez gain, pentsatzen da ingurune degradatuak estutasun psikiko eta estres existentzial mota bat eragingo duela gugan.

Tommaso Cancellario Nafarroako Unibertsitateko ikertzailea da eta bere lana ur gezan ibiltzen diren odonatu espezieak (burruntziak eta sorgin orratzak) aztertzean datza. Bere ikerketaren emaitzen arabera, odonatuek garrantzi handia dute ur gezako ekosistemetako klima-aldaketaren indikatzaile gisa. Izan ere, odonatu helduak asko mugitzen dira espazioan, eta inguruko baldintzak egokiak ez direla ohartzen direnean, alde egiten dute. Cancellariok azaldu duenez, tenperatura igoeren eta prezipitazioen murrizketaren ondorioz, Mediterraneoko inguruetan odonatu espezie kopurua progresiboki jaitsiko da. Azalpenak Berrian: Burruntziak, leku egokiaren bila.

Osasuna

Baliteke agente infekzioso bat egotea umeetan agertu den hepatitis kasuen atzean. Ingalaterran eman dira kasuak bereziki, 16 urtetik beherako adingabeen artean. Espainian ere agertu dira lehen kasuak Madrilen, Aragoin eta Gaztela Mantxan. Europako Gaixotasunen Prebentzio eta Kontrolerako Erakundeak azaldu du hipotesi hau, eta, diotenez, ez dira agertu eritasuna eragiten duten ohiko birusak, hau da, A, B, C, D eta E hepatitisaren birusak. Erakundeak erantsi du analisi toxikologikoen arabera toxikoekiko esposizio batek sortuak izan daitezke infekzio hauek, baina ikerketekin jarraituko dute.

Journal of Clinical Oncology aldizkarian argitaratutako ikerketa batek erakutsi du tratamendu onkologikoen albo-ondorioak larriagoak izaten direla emakumeetan. Emakumeetan, albo-ondorio larriak gizonetan baino % 34 ohikoagoak dira. Immunoterapian, bestalde, aldea are nabarmenagoa da, emakumeek albo-ondorioak % 49 gehiagotan izaten baitituzte. Ikerketa honek erakutsi du lehentasunezkoa dela ondorioak sexuaren arabera ikertzea. Bereziki, kontuan izanda immunoterapian dagoela alderik handiena, eta tratamendu hori gero eta ohikoagoa bilakatzen ari dela. Ana Galarragak azaltzen du Elhuyar aldizkarian.

Bioaraba Institutuko zuzendari zientifiko Marian Garcia Fidalgo fisikariak erradioterapia erabiltzen du gaitzak atzeman eta sendatzeko. Ia-ia tumore irmo gehienetan erabiltzen da erradioterapia, baina Fidalgoren taldeak bereziki prostatako edo bularreko tumoreak tratatzen ditu. Erradioterapiak minbizi-zelulak hiltzen ditu, haien ugalketa saihestuz. Hala ere, argi utzi du erradiazioaren dosiak aurretiaz kalkulatzea oso garrantzitsua dela, gehiegi erabiliz gero, ehunak kaltetu baitaitezke. Azaldu deunez, bere pregoiaren mezua zientziaren rola aldarrikatzea izango da.

Genetika

Kolon eta ondesteko minbizia oso hedatua dagoen gaitza da eta hildako asko eragiten ditu. Minbizi honen inguruko hiru ikuspegi biologikoko ikerketa ekarri du Koldo Garciak: gorotzetan aurkitzen diren bakterioak eta metabolitoak, eta pertsonaren gene-aldaerak. Ikusi ahal izan da pertsonaren gene-aldaera batzuk bakterio eta metabolito batzuen kopuruarekin harremana dutela. Bestalde, hiru datu-mota horiek erabiltzea osagarria dela azaldu du, nolabait, datu-mota bakoitzak kolon eta ondesteko minbizia garatzeko aukeren zati bat jasotzen baitu. Informazio gehiago Edonola blogean: Kolon eta ondesteko minbizia hiru ikuspegi biologikotatik.

Ingurumena

Plastikoen inguruko artikulua irakurri daiteke Zientzia Kaieran. Lehenengo plastiko sintetikoa, bakelita, 1907an agertu zen, telefono finkoen eta vintage irratien karkasa egiteko. Dakigunez, plastikoak oso iraunkorrak dira; plastikozko edalontzi batek 50 urte behar ditu degradatzeko, plastikozko botila batek 450 urte, arrantzatzeko sare batek 600 urte eta erabili eta botatzeko pixoihalek 450 urte. Baina zenbait adituk zalantzan jarri dute zifra horien zehaztasuna, plastikoen iraunkortasuna ingurunearen araberakoa delako. Hala ere, plastiko asko ez dira degradatzen edo denbora-tarte oso luzeak behar dituzte horretarako. Gainera, plastiko hondakin gehienak zati ñimiñoak dira eta itsasoaren azalaren azpitik zabaltzen dira, atmosferan, edo kostaldeko sedimentuetan, eta kutsadura hau oraindik ez dakigu nola erremediatu.

Antropologia

Kulturak pisu gutxi du usainari buruzko pertzepzioan, Suediako Karolinska Institutuko eta Erresuma Batuko Oxfordeko Unibertsitateko ikertzaileek ondorioztatu dutenez. Emaitzen arabera, pertsonek usainen inguruko zaletasun orokorrak partekatzen dituzte, beren jatorri kulturala edozein dela ere. Usain bat gogoko izatea edo gustuko ez izatea, batez ere, usain-molekularen egiturak zehazten du. Azterketa egiteko, mendebaldekoak ez diren 9 kulturatako pertsonak hartu ziren eta 10 usain ematen zitzaizkien usaintzeko. Banilla da gustukoen dugun usaia oro har, eta gazta garratza gutxiena gustatzen zaiguna.

Ekologia

Ehizan erabilitako berunezko munizioek Europako hegazti harraparien populazioak %6 urriagoak izatea eragiten dute. Beruna pozoitzaile indartsua da, eta batez ere nerbio sistema larriki kaltetu dezake gorputzean kontzentrazio jakin batzuetatik aurrera badago. Erresuma Batuko eta Alemaniako ikertzaile talde batek Europan hilda aurkitu diren 3.000 hegaztiren baino gehiagoren laginak erabili ditu azterketarako. Hegazti hauen gibelean pilatutako berunaren datuak jaso dituzte eta espezieen arabera sailkatu. Horrela, ondorioztatu dute Europan berunak eragindako pozoitzeek 55.000 banako heldu akabatu dituztela. Azalpenak Zientzia Kaieran: Zenbat hegazti pozoitzen dituzte berunezko perdigoiek?

Mikrobiologia

Europa mendebaldean izandako izurri bubonikoaren kasurik zaharrena aurkitu dute Arabako trikuharri batean. Izurri bubonikoa Yersinia pestis bakterioak sortzen du eta espezien genoma zaharrak aztertu dituzte Eurasian duela 5.000-2.500 urte bizi izan ziren 252 banakoren hortzetan. Banako horietako bat Arabako Errioxako El Sotillo trikuharrian hobiratuta zegoen, eta harena da penintsulan Yersinia pestis bakterioaren ebidentziarik zaharrena. Gehiago jakiteko, ikus Berrian eta Elhuyar aldizkarian argitaratutako artikuluak.

Arkeologia

Carolina Martinez irakasleak industria litikoaren sorrera azaldu du Zientzia Kaieran. Industria litikoa harrizko tresnen ekoizpenarena da eta esparru konplexu horretan, nabarmena da gaian adituak diren emakume zientzialarien parte hartzea. Mary Nicol Leakey arkeologo britainiarra izan zen lehena olduvai aldiko teknologia litikoa deskribatzen. Beste emakume batek, Mary Nicol Leakey antropologo britainiarrak esploratzaile natiboen talde batekin elkarlanean, ehunka harrizko tresna atera zituen Olduvaiko Arroiletik. Leakeyk berreskuratu zituen tresna horiek bi milioi urte inguru zituztela jo ziren, eta, beraz, garai hartan ezagutzen ziren tresnarik zaharrenak bihurtu ziren.

Geologia

Kleopatra Egiptoko erreginak txundituta utzi zuen behin Marko Antonio jeneral erromatarra. Biak zeuden festa batean ozpinaz bete zuen kopa bat erreginak eta bere belarritakoetan zuen perla handi bat bota zuen bertara. Perla hori desegin egin zen edalontzian, eta hori gertatzean, Kleopatrak ardoa edan zuen. Bada, erreakzio kimiko txundigarri honen zientzia azaldu du Blanca Martinezek Zientzia Kaieran: Perla ozpinduak.

Artikoko erregai-erauzketek permafrostean duten eragina ikertu dute Errusiako ikertzaile batzuek. Simulazioen bidez, azken 30 urteko jarduerari erreparatu diote eta Geoscience aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak. Azaldu dutenez, eremu artikoko petrolio- eta gas-hobiak 100-500 metroko permafrost-geruza baten azpian daude eta hau zulatzen da hidrokarburoak lurrazalera ateratzeko. Azken hauek beroak ateratzen dira eta izotz zulatuan gora egin ahala, izotza berotu egiten da. Horren ondorioz, inguruko permafrosta desagertu egiten da. Frogatu dute 30 urtean, gas-putzu batek 10 metroko erradioan urtu dezakeela inguruko permafrosta. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Duela 252 milioi urte gure planetaren historiako azken 500 milioi urteetako iraungitze masiborik handiena gertatu zen: muga permo-triasiarraren iraungipena. Apokalipsi biotiko bat izan zen hura, eta bizitza forma ugari desagertu ziren. Iraungitzen honen inguruan hipotesi bat dago, “Orient-Expresseko Hilketaren Efektua” deiturikoa, Agatha Christieren eleberri handiaren omenez. Hipotesi honen aburuz, hainbat gertakariren konbinazioz gertatu zen iraungitze hain handi bat, ez kausa bakar bategatik: erupzio bolkanikoak, itsasoko uraren tenperatura igotzea, atmosferaren berotegi efektua, talka estralurtar bat, eta beste hainbat fenomeno bateraturen ondorioz. Blanca Martinezek azaldu du Zientzia Kaieran: Polizia eleberri baten tankerako iraungitzea.

Astronomia

Izarren leherketen mota berri bat hauteman dute. Mikronoba izena jarri diote eta izar nano zurien azalean gertatzen diren leherketak dira, ordu batzuetako iraupenekoak. Zehatzago esanda, izar nano zuri bi sistema bitar batean daudenean, hidrogenoaren fusioak eragindako leherketa txikiak gertatzen dira izar hauen poloetan. Hau gertatzeko, izar batek besteari hidrogenoa lapurtu behar dio. Nano zuriek eremu magnetiko indartsua dute, eta hidrogenoa poloetara bideratzen da. Hau, azkenik, berotu eta fusionatu egiten da, helioa sortuz. Ana Galarragak azaltzen du Elhuyar aldizkarian.

Fisika

Banda lauko materialen munduko lehen katalogoa argitaratu dutela jaso dute Elhuyar aldizkarian. DIPCn eta Princetongo Unibertsitatean egindako lanari esker, baliteke hemendik aurrera errazagoa izatea propietate kuantiko exotikoak dituzten materialak sortzea. Ikertzaileek bilaketa sistematiko bat egin dute, 55.000 material dituen datu-base erraldoi batean. Hala, egun naturan ezagutzen diren banda lauko material guztiak aurkitu ditu taldeak, eta orain aurreikusitako materialekin lanean hasiko dira.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.