Kulturak pisu gutxi du usainari buruzko pertzepzioan

Dibulgazioa

Mundu osoko pertsonek usainari buruzko pertzepzio bera duten, usain mota berberak gustatzen zaizkien edo hau kulturalki ikasten den aztertu du ikerketa zientifiko batek. Emaitzen arabera, pertsonek usainen inguruko zaletasun orokorrak partekatzen dituzte, beren jatorri kulturala edozein dela ere.

Usainen pertzepzioa tradizionalki zerbait kulturaltzat ikusi izan da, baina kulturak horrekin zerikusi gutxi duela ondorioztatu dute Current Biology aldizkarian argitaratu duten artikulu batean. Suediako Karolinska Institutuko eta Erresuma Batuko Oxfordeko Unibertsitateko ikertzaileek gauzatu dute ikerketa eta emaitzen arabera, usain bat gogoko izatea edo gustuko ez izatea, batez ere, usain-molekularen egiturak zehazten du. Molekulak erabakigarriak dira usain bat atsegin / desatsegin izendatzeko orduan eta ez gure kultura filiazioa.

pertzepzioa
Irudia: usain bat atsegina edo desatsegina den antzematea ohikoa da kultura guztietan, antzeko gustuak partekatzen ditugu. Baina norbanakoen pertzepzioa usainaren egitura molekularraren eta norberaren gustuen araberakoa da. (Argazkia: Vic-B – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)

Ikerketan parte-hartu duen Artin Arshamian neurozientzialariaren esanetan: “Mundu osoko kulturek antzera sailkatzen dituzte usainak, nondik datozen kontuan hartu gabe, baina usain bat atsegiteko orduan agertzen dugun lehentasunak osagai pertsonala du, ez kulturala”.

Usainen pertzepzioa aztergai

Azterketa egiteko, mendebaldekoak ez diren 9 kulturatako pertsonak hartu ziren, Malaysiatik Ekuadorreraino. Ikertzaileek bizimodu ezberdinak ordezkatzen dituzten komunitateak aukeratu zituzten: lau ehiztari-biltzaile taldeak ziren, gainontzeko bostak nekazaritza eta arrantzara dedikatzen zirenak. Talde horietako batzuek oso kontaktu gutxi dute mendebaldeko elikagaiekin zein etxetresnekin. Horrez gain, Mexiko Hirian eta New Yorken bizi ziren bizilagunen lagin bat ere hartu zuten, hiritarrak. Beraz, guztira, 10 komunitateko ordezkariak hartu zituzten partaide gisa. Hautatutako komunitate hauek “ingurune usaintsu” diferenteetan murgiltzen dira, esaterako, oihan tropikalean, kosta inguruetan, mendian eta hirian. Beraz, hainbat “usain-esperientzia” hartu ziren kontuan.

Parte-hartzaile guztiek gustuko zituzten usainak zein desatsegintzat jotzen zituztenak sailkatzeko eskatu zitzaien eskala baten bidez. 10 usain ematen zitzaizkien usaintzeko eta, guztien usaina hartu ondoren, ezkerretik eskuinera jartzen zituzten laginak atseginenetik desatseginenera. Emaitzek talde bakoitzaren barruan norbanakoen arteko diferentziak erakutsi zituzten. Hau da, batzuk usain bat zuten gogokoago beste batzuk baino, baina, taldeei osotasunean erreparatuz gero, emaitzen arabera usain bat atsegin edo desatsegin bezala izendatzeko orduan korrespondentzia globala erakusten zen taldeetan. Hau da, usainak sailkatzean gizabanakoen artean aldakortasun dagoen arren, usainen gaineko konnotazio positiboak eta negatiboak unibertsalak dira.

Banilla gustukoen, gazta garratza gutxien

Batez beste, denei gustatu zitzaien eta ez zitzaien usain bera gustatu. 4-hidroxi-3-metoxibentzaldehido molekula, beste era batera esanda, banilla, banilla-leken konposatu nagusia, izan zen azterlaneko molekula gogokoena. Subjektuek ere atsegintzat jotzen dute ere etil butiratoaren usaina, mango eta ananari bere usain bereizgarriak ematen dizkiona. Beste usain preziatuen artean, landare usaintsu askotan agertzen den linaloola zegoen, eta arrosetan, krabelinetan, laranja-lorean eta pinuan dagoen fenetil alkohola.

Usain txarrak ere unibertsalak dira. Parte hartzaileek, malasioek, mexikarrek eta ekuadortarrek, besteak beste, azido isobalerikoa izendatu zuten usainik txarrena bezala. Azido isobalerikoa giza izerdietan eta animalia eta landare gantzetan agertzen da. Parte-hartzaile gehienei ere ez zitzaien gustatu dietil disulfuroa, kipula helduegietan edo patata usteletan dagoen usaina. Azido kaprikoa edo ahuntz-azidoa ere ez zuten gogoko, hau modu naturalean agertzen da palma- eta koko-olioetan eta ugaztunen esnearen koipean.

Ikertzaileen esanetan, norbanakoek erakusten dituzten sailkapen-bariazioak, neurri handi batean, usainaren egitura molekularraren (% 41) eta norberaren gustu edo zaletasun pertsonalen (% 54) mende daude. Bigarren aldagaiaren kasuan, gustu pertsonalak ikasitako zerbait izan daitezke (hezkuntzatik datorkiguna) baina gure egitura genetikoaren emaitza ere izan liteke.

Usainen pertzepzioa sistema konplexu baten mende dago. Sistema horretan zerikusia dute sudurreko usain-mukosaren neuronek eta baita pertsona bakoitzak haurtzarotik hauteman dituen aromek ere. Zientzialari askok luzaroan uste izan dute usain onen edo txarren pertzepzioa, funtsean, pertsona bakoitzaren testuinguru kulturalaren araberakoa dela. Hala ere, ikerketa honek erakusten du, ikasitakoak ez digula eragiten pentsatzen zen neurrian usain zehatzak lehenesteko pertzepzioan.

Iturriak:

Erreferentzia bibliografikoa:

Arshamian, Artin et al. (2022). Behavioral consistency in the digital age. Current Biology. DOI: https://doi.org/10.1016/j.cub.2022.02.062


Testuaren egokitzapena: Uxune Martinez

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.