Zahartzaroko oroimen-galera, uste zena baino txikiagoa

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Adinean aurrera egin ahala oroimena galtzen goaz. Izan ere, heldu zaharren oroimena ez da heldu gazteena bezalakoa, baina hau ez da orain arte uste zen bezain txarra ere. Zaharrek gazteek baino xehetasun espezifiko gutxiago gogoratzen dituzte baina, oro har, batzuek zein besteek askoz hobeto gogoratzen dituzte bizitzako gertakizunen informazio zehatzak, abstraktuak eta orokorrak baino. Oroitzapen zaharrenak gogoratzeko ahalmenean dago edadetuen eta gazteen arteko alderik nabarmenena: gazteek gogoratzen dituzte, adinekoek nekez.

zahartzaroko oroimen-galeraAlaitz Aizpurua Psikologian doktoreak eta UPV/EHUko irakasleak eta Wilma Koutstaal Minnesotako Unibertsitateko ikertzaileak oroimen autobiografikoari buruzko neurketa gauzatu dute. Memoria autobiografikoa, besteak beste, gure historia pertsonala oroitzeko gaitasunean datza. Hau, funtsezkoa da gure geroa planifikatu edota aurresateko, baita ere eta gure ongizate emozionala maneiatzeko.

Oroimen autobiografikoa neurtzeko esperimentuan parte hartu zutenei parte-hartzaileei euren bizitza pertsonaleko hiru gertakizun gogoratzeko eskatu zitzaien: azken urtean jazotako zerbait (azken hilean salbu), azken hilean gertatutako zerbait (azken astean salbu) eta azken astean jazotako zerbait (azken egunean salbu). Esperimentuaren emaitzek agerian utzi zuten gertakari zehatzak gogoratzeko ahalmena narriatzen dela zahartzarora iristean baina adinekoen oroimen-galera uste baino txikiagoa dela.

Alaitz Aizpurua UPV/EHUko Oroimenaren Psikologia ikerketa-taldeko ikertzaileak dioenez “nahiz eta oso zabaldua egon zahartzaroa heltzean oroimena narriatzen hasten dela, uste hau ez da guztiz egia. Ikerketa neuropsikologikoek eta bestelako azterketa batzuek erakusten digutenez, 20 urtetik aurrera hasten da galera kognitiboa, baina ez dugu atzematen, eguneroko bizimoduaren beharrei aurre egiteko nahikoa trebetasun badugulako. Nabarmenagoa izaten da galera hori 45-49 urte bitartean; orokorra, berriz, 75 urterekin hasten da gutxi gorabehera”.

Ikerketaren emaitza nagusia izan da gizakia, bai gaztea bai zaharra, gai dela bere bizitza pertsonaleko gertakizunen inguruan informazioa zehaztasunez gogoratzeko. Hala ere badaude aldeak gazteen eta zaharren artean eta nagusia da gazteek edadetuek baino xehetasun episodiko gehiago gogoratzen dituztela. “Gure azterketak erakusten duenez, ordea, hiru gertakizunetatik batean bakarrik zegoen aldea, azken urtekoan, hots, oroitzapen zaharrenean. Azken hileko edo azken asteko gertakizunak alderatuta, ez zen alderik atzematen, eta zaharrak gazteak bezain gai ziren gertakizunei buruzko xehetasun episodikoak emateko”, azaldu zuen Aizpuruak.

Erreferentzia bibliografikoa:
Aizpurua, A eta Koutstall, W: ‘A matter of focus: Detailed memory in the intentional autobiographical recall of older and younger adults’. Consciousness and Cognition, 2015eko urtarrila, 33. liburukia, 145-155 orrialdeak. DOI: 10.1016/j.concog.2014.12.006

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Pertsona zaharren oroimen-galera, uste baino txikiagoa.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.