Zenbat hegazti pozoitzen dituzte berunezko perdigoiek?

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Ehizan erabilitako berunezko munizioek Europako hegazti harraparien populazioetan duten eragina kalkulatu dute: batez bestean, pozoitzeek eragin dute hegazti horien populazioak %6 urriagoak izatea.

Esan ohi da gizakia dela leku batean bi aldiz irauli egiten den izaki bakarra, eta, berunaren kasuan bederen, agerikoa da hala dela. Metal hori aspalditik erabiltzen da objektu asko egiteko, erraz urtzen delako eta nahiko ugaria delako gure planetan. Pigmentuak egiteko ere oso erabilgarria izan da, Por qué los girasoles se marchitan liburuan Oskar Gonzalez kimikariak kontatzen duen moduan. Liburu berean Gonzalezek jasotzen du XVIII. mendetik aurrera berunezko perdigoiak egiteko prozesua nolakoa zen: dorre batetik, urtutako beruna botatzen zen zuloz beteriko xafla batetik pasarazita, eta, erortzean eta hoztean, berunezko tanta horiek itxura esferikoa hartzen zuten. Prozedura horren oroimena ondare arkitektonikoa geratu da, Watts dorre gisa.

Arazoa da beruna pozoitzaile indartsua dela, eta batez ere nerbio sisteman triskantza galantak eragiteko gai dela. Hala dela ezagututa ere, gaur egun perdigoi horiek erabiltzen dituzte ehiztariek, duela pare bat hamarkada berunezko gasolina erretzen zen lasaitasun berdinarekin.

beruna
1. irudia: ehizan erabilitako perdigoiek beruna dute eta honen eragin nabarmena du ehizatzen ez diren espezieen artean ere, berunak eragindako pozoitzeak direla era (Argazkia: Mohammed Ouzzaoui – erabilera libreko argazkia. Iturria: Unsplash.com)

Perdigoiak ehizatutako animalien gorputzean sartzen direnean, animalia horien haragia jaten dutenek beruna hartu dezakete ere. Gizakien kasuan, noski, arriskua askoz txikiagoa da, kontsumitu aurretik piezak garbitzen direlako. Baina agerikoa da hegazti harrapariek ez dutela hori egiten, eta, ondorioz, pozoitzeko arrisku handia dutela.

Askotarikoak izan daitezke eraginak. Pozoi gehienetan bezala, dosiaren eta jasotzailearen gorputzaren tamainaren araberakoak izango dira ondorioak. Baita gorputzean pilatzen den pozoi kopuruaren araberakoak ere. Azken honen ondorio logikoa da urte gehiago bizi diren espezie edo norbanakoetan pilatuko dela berun gehien.

Kasu larrienetan, pozoitzeek animaliaren heriotza eragin dezakete. Dosi txikiagoak jaso direnean, berriz, animalien portaeran eta fisiologian aldaketak gerta daitezke.

Beruna eta haren arrastoak

Science of the Total Environment aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batek zifretara eraman du arazoa. Orotara, Erresuma Batuko eta Alemaniako ikertzaile talde batek Europan hilda aurkitu diren 3.000 hegaztiren baino gehiagoren laginetan oinarritu da egoeraren analisia egiteko. Horietan, gibelean pilatutako berunaren datuak jaso dituzte. Espezieen arabera, saiatu dira kuantifikatzen berunak ekarri dituen ondorio kaltegarriak hegazti harraparien populazioetan.

1970eko hamarkadatik hamahiru herrialdetan jasotako laginak baliatu dituzte ikerketan. Kilometro bakoitzeko dagoen ehiztarien dentsitatearen inguruko datuekin osatu dute eredua, ahalik eta ondorio zehatzena eskuratu aldera. Horrela, ehiztari dentsitate bakoitzeko zenbat hegazti pozoituak dauden jakin ahal izan dute, eta harreman hori baliatu dute, hain zuzen, pozoitutako hegaztien datuak ez dauden eskualdeetan dauden heriotzen inpaktuak kalkulatzeko (horietan, hain zuzen, ehiztarien dentsitatea ezaguna delako).

2. irudia: Euskal Herrian aurki daitezkeen espezieen artean, arrano beltza da kalte gehien jaso duena: horien kopurua %13 urriagoa omen da berunezko perdigoien erruz. (Argazkia: Mark Van Jaarsveld – unsplash lizentziapean. Iturria: Unsplash.com)

Ikerketan atera dituzten ondorioak esanguratsuak dira faunaren kontserbazioari dagokionez. Zifra nagusietara eramanda, kalkulatu dute Europan berunak eragindako pozoitzeek 55.000 banakotan murriztu dutela hegazti helduen kopurua.

Espeziez espezieko kalkuluak egin dituzte. Horien arabera, Euskal Herrian bizi ez den itsas arrano buztanzuria (Haliaeetus albicilla) da kalte gehien jaso duen espeziea: horien populazioa %14 txikiagoa da. Ondoren datoz arrano beltza (Aquila chrysaetos) —%13 gutxitu da— eta sai arrea (Gyps fulvus) —%12—. Maila txikiagoan daude aztorea (Accipiter gentilis) —%6— eta beste hainbat espezie.

Ikertzaileek zabaldutako prentsa oharrean zapelatz arrunta (Buteo buteo) berariaz nabarmendu nahi izan dute. Horien populazioak %1,5 gutxiago direla kalkulatu dute, baina, nahiko espezie zabaldua izanda, horrek suposatzen du 22.000 zapelatz gutxiago daudela Europan.

Ohar horretan azaldu dutenez, haien zenbatespenak nahiko kontserbadoreak dira, pozoitako harrapakarien inguruko informazioa eskuratzea ez baita erraza. Arazoa are handiagoa da oso ondo ezagutzen ez diren espezie arraroagoen kasuan.

Pozoiaren bideak

Duela gutxi egindako beste ikerketa batean zientzialari talde berak kalkulatu zuen Erresuma Batuan ehizatutako faisaien (Phasianus colchicus) %99 berunezko perdigoiekin akabatutakoak direla.

Normalean sarraskijaleek dute arrisku gehien —saiak, bereziki—, baina badira ere normalean sarraskijaleak ez izanda ere, arrastoren bat eskura dutenean horiek ere jaten dituzten espezieak. Horiek ere pozoitu daitezke, noski.

Bestetik, bizirik dauden harrapakinak baino jaten ez dituzten espeziak ere ez daude guztiz libre pozoitze mota horretarik. Izan ere, gerta daiteke hegazti batek perdigoi zati bat jasotzea, baina soilik zaurituta gertatzea. Belatz edo aztore batek harrapatuz gero, perdigoi zati hori harrapakari hauetara pasa daiteke ere.

Ikertzaileen arabera, hau ez da noizbehinkako arazoa: X izpien bitartez egindako analisiek diote Erresuma Batuan bizirik dauden basa ahateen laurden batek perdigoiak dituela gorputzean.

Europan, Danimarkan eta Herbehereetan baino ez dago galarazita munizio mota hau. Espainiaren kasuan, babestutako hezeguneetan ezin da erabili. Horren zioa ez da ehizatutako animalietan perdigoiak geratzen direla, perdigoi horiek aintzira eta laku txikien hondoratuta geratzen direla baizik. Bada, hegazti askok harri txikiak jaten dituzte, harritxo horiekin arandoian digestioa aiseago egiteko. Baina, kontuan izanda hondoratutako harritxoak eta perdigoiak bereizteko modurik ez dutela, berun horrekin ere kutsatzen dira.

Ikertzaileek gogora ekarri dute perdigoietan beruna ordezkatzeko alternatibak daudela merkatuan, baina, antza, orain arte Erresuma Batuan ehiztari elkarteek hori bultzatzeko egin dituzten kanpainek ez dute batere arrakastarik izan.

Ehiztari elkarte horiek 2025ean munizio mota hori erabat alboratzea nahi dute. “Tamalez, berunezko munizioa boluntarioki alboratzeko ahaleginak antzuak izan dira orain arte”, esan du ikerketa honen egile nagusi Rhys Greenek. Erantsi du populazioen halako jaitsiera batek erantzun “irmoak” beharko lituzkeela, legedian egindako aldaketak barne.

Bai Europako Batasunean zein Erresuma Batuan berunezko munizio oro debekatzea aztertzen ari dira, bai harrapakarietan zein giza osasunean —ehizatutako haragia kontsumitzeagatik— duen eragina dela eta.

Erreferentzia bibliografikoa:

Green, R.E., Pain, D.J., Krone, O. (2022). The impact of lead poisoning from ammunition sources on raptor populations in Europe. Science of the Total Environment, 823, 154017. DOIA: https://doi.org/10.1016/j.scitotenv.2022.154017


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..