Asteon zientzia begi-bistan #350

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

nautilus

Akustika

Akustika fisikaren adarra da eta soinuak, infrasoinuak eta ultrasoinuak aztertzen ditu eredu fisiko eta matematikoen bidez. Fisikak baditu tresnak soinua bera kuantifikatzeko modu objektiboan, izan ere soinua, soinu-iturri bateko bibrazioak sortzen duen uhina da. Baina ezin du alde subjektiboa neurtu. Izan ere, soinuak badu subjektiboa den beste alde bat, jenagarritasuna (edo sortzen duen deserosotasuna), eta hori, antza, norberak soinuaz duen pertzepzioan oinarritzen da. Ainize Madariaga kazetariak landu du gaia Berrian: Zergatik dira soinuak atseginak edo jasangaitzak?

Genetika

Azeriaren ahaide hurbila da baina mapatxeekin duen antzagatik mapatxe txakurra deitu zaio. Kanidoen familiakoa da eta jatorria Ekialdeko Asian du baina XX. mendearen hasieran Errusiara ekarri zuten haren larrua erabiltzeko asmoz. Gizakiari kalte egin diezaioketen zenbait gaixotasunen ostalaria izan daiteke, horregatik, haren genoma eskuratu dute, aztertu eta hobeto ezagutzeko. Arabako Alean datuak, Juanma Gallego kazetariaren eskutik: “Mapatxe txakurraren genoma eskuratu dute“.

Astronomia

“Parsec” astronomian erabiltzen den neurri-unitatea da eta argi-urtea baino handiagoa da. Unitate hori honela definitzen da: Lurraren orbitaren batez besteko erradioak arku-segundo bateko angelua hartzen duen distantzia. Adiera hertsian, unitate astronomiko batek (UA) arku-segundo bateko angelua (1 µ) igotzen duen distantzia da parseca. Horren haritik tiraka egin du asteon César Tomé dibulgatzaileak “Paralaxiaz” artikuluan.

Geologia

Nautilus izena jarri zion Jules Verne idazle frantsesak “Hogei mila legoako bidaia itsaspetik” eta “Irla misteriotsua” eleberrietan agertzen den fikziozko itsaspekoari. Nautilus hitza grekotik dator eta marinela esan nahi du, eta molusku zefalopodoen genero bat izendatzen du. Egun, 3 bat espezie bizi dira. Amoniteak, esaterako, desagertutako molusku zefalopodoen azpimota bat dira eta Mutrikun amonite erraldoi fosilen etxea zabaldu dute, Nautilus. Bertan tailerrak eta bestelako ekintzak gauzatuko dituzte ondare geologikoaren transmisioa bermatzeko. Ane Insausti kazetariak azaldu digu Berrian: “Amonite erraldoiek etxea“.

Martin Ladrón de Guevara ikertzailea elkarrizketatu dute Unibertsitatea.net atarian. Martinek Kretazeo garaiko Euskokantauriar arroaren zabaltzeari loturiko prozesu hidrotermalak ikertzen dihardu EHUko Geologia Sailean. Egun, Andoainen hasi eta Oiartzun ekialdera arte iristen den zonaldean ari da lanean. Haren ikerketaren xehetasun guztiak elkarrizketan: “Hiperluzaturiko arroen ikerketa pil-pilean dagoen gaia da; kontinenteen apurketa ulertzeko modu berritzaile bat aurkezten du“.

Mikrobiologia

Leku itxien aireztapenaren garrantziaz ohartu gara azken hilabeteotan. Besteak beste, airean esekita gelditzen diren aerosolen ondorio kaltegarriak saihesteko. Eta kontu berria badirudi ere, 1975. urtean Charles P. Gerba mikrobiologoaren ikerketak agerian utzi zuen komuneko ponpa tiratu ondoren sortzen den zipriztin gandorrak bi metroko distantziaraino sakabanatzen den bioaerosola eratzen duela. Josu Lopez-Gazpio kimikariak gairen inguruko gogoetak ekarri dizkigu asteon: “Tronuko gogoeten gogoetak“.

Afrikako hominidoaren ahoko mikrobiomaren eboluzioa aztertu du ikerketa-talde batek, azken 100 000 urteetako gizakien eta neandertalen hortzetako biofilmak txinpantze, gorila eta tximino orrolarienekin konparatuz. Ikerketaren datuak Aitziber Agirreren eskutik Elhuyar aldizkarian: Giza ahoko mikrobiomaren eboluzioa ikertu dute.

Osasuna

Elhuyar aldizkariak Ana Galarragak jakitera eman digu, etorkizuneko pandemiei aurre hartzeko estrategia aurkeztu duela OMEren lantalde independente batek. Adituek bi multzotan aurkeztu dituzte gomendioak. Alde batetik, berehalako gomendio batzuk COVID-19aren kutsatze-arriskua murrizteko. Bestalde, nazioarteko prestakuntza- eta pandemien aurrean erantzun-sistema eraldatuko dituzten gomendioak, etorkizunean gaixotasun infekziosoen agerraldia pandemia bihur ez dadin.

Ekologia

Basque Centre for Climate Change – BC3 zentroak adimen artifiziala erabiliz, naturaren balioa eta ekosistemek gizakien ongizatean duen eragina neurtzeko kode irekiko teknologia bat garatu du. Aries du izena plataformak eta kapital naturala neurtzeko nazioarteko estandarra dela azaldu du Ferdinando Villa ikertzaileak. Hainbat herrialdetan erabiltzen den baliabide honen nondiko-norakoak jorratu ditu Jakes Goikoetxeak Berrian: Naturaren ekarpena eta balioa zenbatzeko tresna.

1995. urtean FAOk Arrantza Arduratsurako Jokabide Kodea onartu zuen eta handik hogeita bost urtera, arrantza- eta akuikultura-baliabideak arduraz erabiltzearen garrantzia onartu eta lehenetsi da. Kodeak nazioarteko tresna, politika eta programen garapenari buruzko informazioa eskaintzen du, mundu mailan, eskualde mailan eta nazio mailan kudeaketa ahalegin arduratsuak bultzatzeko. FAOren txostena oinarri hartuta Juan Ignacio Pérez biologoak munduko akuikultura ekoizpenari so egin dio “Arrantza eta akuikultura munduan” artikuluan.

Adimen artifiziala

Stanfordeko Unibertsitateko ikertzaile talde batek “idazketa mentala” deskodetu eta testu bihurtzeko software bat garatu du. Honen bidez, lepotik behera paralisia duen pertsona batek, letra edo sinbolo bat idazten zuela imajinatzen zuen bitartean, bere garunean ezarritako sentsoreek jarduera elektrikoaren ereduak hauteman zituzten, eta algoritmo batek interpretatu zituen ordenagailuko pantailan idatziz letrok. Egoitz Etxebestek kontatu du Elhuyar aldizkarian: Eskuz idaztea, garunetik ordenagailura.

Fisika

Argiaren Nazioarteko Eguna da gaur, maiatzaren 16a. 2015. urtea Argiaren Nazioarteko Urtea izan ondoren, izendatu zuen UNESCOk gaurko eguna argiaren aurrerapenek eta ekarpenek gizakien bizitzaren eremu eta alderdi guztietan duten garrantzia ezagutarazteko. Izan ere, argia ezinbestekoa da bizitzarako, gizakion ongizaterako eta zientzia zein teknologiaren garapenerako. Elhuyar aldizkarian Simone Eizagirre Barkerren eskutik: Argiaren nazioarteko eguna: argitasunari eusteko ospakizuna.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz:

Uxune Martinez (@UxuneM), Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude