Polizia eleberri baten tankerako iraungitzea

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Duela 252 milioi urte gure planetaren historiako azken 500 milioi urteetako iraungitze masiborik handiena gertatu zen: muga permo-triasiarraren iraungipena. Milioi bat urtean baino gutxiagoan, Lurrean zeuden espezieen % 95 inguru desagertu ziren.

Itsaso eta ozeanoetan bizi ziren trilobite espezie guztiak desagertu ziren, baso zingiratsu erraldoiak osatzen zituzten iratze eta konifero erraldoien espezie ugari iraungi ziren, eta lur solidoan nagusi ziren narrasti eta sinapsido espezieen % 70 baino gehiago desagertu ziren; sinapsidoak egungo ugaztunen talde aitzindaria ziren. Horregatik, iraungipen horri “Iraungitze masiboa” deitzen zaio, eta planetaren eboluzioaren historian inflexio puntu hain garrantzitsutzat hartzen denez, gertakari horrek Paleozoikoaren amaiera eta Mesozoikoaren hasiera markatzen du.

Poetiko jarrita, ia esan genezake apokalipsi biotiko bat izan zela, eta haren ondoren, kontagailu ebolutiboa ia zeron jarri zela. Zorionez, bizitzak beti egiten du aurrera, eta, permo-triasiarreko iraungipena gainditu badu, aurretik jartzen zaion ia edozer jasan dezake.

iraungitze masiboa
1. irudia: Sinapsido baten ilustrazioa. Sinapsidoak ugaztunen talde aitzindaria izan zen, Permiarraren amaierakoa eta espezieen % 70 baino gehiago desagertu ziren iraungitze masiboa zela eta. (Ilustrazioa: U. Kikutani)

Hainbat arrazoi aipatzen dira iraungitze biotiko hori azaltzen saiatzeko. Alde batetik, gaur egungo Siberian, sekulako metakin bolkaniko batzuk daude, siberiar trappak izenekoak; Permiarraren amaieran izandako segidako erupzioen ondorioz eratu ziren. Erupzio erraldoi horiek berotegi efektuko gas tonak askatu zituzten atmosferara, eta gas horiek berehala estali zuten mundu osoa; ondorioz, berotze global handia eragin zuten, eta berotze horrek Lurra benetan kiskali zuen.

Bestalde, itsaso eta ozeanoetan, uretan disolbatutako oxigeno mailaren jaitsiera orokorra gertatu zen, eta horrek baldintza anaerobioak eragin zituen hondoan. Ondorioz, hidrogeno sulfuro kantitate izugarriak askatu ziren atmosferara; gas hori kaltegarria da biotarentzat, eta, gainera, ozono geruzari erasateko gai da. Horrez gain, desizoztu egin ziren ozeano hondoetako sedimentuetan lurperatuta zeuden metano hidratoen biltegiak, eta horren ondorioz, berotegi efektuko gas horren tonak eta tonak askatu ziren atmosferara.

Azkenik, Antartikan krater meteoritiko bat aurkitu denez, berriki esaten da, Permiarraren amaieran gorputz estralurtar batek talka egin izan zezakeela; alabaina, hipotesi hori ikertzen ari dira oraindik, eta aurkikuntza horren denbora datazio zehatzagoa egin behar da.

Orient-Expresseko Hilketa eta iraungitze masiboa

Baina orain dator onena. Erne, spoiler batzuk egingo ditut. 1934an, Agatha Christie idazle britainiarrak bere lanik ospetsuenetako bat argitaratu zuen: Orient-Expresseko Hilketa. Eleberri honetan, mundu osoan gehien miresten den detektibe belgikarrak, Hércules Poirotek, tren ospetsu honen bidaia batean gertatutako hilketa argitu beharko du. Izan ere, bidaia horretan negozio gizon estatubatuar ezagun bat hil dute. Baina, elur jausi baten ondorioz, trenak ezin du aurrera jarraitu, eta erreskatatu arte itxaroten duten bitartean, detektibeak hiltzailea aurkitu beharko du.

Orain artikulu hau irakurtzeari utzi behar diozue, eleberria ezagutzen ez baduzue, amaiera kontatuko baitizuet. Poirotek deskubrituko du bidaiari guztiak direla hiltzaileak; izan ere, beren artean harreman bat dute, bai eta biktima akabatzeko arrazoi bat ere; hortaz, guztien artean hil zuten, banan-banan sastakatuta.

iraungitze masiboa
2. irudia: Putoranako goi lautada, siberiar trappen barruan, arroka bolkanikoen pilaketaz osatua. (Argazkia: jxandreani – CC BY 2.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Eta Permiarraren amaieran antzeko zerbait gertatu bide zen gure planetan. Arestian deskribatu dizkizuedan kausak, bakoitza bere aldetik, ez lirateke aski izango gure planetako espezieen % 95 inguru desagerrarazteko. Baina denak batera eta modu konbinatuan, bai. Erupzio bolkanikoek berotegi efektu orokorra eragingo lukete planeta osoan, eta, horren eraginez, igo egingo litzateke itsasoko uraren tenperatura; horrek berekin ekarriko luke itsas hondoan baldintza anoxikoak sortzea; ondorioz, hidrogeno sulfuroa sortuko litzateke, eta metano hidratoak desizoztu. Bi gas horiek, atmosferara askatu ondoren, berotegi efektua areagotuko lukete, eta, ondorioz, berotze globalerako baldintzak atzeraelikatu egingo lirateke. Talka estralurtarraren hipotesiak ere tokia izango luke joko horretan, kolpe horrek eragindako talka uhinek Siberiako bolkanismoa eragin izan baitzezaketen. Hipotesi horrek lotu egiten ditu permo-triasiarreko iraungipenaren balizko kausak, bata bestearen abiarazle gisa, eta hori dela eta, hipotesi horri “Orient-Expresseko Hilketaren Efektua” deitzen zaio, Agatha Christieren eleberri handiaren omenez.

Ikus dezakezuenez, geologian beti gustatu izan zaigu herri kulturari omenaldia egitea, eta, beraz, aurkitzen ditugun gauzei horrelako izenak jartzen dizkiegu. Eta hipotesi hori oraindik aztertzen ari diren arren, izena oso egokia da, berez azaltzen baitu gure planetan gertatu izan zitekeena duela 252 milioi urte, gure historiako krisi biotiko handienean.


Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..