Kriptako istorio geologikoak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Silent Hill bideo jokoen sagak berorren giroa du bereizgarri nagusi. Survival horror generoko bideo joko guztietan ohikoa den giro psikologikoki zapaltzaile hori sortzeko, hauetan, laino lodi batek estalitako herri batean galduta gaude, eta ezin dugu bereizi metro gutxira daukaguna telefono zutoin bat edo gu besarkatzeko asmorik ez duen izaki beldurgarri bat den. 2006an Silent Hill zinemara eraman zutenean, filma egin zuen talde teknikoak apur bat aldatu zuen jatorrizko istorioa; hala, protagonista herri fantasma batean galduta dago, baina oraingoan errauts euri mehe bat erortzen da etengabe eta guztia mantu grisaxka batez biltzen du. Filmean, benetako gertaeretan oinarritutako azalpen bat ematen diote horri eta, sinesgaitza dirudien arren, oinarri geologiko bat du, ezin zuen bestela izan.

geologikoak
1. irudia: Centralia herrira (Pennsylvania) sartzeko errepidearen xehetasuna. Hainbat zartadura ikus daitezke errepidean, eta lurrazpiko ikatzaren errekuntzak eragindako kea darie. (Argazkia: JohnDS – erabilera libreko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)

Horretarako, Pennsylvaniako (Estatu Batuak) herri txiki bukoliko batera bidaiatu behar dugu, Centraliara. XIX. mendearen erdialdean sortu zen, inguru osoan hainbat ikatz hobi garrantzitsu aurkitu ondoren. Material hori erauzten zuen meatzaritza industria izan zen herriaren bultzada ekonomiko nagusia. Baina, 1960ko hamarkadaren hasieran, dena amesgaizto bihurtu zen, beldurrezko bideo jokoen sarreretan beti gertatu ohi den moduan. Meategi zaharretako batean sutea gertatu zen, ikatzaren gainazaleko zain batera heldu zen eta sua kontrolik gabe zabaldu zen hiriaren azpian zulatutako meatze guztietan. Zoruan zabaldutako pitzadurek harrapatzen zuten guztia irensten zuten, gasolindegiko lurrazpiko erregai deposituak hartutako tenperaturak eztanda izugarriak iragartzen zituen, eta gas toxikoak, kea eta hiri osoa estaltzen hasi zen errauts euri etengabe bat sortu ziren. Hainbatetan saiatu ziren sutea itzaltzen, baina ez zuten lortu; izan ere, lur azpian ikatza badago, sua kontrolaezina izango da hainbat hamarkadaz, baita hainbat mendez ere. Gaur egun, Centralia herri fantasma bat da, eta biztanle gutxi batzuk soilik bizi dira han.

geologikoak
2. irudia: Birminghamgo San Andrew Elizako hilerriaren ondoan dagoen kartel turistikoa. Hau dio testuak: San Andrew Elizaren azpiko ikatza oso lurrunkorra zen. Ohikoa zen ikatza lur azpian erretzen hastea eta hilerrian kea eta sugarrak aireratzea. «Infernuko suak» ziruditen. (Argazkia: Marta Pascual)

Oinarri geologikoko argi txakurrak

Orain, kontinentez aldatuko gara, antzeko istorio nahiko tetriko bat ezagutzeko. Horretarako, Ingalaterrako Birmingham hirira joan behar dugu; Erresuma Batuko bigarren hiri jendetsuena da, eta hantxe sortu zen Industria Iraultza XVIII. mendearen erdialdean, ikatz metaketa ugariko eremu batean baitago. Hiriaren kanpoaldean muino txiki bat dago, eta haren gailurrean San Andrew Eliza eraiki zuten, baita hilerri bat ere, lurrean zulatutako hilobiz eta harrizko hilarriz josia. Muino horretako ikatza oso aberatsa da gas sukoietan, eta gasok ia gainazaleraino azaleratzen dira, hainbesteraino ezen tximista bat erortzeak sutea eragin baitezake. Eta errekuntzaren ondorioz sortzen diren gasak, kea eta sugarrak hilarrien artean ateratzen dira azalera. Jakina, Birminghameko duela pare bat mendeko biztanleek infernuko ateetan zeudela pentsatuko zuten, seguruenik, hori ikustean. Han, edo Resident Evil bideo jokoko Racoon City hirian.

geologikoak
3. irudia: Garai Karboniferoaren amaierako iratze zuhaizkaraz, likopodioz, azeri buztanez eta koniferoz inguratutako eremu zingiratsu baten irudia. (Ilustrazioa: Sergey Krasovskiy)

Baina Estatu Batuetako eta Britainia Handiko ikatz metaketa horien arteko lotura ez da anekdota beldurgarri huts bat. Ikatza jatorri organikoko harri sedimentario bat da, zingira eta estuario inguruetan metatu edo lurperatu eta oxigenorik gabe deskonposatu diren landare hondakin kontinentalez osatua. Milioika urte igaro ondoren, eta lurperatzeak trinkotu duelako, materia organiko hori kontsolidatu egiten da, eta harri sedimentarioak sortzen dira. Harriok karbonoz osatuta daude nagusiki, eta gai dira energia sortzeko errekuntza bidez; horregatik, erregai fosil gisa erabiltzen dira duela milaka urtetatik. Paleozoikoaren amaieran, duela 359 eta 299 milioi urte bitarteko periodo geologiko batean, gure planetako zingira eta itsasertzetan bizi ziren landareen hondakinekin sortu dira ikatz biltegi nagusiak. Eta Britainia Handiko bi geologok eman zioten izena periodo horri, XIX. mendearen hasieran, beren lurraldean azaleratzen ziren harriak aztertuz. Hala, bestela izan ezin zuenez, Karbonifero deitu zioten, latinez, «ikatz eramailea». Izan ere, geologian guztia azpisailkatzeko dagoen tradizioarekin jarraituz, Estatu Batuetan bi zatitan banatu zuten periodo Karboniferoa eta, haren azken zatiari (duela 323 eta 299 milioi urte bitartean) Pennsylvaniar izena eman zioten, Pennsylvaniako estatuaren omenez, inguru horretako ikatz metaketa ugariagatik. Eta Birmingham eta Centralia hiriak are gehiago lotzeko, esan behar da periodo Karboniferoaren amaieran Ipar Amerika eta Britainiar Uharteak masa kontinental beraren parte zirela. Laurasia izeneko lurralde horretan, klima subtropikal batean, zingira zabalak inguratzen zituzten landare masa izugarriak sortu ziren eta, milioika urte geroago, bi herrialdeetan ustiatzen diren ikatz metaketak eragin zituzten.

Ez da beti erraza ikustea, baina geologiak erabateko eragina du gure joera kultural guztian, gauden garaia edozein dela ere. Hala, bitxikeria geologiko bat berdin bihurtu daiteke deabruzko kondaira bat zein bideo joko batean oinarritutako film baten beldurrezko girotzea egiteko inspirazioa. Horren guztiaren jatorri zientifikoa bilatzea da dibertigarriena.


Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.


Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2022ko ekainaren 23an: Historias (geológicas) de la cripta

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.