Sukarra: ulertu gabea, ospe txarrekoa eta mitoz inguratua

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Giza gorputza sistema biologiko oso konplexu bat da eta defentsa mekanismo ugari ditu, helburu nagusi bat betetzen dutenak: gu bizirik mantentzea. Hala ere, ez ditugu gure organismoan gertatzen diren erreakzio fisiologiko guztiak behar bezala ulertzen. Sukarra, esate baterako, duen fama txarragatik nabarmentzen da ia mundu osoan, baita harekin lotzen diren mito anitzengatik ere –horien ondorioz, okerreko osasun praktikak egiten dira hari aurre egiteko–.

Gurasoak dira, bereziki hasi berriak, sukarrarekin gehien izutzen direnak beren haurrei eragiten dienean, haien bizitza arriskuan jartzen duela uste baitute. Arrastoan sartzeko asmoz, guraso askok beren seme-alabei sukarraren kontrako botikak ematen dizkiete, baina horiek ere badute kontrako ondoriorik. Hain zuzen ere, Estatu Batuetan egin berri den inkesta nazional baten arabera, hiru gurasotik batek, arrazoirik gabe, sukarra arintzeko botikak ematen dizkie bere seme-alabei. Hori ez da fenomeno bakana. Beste herrialde askotan ere, besteak beste, Espainian, gurasoek sarritan eskatzen dizkiete sukarraren kontrako tratamenduak pediatrei edo farmazialariei, beldur irrazional batek bultzatuta.

Sukarra
Irudia: hainbat azterlan zientifikoren bidez sukarraren onurak hobeto ezagutu ahala, gero eta argiago gelditzen ari da hura kosta ahala kosta jaisten saiatzea kalterako izan daitekeela. (Argazkia: Matteo Fusco – Unsplash lizentziapean. Iturria: Unsplash.com)

Ia kasu guztietan, sukarra infekzioen (sarritan, birusek eta bakterioek eraginak) aurkako defentsa erreakzio natural bat da. Gorputzaren termostatoari (hipotalamoari) esker, gorputzaren tenperatura zehaztasun handiz igotzen da, immunitate sistemari agente patogenoak suntsitzen laguntzeko eta haiek ugaldu daitezen eragozteko. Bestela esanda, sukarra ez da etsaia, aliatua baizik. Noski, sukarra izatea ez da atsegina, ondoez orokorra eta ahulezia eragin ditzake eta. Infekzio prozesua laburtzeagatik eta mikroorganismo inbaditzaileari aurre egiteko aukera gehiago izateagatik ordaindu beharreko prezioa da.

Hainbat azterlan zientifikoren bidez sukarraren onurak hobeto ezagutu ahala, gero eta argiago gelditzen ari da hura kosta ahala kosta jaisten saiatzea kalterako izan daitekeela. Horregatik, medikuntzan gero eta ohikoagoa da sukarra beharrezkoa denean bakarrik tratatzea, handiegia delako edo pertsonari sufrimendu nabarmena eragiten diolako, adibidez. Bestela esanda, pertsona tratatu behar da, ez termometroa. Horren harira, zenbait osasun erakundek, tartean, Espainiako Pediatria Elkarteak, Mayo Klinikak eta Erresuma Batuko Osasun eta Arreta Bikaintasunerako Institutu Nazionalak kasu puntualetan baino ez dute gomendatzen sukarrari aurre egitea.

Sukarraren inguruko mitorik nabarmenenak

1. mitoa: sukarra arriskutsua da, kalte zerebrala ez ezik, heriotza ere eragin baitezake.

Hori ez da horrela sukarra duten ia paziente guztietan. Prozesu horrek garuneko lesio larri eta itzulezinak eragin ahal izateko, gorputzaren tenperatura 42 °C-tik gora igo beharko litzateke (hainbat proteina desnaturalizatzeko). Sukar handia dagoen kasu horietan gomendatzen da sukarraren kontrako botikekin jaistea, baina, normalean, hori ez da gertatzen.

2. mitoa: sukarrak konbultsio larriak eragiten dizkie haurrei, eta tratatu egin behar da horiek ager ez daitezen.

Guraso askok sekulako beldurra diete adingabe batzuek infekzio prozesuetan izan ditzaketen konbultsioei, alarma seinaletzat hartzen baitituzte. Kasu horietan, ordea, konbultsioak ez dira alarma seinaleak: arinak izaten dira eta, gainera, ez dute zerikusirik gorputzaren tenperaturarekin. Are gehiago, konbultsioak ohikoagoak dira sukar baxuekin, eta sukarraren kontrako botikek ez dituzte eragozten.

3. mitoa: sukarra bainuak, oihal hotzak eta bestelako neurri fisikoak erabiliz edo haurrak biluztuz jaitsi behar da.

Erakunde mediko askok baliabide horiek saihestea aholkatzen dute. Ekintza horiek alferrikakoak izaten dira gorputzaren tenperatura jaisteko, eta, batzuetan, igo ere egin dezakete, larruazaleko odol hodiak uzkurtu egiten baitira.

Sukarra alarma seinale badenean

Berez, sukarra prozesu normal bat da gaixotasun infekzioso batean. Dena den, batzuetan, seinale horrek zerbait ondo ez doala adieraz dezake. Ondorengo kasuetan, sukarrak kezkatu egin beharko gintuzke, eta medikuarenera joan beharko genuke haren atzean zer dagoen jakiteko:

Sukarraren jatorria ezagutzen ez dugunean.

Hiru astean baino gehiagoan sukarra izatea, dela etengabe, dela aldizka, gaixotasun infekzioso baten ageriko zantzurik gabe, pisuzko arrazoia da medikuarenera joateko.

Edozein pertsonak 40 °C-tik gorako sukarra duenean edo haur baten sukarrak hiru egun edo gehiago irauten duenean.

Kasu horietan, berehala joan behar dugu kontsultara, medikuak tratamendu egokia ezartzeko.

3 hilabetetik beherako haurtxo batek sukarra duenean.

Berehala joan behar dugu Larrialdietara, hain adin txikiko haur bati sukarra zerk eragin dion jakiteko.

Horiez gain, badira beste alarma seinale batzuk, sukarrarekin batera ager daitezkeenak eta Larrialdietara azkar joatea justifikatzen dutenak. Hauek dira seinale horietako batzuk: garondo zurruntasuna (meningitisaren susmoa), buru nahasmendua, larruazaleko orbanak edo kolore zurbil-grisaxka, arnasa hartzeko zailtasuna, okada etengabeak eta mina pixa egiterakoan edo gernu kantitate murriztua. Bestela esanda, sukarra duen pertsona batek medikuarenera joan behar duen ala ez erabakitzeko orduan, termometroak markatzen duenarekin itsutu ordez, pertsonaren egoeran jarri beharko genuke arreta.


Egileaz:

Esther Samper (@Shora) medikua da, Ehunen Ingeniaritza Kardiobaskularrean doktorea eta zientzia-dibulgatzailea.


Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko martxoaren 13an: La fiebre: incomprendida, con mala fama y rodeada de mitos

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.