Ariketa fisikoak osasunean dituen onurak: zein, zenbat, nola eta noiz? V. Odoleko glukosaren kontrola eta diabetesa

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Odoleko glukosa maila hertsiki kontrolatu behar den parametroa da, bestela gure bizi-itxaropena laburtu dezaketen zenbait patologia gerta daitezkeelako. Diabetesa (diabetes mellitus) odoleko glukosa mailaren handitzea dakarren gaixotasun kronikoa da. Gizentasunaren eta bizi-itxaropenaren gehitzeak gaitz honen intzidentzia igoarazi du eta gaur egun, munduan gutxi gorabehera 350 milioi gizaki daude diabetesak jota.

Bi dira diabetes mota nagusiak.

1 motako diabetesa gaixotasun autoimmune bat da. Normalean gazteetan diagnostikatzen da eta tratamenduan halabeharrez erabili behar da intsulina, pankreak ez baitu intsulinarik sintetizatzen. Diabetikoen %5 eta %10 artean 1 motako diabetikoak dira.

Ez dirudi ariketa fisikoak 1 motako diabetesaren prebentzioan eragina izan dezakeenik. Tratamenduari dagokionez, zenbait zientzia-argitalpenetan ikusi da ariketa fisiko erregularrak, ez duela kontrol gluzemikoaren hobekuntza eragiten, intsulinaren beharra murrizten badu ere. Hau gertatzen da glukosaren mailaren kontrola ez dagoelako faktore bakarraren menpe eta karbohidratoek, ariketa fisiko motak eta intsulina dosiek eragina izan dezakete glukosaren kontrolean.

Kasu gehienetan, hipogluzemia izaten da kirol-praktika mugatzen duen arrazoi nagusia. Dena den, aurreko sarreretan esan genuen bezala, ariketa fisikoak bihotz eta odol-hodiak, pisu-kontrola eta sistema muskulu-eskeletikoa bezalakoetan ere onurak eragin ditzake, eta beraz, 1 motatako diabetikoek ere bere adin eta egoerari egokitutako gomendioak bete beharko lituzkete. Are gehiago, nahiz eta hasiera batean 1 motako diabetesa norberaren kirol-praktikara egokitzea zaila izan, diabetikoek ere lehiaketako eta goi mailako kirola egin dezakete. Honen inguruan azpimarratu beharrekoa da gaur egun 1 motako diabetesa duten txirrindulariz osatutako talde profesional bat dagoela.

glukosa eta diabetesa 1
1. irudia: 1 motako diabetikoz osatutako txirrindulari talde profesionala.

2 motako diabetesa, gehienetan helduetan diagnostikatzen da eta maiz obesitateari lotuta dago. Kasu honetan, intsulina mailak normalak izan daitezke, baina ez beti. Tratamendu farmakologikoaz gain bizi-ohituren aldaketek onura nabariak eragiten dituzte. Diabetes mota honetan ariketa fisikoa gaixotasuna prebenitzeko eta kontrolatzeko oso ohitura egokia da. Oro har, ariketa fisikoak, intsulinarekiko sentsibilitatea hobetuko du 2 motako diabetesean, gluzemiaren jaitsiera eraginez.

Jarduera fisikoaren eragina glukosaren garraioan

Jarduera fisikoak, intsulinaren antzeko eragina du muskulu aktiboetan. Hain zuzen ere, glukosa-garraiatzailea zelula barrutik mintzera eraman dezake. Horrela, jarduera fisikoak glukosa zelula barrura sartzea ahalbideratzen du (irudian ikus daiteke molekula mailako mekanismoa). Eragin honek bere horretan jarraitzen du jarduera ondoko lehen orduetan, eta beraz, baliagarria da odoleko glukosa maila kontrolatzeko.

glukosa eta diabetesa 2
2. irudia: Jarduera fisikoaren eta intsulinaren eragina glukosaren mintz-garraioan.

Ariketaren gomendioak 2 motako diabetesaren prebentzioan eta tratamenduan

Gizaki gizenetan pisu-galera 2 motako diabetesa prebenitzeko faktore garrantzitsua da eta horretarako ezinbestekoa da dietaren kontrola. Dena den, pisu-galerarik eragiten ez duenean ere ariketa fisikoak diabetesaren intzidentzia murriztu dezake lagun gizenetan.

Antzekoak dira 2 motako diabetesa prebenitzeko ematen diren aholkuak eta populazio orokorrak bihotz eta odol hodietako patologien prebentziorako bete beharrekoak: 150 minutuko ariketa aerobiko ertaina astean (30 minutu, 5 aldiz), edo 75 minutuko ariketa aerobiko kementsua astean (25 minutu 3 aldiz). Halaber, indarra mantentzeko/garatzeko ariketak egin behar dira 2 edo 3 aldiz astean. Pisua ere galdu nahi izatekotan, ariketa luzeagoak egin beharko dira, aldez aurretik aipatu diren denborak bikoiztuz. Ariketa fisiko kementsua soilik sasoi fisiko kardiobaskular ona dutenek egin beharko lukete.

Ariketa eredu hauek ere baliagarriak dira jada diabetesa duten lagunen tratamendurako.

Ikertzaileek frogatu dute ariketa aerobikoek eta indarra lantzeko ariketek hobera eraman ditzaketela epe laburreko eta luzeko odoleko glukosaren kontrola eta intsulinaren ekintza. Bestalde, ariketa hauek laguntza ematen diete diabetikoei bihotz eta odol-hodietako gaitzak izateko arriskua murrizten. Emaitza hobeak lortzen dira beti ere indarra lantzeko jarduerak eta jarduera aerobikoak elkartzen direnean.

Diabetikoek hartu behar dituzten neurriak

Diabetiko guztiek zenbait neurri hartu berezi jarraitu behar dituzte ariketa fisikoa egiten dutenean:

  • Egin behar den ariketa fisikoaren iraupen eta intentsitatera egokitu behar dituzte diabetesaren aurkako intsulina edo botika antidiabetikoen dosiak eta hartzen diren karbohidratoak. Horretarako, endokrinologoaren balorazioa eta aholkua beharko lukete.
  • Jarduera Fisikoa egiten denean azukrea edo azukredun jakiak aldean eraman beharko lituzkete, intsulinaren eta ariketa fisikoaren eragin gehigarrien ondorioz, odoleko glukosa maila baxuegia izan daitekeelako (hipogluzemia).
  • Gluzemiaren kontrol zorrotza zehatza egin behar da hipergluzemia edo hipogluzemia saihesteko.
  • Likido kantitate egokiak hartu behar dira, diabetikoetan odol-zirkulazioaren asaldurak gertatzeko arriskua baitago eta hidratazio txar batek arazoa areagotu dezake.
  • Hasieran jardueraren intentsitatea pixkanaka handitu eta, bukatzerakoan ere, ez da jarduera bat-batean gelditu behar. Horrela, ekidin egingo dira gluzemiaren asaldurak
  • Oinen zainketa berezia. Diabetikoek oinetan zauriak pairatzeko arrisku handia dute. Arreta berezia behar da galtzerdiak eta oinetakoak aukeratzen, bai eta oinak ondo hidratatzen eta bukatzerakoan ondo lehortzen. Hala ere, zauriak gertatzen badira ahal eta azkarren tratatu behar dira.
glukosa eta diabetesa 3
3. irudia: Odoleko glukosaren kontrola garrantzitsua da diabetikoetan.

Laburbilduz, esan daiteke ariketa fisikoa oso gomendagarria dela diabetesa duten gizakientzat, baina diabetikoek zenbait neurri hartu beharko dituzte ahalik eta etekin onena atera eta eragin kaltegarriak ekiditeko.


Egileez:

Jon Irazusta Astiazaran, () UPV/EHUko Fisiologiako irakaslea da eta Ihintza Larrañaga Unanue, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Endokrinologia eta Nutrizio Zerbitzuko mediku egoiliarra da.


Ariketa fisikoari buruzko artikulu-sorta:

  1. Ariketa fisikoak osasunean dituen onurak: zein, zenbat, nola eta noiz? I. Oinarriak.
  2. Ariketa fisikoak osasunean dituen onurak: zein, zenbat, nola eta noiz? II. Bihotz eta odol-hodien sistema.
  3. Ariketa fisikoak osasunean dituen onurak: zein, zenbat nola eta noiz? III. Gorputzaren osaera eta pisuaren kontrola.
  4. Ariketa fisikoak osasunean dituen onurak: zein, zenbat, nola eta noiz? IV. Giharrak eta hezurrak.
  5. Ariketa fisikoak osasunean dituen onurak: zein, zenbat, nola eta noiz? V. Odoleko glukosaren kontrola eta diabetesa.
  6. Ariketa fisikoak osasunean dituen onurak: zein, zenbat, nola eta noiz? VI. Arnas aparatua eta bere patologia.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.