Eguraldiak lagunduta, urpekaritza egitera goaz gaur. Jantzi neoprenoa, hartu hornidura eta, uretako betaurrekoak ahaztu barik, urpera!
Normalean, gure kostaldean, txibiak, olagarroak, ikaraioak eta baita ataloak ere ikus ditzakegu urpean. Baina gu ez gatoz honetara. Armiarmak ikustera gatoz gu. Bai. Armiarmak. Urpean. Eta bai. Armiarmak. Pluralean. Batek baino gehiagok baitu urpean ibiltzeko gaitasuna. Ibili baino, igeri-edo.
Armiarma lurtarrentzat urperatzeak kostu handia dakar: tenperatura-jaitsiera handia dago, jateko modurik ez da izaten, harrapari ugari dago… Eta, noski airerik ez dago. Eta armiarmek ez dute brankiarik. Urpean ibiltzeko, beraz, estrategia bereziak garatu behar izan dituzte. Gizakiok bezala.
Airezko neoprenoa sortzen dute batzuek…
Zer eta iletsua izatea baliatuta, batzuek. Trechalea extensa armiarma tropikala dugu protagonista istorio honetan. Zehazki, guretzat Tretxa izena izango duen indibiduoa, zientzialariek indibiduo batean baino ez baitute ikusi jokabide hau.
Tretxa gaixoa traumatizatuta lortu dute zientzialariek esklusiba, paparazzi okerrenen modura. Kontua da gure Tretxa lasai asko zegoela errekatxo baten ondoan zegoen harkaitz batean, bere jaioterria den Costa Rican. Zientzialariak heldu ziren orduan, dena aztertzeko duten grinarekin eta Tretxa harrapatzen saiatu ziren.
Normala den moduan, gure Tretxa ikaratu egin zen eta ihesari ekin zion. Nora eta ur azpira. Di-da batean ur azpian 25 zentimetro ingurura zegoen harri baten azpian ezkutatu zen. Zenbat denbora eman zuela uste duzue? Minutu bat? Bost minutu? Hamar? Ezta hurrik eman ere. 32 minutu egon zen gure Tretxa ur azpian bizitza salbatu nahian.
Baina airea behar eta uretatik atera behar izan zen. Finago ibili ziren zientzialariak orduan eta gure Tretxa gaixoa harrapatzea lortu zuten. Abentura osoa, dena den, bideoan grabatu zuten eta zenbait argazki ere atera zituzten.
Material horri esker armiarmaren murgilaldia analizatu ahal izan dute zientzialariek. Egin dituzten behaketen arabera, dituen ile lodiei zor die Trexak urpean egoteko duen gaitasuna. Bai, bai. Gorputzean dituen ileei esker. Depilazioa planteatu ere ez, gure Tretxak.
Ile hauek, egia esan, ez dira ileak. Ile moduko egiturak dira, gorputzean zehar banatuta dituenak. Egitura horiek egiten dutena zera da: aire-geruza bat harrapatzen dute armiarmaren inguruan, gorputz osoan neoprenoa jantziko balu bezala.
Ikertzaileen ikuspegia zuzena bada, armiarma ez da bustiko eta bero galera handia eragotziko du horrela. Honetaz gain, zientzialarien ustez, armiarmaren arnas-aparatua airez inguratuta (eta, beraz, uretatik babestuta) geratuko litzateke.
Ez hori bakarrik, armiarmen metabolismo tasa baxua kontuan izanda, posible litzateke aire geruzak ahalbidetzea urpean dagoen bitartean oxigenoa kontsumitzea. Are gehiago, urpean tenperatura baxuagoa denez gero, armiarmaren metabolismoa ere motelduko litzateke eta, ondorioz, oxigeno-beharrak are gehiago murriztuko lirateke. Ondorioa badakizue: ordu erdi urpean inongo hornidurarik gabe.
Eta hori guztia depilatzen ez dituen ileek duten fobiari esker; hidrofobiari esker, hain justu.
Eskafandristak dira besteak
Tretxa ez bezala, gurekin batera prestatu behar da Argyroneta aquatica armiarma urperatu baino lehen. Izan ere, armiarma hauek ere “eskafandrak” erabiltzen dituzte. Ez gizakionak bezalakoak, baina. Are bereziagoak eta ikusgarriagoak, baizik.
Kontua da Argik, gure protagonista kasu honetan, ur-burbuila bat eraikitzen duela urpeko landareetan. Bai. Irakurri duzuen moduan. Ingeniari fin-fina dugu Argi eta bere zetazko haria baliatuta kanpaia formako egitura eraikitzen du.
Sare moduko egitura baliatuta kupula-formadun egitura eraikitzen du ur-landareari itsatsita, beraz. Eta, gainera, kupulatik ur-azalera doazen filamentuak ere eraikitzen ditu. Orduan kupula airez betetzen du. Benetan. Eta ipurdiarekin egiten du gainera. Ez nabil ezer asmatzen, serio eta benetan ari naiz.
Argik, Tretxak bezala, ile hidrofobikoak ditu abdomenean. Beraz, ur-azalera irtetean, beno, irten baino, ipurdia ateratzen duenean, airea harrapatuta geratzen da, Tretxaren kasuan bezala. Kasu honetan, baina, ur burbuila sortzen da abdomen aldean eta hankekin eusten dio burbuilari.
Ur-azaletik kupulara doazen filamentuak baliatzen ditu berriro ere ur azpira joateko, airea dela eta, flotagarritasuna handitzen baita. Eta behin kupulan, aire-burbuila bertan askatzen du. Et voilà! Airez betetako eskafandra.
Armiarma mota hau ezagutu zenean, egunean hainbat aldiz azalera aire bila atera behar zela uste zuten zientzialariek. Izan ere, bizitza osoa ematen baitu ur azpian. Hasiera bateko kalkuluen arabera, hogei minutuan behin-edo irteten zela uste zen. Baina sorpresa hartu dute, ikusi baitute ipurdia uretik egunean behin baino ez duela atera behar. Trukoa du, baina: oso aktibitate baxua baldin badu eman dezake hainbeste denbora azaleratu barik. Edozein kasutan, honekin batera zera aurkitu dute: kupulak eta sareak arrainen brankiek duten mekanismo bertsua dutela. Pentsa zer nolako azpiegitura, ingeniari zibilen inbidia hemendik ikus daiteke.
Pentsa liteke, Tretxa bezala, armiarma exotikoa edo tropikala dela Argi. Baina ez da, Europan eta Asian bizi da. Eta gure Tretxa ihesean urperatu bazen, Argik bizitza osoa ematen du ur azpian. Izatez, urpean bizitza osoa ematen duen armiarma bakarra da, dakigunez.
Hortaz, albiste txarra armiarmak gustuko ez badituzue, urpean ere ez zaudete salbu.
Erreferentzia bibliografikoak:
- Swierk, Lindsey; Petrula, Macy; eta Esquete, Patricia (2022). Diving behavior in a Neotropical spider (Trechalea extensa) as a potential antipredator tactic. Ethology, 128, 508–512. DOI: 10.1111/eth.13281
- Seymour, Roger S. eta Hetz, Stefan K. (2011). The diving bell and the spider: the physical gill of Argyroneta aquatica. The Journal of Experimental Biology, 214 (13), 2175–2181. DOI: 10.1242/jeb.056093
Egileaz:
Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko arduraduna.
Jatorrizko artikulua Gaztezulo aldizkarian argitaratu zen 2022ko abuztuan, 242. zenbakian.
1 iruzkina
[…] loreen artean tximeleta eta erle ugari daude hegan. Hil edo biziko borrokak egoten dira, egunero, armiarma-sareetan; maitasun-kantak entzuten dira, gauero, kilkerren zuloetan; milaka inurri irteten dira goizero […]