Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Soziologia
Ikerketa berri batek ondorioztatu du sexismoa kaltegarria dela zientziarentzat zein finantzazio publikoarentzat. Argitu dutenez, sexismoak emakumeak zientziatik kanporatzen ditu, baita akademiaren goiko etapetan ere, azken hauetan emakumeak ahaldunduagoak egotea espero den arren. Horregatik, egileek azaldu dute emakume zientzialari askok beren karreraren azken etapetan ikerketa uzteak galera ekonomiko eta zientifiko handia dakarrela. Izan ere, ezagutza zientifiko handia dute metatuta, eta askotan finantzazio publikoko inbertsio handia eskatu du beren formakuntzak. Informazioa Elhuyar aldizkarian.
Neurozientzia
Frogatu dute astrozitoak burmuineko sare elektrikoaren parte direla. XX. mendean zehar, neurozientzialariek uste zuten neuronak zirela seinale elektrikoak hedatzen zituzten zelula entzefaliko bakarrak. Alabaina, irailean argitaratutako artikulu batek orain arteko probarik onena aurkeztu du astrozitoek ere seinaleak igortzen dituztela frogatzeko. Gainera, argitu dute astrozito batzuek baino ezin dituztela igorri seinale horiek. Datuak Zientzia Kaieran: Zelula hauek elektrizitatea sortzen dute entzefaloan. Ez dira neuronak.
Biologia
Euskal Herriko saguzar espezie denak intsektujaleak dira, eta nekazaritzako izurriteak gutxitu ditzakete. Hala frogatu dute EHUko Jokabide-Ekologia eta Eboluzioa ikerketa taldeko kideek, hainbat azterketen bidez. Esaterako, saguzarren gorotzak aztertuz, ikusi zuten horiek pinudietako pinu-beldarra edo prozesionaria ehizatzen zutela. Beste ikerketa baten bidez frogatu zuten Arabako Errioxako mahastietan ferra-saguzar txikiak 395 intsektu espezie jaten zituela, horietatik 55 izurri-espezieak ziren. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Nekazaritza eta bioaniztasuna bateragarri? Saguzarrak hizpide.
Ingurumena
Gaur egungo airea azken laurehun urteetako lehorrena da. Zuhaitzetako eraztunen bidez neurtu daiteke aldagai hori. Izan ere, airean ura falta bada, ur gehiago xurgatzen du lurretik eta landareetatik, eta landareen hazkundea moteltzen du; zuhaitzen heriotza ere eragin dezake. Ondorioztatu dutenez, gizakiaren eraginez lehortu da airea azken urteetan, eta funtsezko eragina izan dezake gizakien osasunean, suteetan, ekosistemetan eta uztetan. Datuak Berrian.
Medikuntza
Tumore homogeneoak erasokorragoak dira. Hala ondorioztatu du matematika, histopatologia eta genomika bateratu dituen ikerketa batek. Hau da, joko-teorian oinarrituta ikusi dute zelula-mota desberdin gutxiago dituzten tumoreak arriskutsuagoak direla. Emaitza horiek ikusita, egileek adierazi dute baliagarria izan daitekeela tumore barneko zelulen heterogeneotasun-maila handiak mantentzeko estrategia terapeutikoak aplikatzea. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
Kimika
Leire Sangroniz eta Ainara Sangroniz kimikariek xanpainaren kimika azaldu dute Zientzia Kaierako artikulu batean. Xanpaina ekoizteko champenoise metodoa erabiltzen da, eta hartzidura bikoitza du oinarrian. Lehenengo hartziduran, legamiak azukrea etanol eta karbono dioxido bihurtzen du. Bigarrenak, berriz, azukrea eta legamia gehitzen zaizkio, eta beirazko botiletan gordetzen da itxita. Botila itxita dagoenez, sortzen den karbono dioxidoa ardoan disolbatzen da, eta kortxoa kentzean kanporatzen da.
Materialak
Erregai fosilak ordezkatzeko beharrean gaude, eta fusio-energia nuklearra aurkeztu da energia-trantsizioa gauzatzeko aukera teknologiko bezala. Fusio-energia nuklearraren abantailetako batzuk dira dentsitate energetiko masiboa duen iturria dela, teknologikoki segurua dela eta birtualki agorrezina. Baina desabantailak ere baditu, hala nola, substantzia erradioaktiboak erabiltzea edota erreaktoreak eraikitzeko materialen aukeraketa. Desabantaila horientzat konponbideak aurkitzeko bidean daude hainbat ikerketa talde, horien artean EHUko Fusio Materialen Laborategia. Datuak Zientzia Kaieran.
Zelula fotovoltaikoen ingurumen-inpaktua aztertu dute Nafarroako Unibertsitate Publikoan egindako ikerketa batean. Ondorioztatu dutenez, haren inpaktua erregai fosilen bidez sortutakoa baino askoz ere txikiagoa da kategoria guztietan. Gainera, zelula horien ekoizpenari mineral jakinen eskasiak nola eragingo dion ere aurreikusi dute. Ikertzaileek azaldu dute kristal silizioan oinarritutako teknologiak arrisku gutxi dituela. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
Egileaz:
Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.