Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Klima-larrialdia
Hiriak eta udal aglomerazio handiak klima-larrialdira moldatu behar dira, Pedro Miguel Guerrero Malagako Unibertsitateko irakaslearen ustetan. Hirietan bero-uharte efektua gertatzen da, eta horrek areagotu egiten du bero sentsazioa eremu horietan. Guerreroren arabera, hirigintza ereduak zerikusi handia du bero-uharte efektuaren emendapenean, eta eraikuntzako materialez gain, eraikuntzaren morfologiari eta arkitekturari ere erreparatu behar zaiola dio. Azalpenak Berrian.
Osasuna
Kontaktu fisikoak onurak ditu gure osasunean. Kontaktu fisikoa gainerako pertsonekin edo objektuekin izan daiteke, eta osasun fisiko eta mentala hobetzen ditu. Ikertzaileek ondorioztatu dute besarkadek, laztanek edo masajeek gutxitu ahal dituztela mina, depresioa eta antsietatea. Robotekin, mantekin edo burkoekin kontaktua izateak ere onurak eragiten zituen. Datuak Zientzia Kaieran.
Fentaniloak mendekotasuna sortzeko baliatzen dituen mekanismoak argitu dituzte. Bi mekanismoren bidez eragiten du mendekotasuna: dopamina askatzen du sariaren zirkuituaren bidez, eta abstinentzia-sindromea saihesten du. Lortutako ondorioen arabera, bien baturak egiten du adikzioa hain handia izatea. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
Pepe Alcami Madrilgo Karlos III.a Osasun Institutuko ikerlaria da, eta 1986tik ari da GIBa eta hiesa ikertzen. Azaldu duenez, oraindik hiesaren kontrako txertorik ez izatearen arrazoi nagusiak bi dira: immunitate sistema ez dela eraginkorra GIBaren aurka, eta birusak mutatzeko joera duela. Alcamik adierazi du, hiesaren kontrako txertoa, aurkitzekotan, lortzeko eta aplikatzeko zaila izango dela, oraingoz behintzat. Azalpenak Berrian.
Mikroplastikoak topatu dituzte pertsonen eta txakurren barrabiletan. 47 txakur eta 23 pertsonetan egin dute behaketa, eta guztietan topatu dituzte mikroplastikoak, maila esanguratsuetan, gainera. Kasu guztietan, polietilenoa izan da gehien agertu zen polimeroa. Txakurren kasuan ugalkortasun-parametro batzuk ere neurtu dituzte, eta ikusi dute zenbat eta mikroplastiko gehiago, are eta espermatozoide gutxiago dituztela. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
Biologia
Zelula seneszenteak gehiago bikoiztu ezin diren zelulak dira. Hil beharrean, zelula seneszenteek inguruko zelulei seinaleak igortzen dizkiete, ehun hori birsortu beharra dagoela komunikatzeko. Horregatik, alzheimerra, minbizia, osteoartritisa eta beste hainbat gaitzen terapietan erabili daitezke. Baina kaltegarriak ere izan daitezke, zahartzea ere eragin baitaitezke. Datu guztiak Berrian.
Kimika
Barazkietan eta zizareetan antibiotikoak detektatzeko bi metodo berri aurkeztu ditu EHUko IBeA ikerketa-taldeak. Antibiotiko-kontzentrazio oso baxuak detektatzeko gai dira, eta gama zabal bat zehaztu daiteke, baita haiek eraldatzetik eratorritako zenbait produktu ere. Erabilgarritasun handikoa izatea espero da, antibiotikoak elikadura-katearen bidez, gizakietara ere irits daitezkeelako. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
Antropologia
Trantsizio demografikoaren elementu erabakigarria kulturala izan daiteke. Prozesu horren kausa nagusia garapen ekonomikoa dela pentsatu izan da, baina horrek prozesuaren zati bat bakarrik azalduko luke. Jaiotza-tasa murriztea seme-alaba kopuru txikia hazteko erabaki kontzientearen ondoriozkoa da, eta erabaki hori arrazoi kulturalengatik gailentzen da gizartean. Datuak Zientzia Kaieran.
Informatika
Maitane Martinez informatikaria izan da aurtengo Txiotesia lehiaketa irabazi duen ikertzailea. Bere doktorego-tesian, ikaskuntza automatikoaren teknikak aplikatzen ari da Parkinson gaixotasunaren diagnosi goiztiarra eta pronostikoa egiteko. Horretarako, biomarkatzaileak identifikatzen dabil, eta azken helburua parkinsona goiz atzematea eta pazienteen eboluzioa ikustea da. Informazio gehiago UEUren webgunean eta Berrian.
Kosmologia
X izpi berri batzuek agerian jarri dute unibertsoa kosmologiak igarri bezain pikortsua dela. eRosita X izpien teleskopioak jasotako datuak erabilita, kosmosaren heterogeneotasunari buruzko estimazio berriak egin dituzte. Emaitzen arabera, unibertsoaren “pikortasun faktorea” 0,83 izango litzateke. Azalpenak Zientzia Kaieran.
Argitalpenak
Charles Darwin Ingalaterran jaio zen 1809an. Txikitatik naturalista izan nahi zuen, baina bere aitak teologia ikasketak egitea derrigortu zuen. Cambridgeko Unibertsitatean ikasten ari zela, hegoaldeko itsasoetara antolatu behar zen espedizio batean parte hartzeko gonbita jaso zuen, eta espedizioan izandako bizipenek hautespen naturalaren teoria proposatzea eragin zuten. Pertsonaia honen bizipenak “Zientzialariak” komiki-sortaren Darwin: Teoriaren eboluzioa alean irakur daitezke. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.
Egileaz:
Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.