Lankidetzetan aniztasuna egoteak zientzia ona sustatzen du

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Lankidetzak, batez ere zenbait diziplinaren artekoak, gero eta beharrezkoagoak dira kalitatezko zientzia egiteko eta ibilbide zientifiko batean aurrera egiteko. Ikertzaile ezagunen sareetan sartu eta haien babespekoen artean leku bat egitea zaila izan daiteke emakumeentzat. Sarritan, emakumezko zientzialari gazteek baliabide onak dituen zientzialari batekin lan egin nahi duten erabaki behar dute, nahiz eta haren izen onaren itzalpean geratu.

Nork egiten du zientzia?

Ikerketa taldeen aniztasunak ondorioak ditu mundu errealean. Gizonek eta emakumeek ikuspegi desberdinak izan ditzakete, batez ere, sexua eta generoa tartean dituzten ikerketetan. «Zientzia egiten duenak erabakitzen du benetan nolako zientzia egingo den», adierazi du Londa Schiebingerrek zientziaren historialariak. Ikerketetan, ikuspegi ahaztu horren adibide asko ditugu: nahiko ohikoa da sendagaiak sagu arretan soilik probatzea eta emakumeak saiakuntza klinikoetatik kanpo uztea; ondorioz, lortzen diren tratamenduak egokiagoak dira gizonentzat. Akatsak ikusi dira klima aldaketak itsas organismoetan eragindako ondorioen azterketetan, modu desberdinean erantzuten baitute organismook arrak edo emeak diren. Eta inoiz pentsatu al dugu hegaztien kantuaren sexuaren inguruan?

Sandi Toksvig antropologia ikasten ari zela, haren irakasleetako batek 28 marka zituen adar hezur baten argazkia erakutsi zuen. «Hau», esan zuen, «gizon batek egutegi baten bidez denbora neurtzeko egindako lehen ahalegina da». Toksvigek galdera bat zuen buruan: zer gizonek jakin behar du noiz igarotzen diren 28 egun? Doktoregaiari zirrara sorrarazi zion begirada desberdin horrek, eta gizakiaren eboluzioa aztertzeko beste modu batean pentsatu zuen.

lankidetzetan
1. irudia: aniztasuna funtsezkoa da ikerketa taldeetan, zientzia hobea egiten da horrela. (Argazkia: Gerd Altmann – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)

Mende askoz, gizonen bizitza hartu izan da oinarritzat giza espezie osoaren bizitza irudikatzeko. Gizateriaren beste erdia isilduta egon da, eta isiltze horiek nonahi ikus daitezke: zineman, albisteetan, literaturan, zientzian, hirigintzan, ekonomian, gure iraganari, orainari eta etorkizunari buruz kontatzen ditugun istorioetan. Eremu asko daude desitxuratuta emakumeen faltagatik.

Inpaktua txikia izan daiteke, esaterako, goiko apal batera ez iristea, gizonen ohiko altuera kontuan hartuta pentsatu direlako; baina baita larria ere, emakumeen neurriak kontuan hartu ez dituzten segurtasun probak gainditu dituen auto batekin istripua izatea, adibidez. Gauza bera gertatzen da balen aurkako txalekoekin, bularrik gabeko soinetarako diseinatuta egon ohi baitira.

Bulegoak girotzeko formula 1960tik datorkigu, eta ingurune horretan dagozkion lanak egiten dituen batezbesteko gizonak atsedenean duen tasa metabolikoa hartzen du oinarri. Herbehereetan duela gutxi egindako ikerketa batean berriki aurkitu denez, antzeko lanak egiten dituzten emakume helduen tasa metabolikoa jarduera berbera egiten duten gizonena baino nabarmen baxuagoa da. Hala, emakumeentzat atsegina litzatekeena baino bost Celius gradu gutxiagoko tenperaturan klimatizatutako bulego bat lortzen da.

Antzeko beste adibide asko ditugu, eta gaur egun badakigu emakumeen ehuneko ertain bat duten taldeek arazo horiek kontuan hartuko dituztela, seguruenik. Horri buruz, Schiebingerrek eta haren lankideek ikerketa medikoko 1,5 milioi artikulu baino gehiagoren egiletza aztertu zuten, eta ikusi zuten emakumezko egileak zituztenetan ohikoagoa zela sexua eta generoa aintzat hartzea lanaren metodologian eta ondorioetan. Aniztasuna funtsezkoa da ikerketa taldeetan, zientzia hobea egiten da horrela.

Hala ere, agian ez da nahikoa talde bakoitzean emakume bat egotea: ikerketek erakusten dutenez, talde minoritario bateko kideen diskurtsoa aintzat hartua izan dadin, ikerketa taldeko kideen % 25-30 izan behar da talde horretakoa. Schiebingerrek gaineratu duenez, ikerketa bat inklusiboa izan dadin, kolektibo sorta zabal baten ikuspegiak hartu behar ditu kontuan, barne hartuta beste etnia batzuetako emakumeak, askotariko maila sozioekonomikoak eta aurrekariak dituzten pertsonak, desgaitasuna duten pertsonak eta askotariko identitate eta orientazio sexualak dituztenak.

Egiletzaren inguruko eztabaidak

Emakume askorentzat, zaila izan daiteke lankidetza bat egiteko erabakia hartzea. Emakumeek gizonek baino joera handiagoa izaten dute egiletza eztabaidetan sartzeko. 2021ean, Cassidy Sugimoto informazioaren zientzialariak galdeketa bat egin zien 5.575 zientzialariri, argitalpen bat egin aurreko argibide horiei buruz. Emakumeek esan zuten eztabaida horien ondorioz kolaborazio gutxiago izan zituztela gerora, beren borondatez atzera egin zutelako edo laguntzaileek kanpoan utzi zituztelako. Ikerketak erakutsi zuen gizonen ehuneko handi batek ez zuela egiletzari buruz eztabaidatzen artikulua argitaratzear zegoen arte, batzuetan orduan ere ez. Emakumeek, ordea, lankidetzaren hasieran argitu nahi zuten beren izena non eta nola agertuko zen.

Alderdi hori garrantzitsua da ibilbide zientifiko baten hasieran, eta emakumezko ikertzaile gazteek badakite tinko jarraitu behar dutela. «Doktoretza egiteko ibilbidean artikulu baten lehen egilea izatea zientzian jarraituko duzula iragartzen duen adierazle garrantzitsu bat da», dio Sugimotok. 2021ean, haren taldeak ikerketako 30.000 artikulutan egileek izandako ekarpena aztertu zuten, eta ikusi zuen ohikoagoa zela emakumeek lan teknikoak egitea eta gizonek, berriz, zeregin garrantzitsuagoa izatea ikerketa berriak planteatzen. Halaber, ondorioztatu zuenez, doktoretzako gizonezko ikasleek emakumezko doktoretza ikasleek baino argitalpen gehiago egiten dituzte lehen egile gisa.

Sarritan, lankidetzak egiten hastea dauden sareetara sartzeko modu bat besterik ez da, eta han aukera egongo da kolaboratzaile potentzialak aurkitzeko, bai eta beren ibilbidea bultzatu dezaketen mentoreak lortu eta osterantzean hurbilgaitzak izango liratekeen kideekin aritzeko ere.

Elkartzea

Merezimendu asko dituzten zientzialarien sare sotiletik kanpo sentitzen diren emakumeek elkarrekin lan egin dezakete, hitzaldietan kolaboratzaileak aurkituz eta zientzialari gazteagoei laguntza emanez. Hori ez da oso ohikoa emakumeengan, hainbat arrazoirengatik, Joyce Benenson psikologoak dioenez. Batetik, emakumeek gizonek adina aurreiritzi inplizitu izaten dituzte emakumeak kontratatzeari dagokionez. Gainera, gogoa beren ibilbidean aurrera egiten jartzen duten emakumezko zientzialariek agian ez diete laguntzarik eskainiko emakume gazteenei, Benensonek dioenez. Alabaina, gizonak nagusi diren sare zientifikoen kontrola arintzeko, emakumeentzat interesgarria izan daiteke koalizio estrategikoak sortzea, banaka lehiatu beharrean.

lankidetzetan
2. irudia: ikerketa bat inklusiboa izan dadin, kolektibo sorta zabal baten ikuspegiak hartu behar ditu kontuan. (Argazkia: Gerd Altmann – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)

Azken hamarkadan, soilik emakumezko zientzialariek osatutako taldeak sortzeko joerak gora egin du. 2019an, Luke Holman biologo ebolutiboak eta haren lankideek ikusi zutenez, bizitzaren zientzietako ikertzaileek zori hutsagatik espero zitekeena baino maizago idatzi zituzten artikuluak beren genero bereko beste ikertzaile batzuekin, beren esparruko genero proportzioak kontuan hartuta. Holmanek dioenez, ez dago argi zergatik gertatzen den hori. Agian, emakumeek elkarri laguntzeko duten inplikazioak bultzatzen du, edo emakumezko ikasleek berentzat garrantzitsuak diren ikuspuntuetan antzeko pentsamoldea duten emakumezko mentoreekin lan egiteko duten nahiak, bestela. Aldi berean, litekeena da gizonezko zientzialarien sareek emakumeak baztertzea, edo emakumeek gizonekin lan egin nahi ez izatea, jazarpena izateko beldur.

Lara Mahal kimikaria da, eta adierazi du beste erakunde batzuetako emakumeekin lankidetzan aritzeak aukera eman ziola bere interes eta premiekin bat zetozen zientzialari sare handietan sartzeko. Ezohiko laborategi talde batekin egiten du lan, birus eta zeluletan dauden azukreak aztertzen; izan ere, azterketa horretarako ikertzaile askoren parte-hartzea behar da. Egia da gizonekin lankidetza onuragarriak izan zituela, baina Mahalen harreman iraunkorrenak emakumeekin izan ziren, eta hark «arima bikiak» direla dio. Emakumeen interes zientifikoak eta nortasunak bat etorri ohi dira eta, haren hitzetan, horrek lana bereziki atsegina egiten du. «Lanean oso ondo pasatzen duzunean, zuk bezala pentsatzen duen jendearekin, halako lan gehiago egin nahi izaten duzu», adierazi du.

Tutoretzak eta genero estereotipoak

Gaur egun, oraindik ere mesedegarria da emakumezko ikertzaile gazteen ibilbideak bultzatuko dituzten zientzialarien sareetan sartzea. Egia da arrakala murrizten ari dela, baina, oraindik ere, gizonak dira ezagunenak eta haiek dituzte loturarik hoberenak zientziaren munduan. Adibidez, Estatu Batuetan, biologiako irakasle titularren % 18 baino ez dira emakumeak. Europan, batez beste, 2016an ospea zuten ikertzaileen % 15 baino gutxiago ziren emakumeak.

Tutoretzaren genero dinamika konplexua izan daiteke. Mahali, adibidez, doktoretzako aholkulari gisa Kaliforniako Unibertsitateko Carolyn Bertozzi biokimikaria aukeratzeko zuen asmoa kendu nahi izan zioten, unibertsitatean izan zuen aholkularia ere emakumea zelako eta, beraz, Mahalek gizonekin ez zuela lan egin nahi pentsa zezakeelako jendeak. Alabaina, ez zuen aholkua aintzat hartu eta Bertozzik eta Mahalek berak lankidetzaz gozatu zuten: Mahalen graduondoko ikerketari esker, Bertozzik bere lehen artikulua argitaratu zuen Science aldizkarian.

2020an, Bedoor AlShebli gizarte-zientzialari konputazionalak eta haren lankideek artikulu bat argitaratu zuten; horretan, 215 milioi egileren generoa eta antzinatasuna aztertu zituzten, hainbat alorretan eta 100 urtez idatzitako 222 milioi artikulutan (AlShebli et al, 2020). Ikusi zutenez, emakumezko mentore bat izateak ikertzaile gazteen aipuak % 35eraino murrizten zituen, eta emakumezko begiko bat izateak, berriz, % 18 murrizten zituen mentoreen aipuak. Ondorioz, mundu akademikoan, emakumeek gizonekin lan egin beharko lukete, nolabaiteko arrakasta lortu nahi izanez gero.

Azkar deuseztatu zuten artikulua eta horren ondorioak. Komunitate zientifikoak gogor kritikatu zuen tutoretzaren ordez egilekidetza faktorea erabiltzea, bai eta arrakastaren neurri gisa aipuak aldagaia erabiltzea ere, beste alderdi metodologiko batzuen artean.

Artikulua argitaratu eta gutxira, 7.600 ikertzaile inguru artikulu hartan esandakoaren ondorioez kezkatuta agertu ziren, eta beren babesa adierazi zieten berori egin zuten akademikoei, Stanfordeko Christine Jacobs-Wagner biologo molekularrak eta haren lankideek idatzitako gutun ireki batean.

AlSheblik eta haren egilekideek atzera egin zuten artikuluan idatzitakoaz, eta aitortu zuten argitalpenaren ondorengo berrikuspenek muga handiak aurkitu zituztela metodologian.

Hala ere, guztiak ez zeuden ados atzera egite horrekin. Benensonek generoa aztertzen du talde dinamiketan, eta uste du ikerketa ondorioengatik gutxietsi zela, ez hainbeste zuzena ez zelako. Adierazi duenez, azterlanaren ondorioak sozializazioari eta lankidetzari buruz generoan oinarrituta egin diren beste ikerketa batzuekin lotzen dira. Adibidez, Benensonek lehen hezkuntzako ikasleekin egindako ikerketak berak iradokitzen du estatus sozial bereko neskak elkarrekin jolasten direla, baina beste estatus bateko neskekin harremanik ez izateko joera dutela, eta gauza bera gertatzen da artean edo kirolean gutxi gorabehera trebeak diren neskekin. Mutilak, aldiz, etengabe lehiatzen dira elkarren artean, eta ondo funtzionatzen duten hierarkia sozial aldakorrak sortzen dituzte.

Benensonek eta Sugimotok gogoeta egiteko aukera ikusi zuten artikulu polemikoa argitaratu ondoren; Benensonek adierazi zuen emakumezko mentoreak desabantailan daudela nagusiki gizonek eta gizonentzat diseinatuta dagoen sistema baten ondorioz. Bestalde, Sugimotok azaldu zuenez, emakumeak beren ibilbiderako mesedegarrienak diren sareetara sartzea eragozten duten zenbait egitura instituzional daude. Adibidez, gertagarriagoa da gizonak talde handien buru izatea eta nazioarteko lankidetzetan parte hartzea, baina, gaur egun, emakume askok familiakoen zainketak beren gain hartzen dituzte, eta horrek zaildu egiten die etxebizitzaz aldatzea edo beren herrialdetik kanpo bidaiatzea. Onargarria iruditzen al zaigu batzuei eskubideak kentzea eta besteei pribilegio bat ematea?

Gero eta funtsezkoagoa da zientzian askotariko pertsonekin lankidetzan aritzen ikastea; izan ere, esan bezala, alor asko diziplinartekoak bihurtu dira eta, gainera, aberasgarria da askotariko ikuspegiak izatea. Lankidetza atseginetan aurrerapen zientifikoak lortzea poztasun handiena ematen duen erronketako bat da; alaitasun partekatu eta hedatua sortzen du, kontaktuz eta izenez egindako mailetan gora egitean datzan igoera lehiakorraz harago.

Erreferentzia bibliografikoak:

  • AlShebli B, Makovi K, Rahwan T (2020). The association between early career informal mentorship in academic collaborations and junior author performance. Nature Commun. 11, 5855. DOI: 10.1038/s41467-020-19723-8
  • Reardon S (2022). Scientific collaborations are precarious territory for women. Nature 605, 179.–181. or. DOI: 10.1038/d41586-022-01204-1

Egileaz:

Marta Bueno Saz (@MartaBueno86G) Salamancako Unibertsitatean lizentziatu zen Fisikan eta Pedagogian graduatu. Gaur egun, neurozientzien arloan ari da ikertzen.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022eko maiatzaren 5ean: ‘La diversidad en las colaboraciones promueve la buena ciencia‘.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.