Banaketa-sarea hainbat erronkari aurre egiten ari da, hala nola kontsumo elektrikoaren hazkundeari eta baliabide berriztagarrien integrazioari, eta horiek gaur egungo banaketa-sarea sare adimenduagoetara bideratzen ari dira. Sare adimendu horietan, ezinbestekoa da potentzia-elektronika erabiltzea beharrezko funtzionalitate berriak gehitzeko, hala nola, akats elektrikoak arintzeko.
Akats bat linea elektrikoaren barruan desiragarria ez den gertakaria da, eta hainbat arrazoiengatik gerta daiteke. Tradizionalki, akats bat agertzerako unean, deskonexioa burutuko da saretik, gainkorronteetatik babesteko. Aldiz, potentzia-elektronika banaketa sarean sartuta, arazo horin ekidin daiteke, eta hornidura uneoro mantendu. Hau posible egiteko, kargak triangelu bidez konektatuta egon beharko dira; normalean hala egoten dira.
Alde horretatik, akats elektrikoak arintzean tentsio desorekatuak sortzen dira eta potentzia-bihurgailuak erabili daitezke tentsioak orekatzeko. Goi-tentsioko lineen kasuan, Flexible Power Links (FPL) aukera egokia da, energia fluxua bi norabideetan kontrolatzeko gai izateaz gain, tentsio desorekatuak sor baitaitzake. Horrela tentsio sinpleak (fase-neutro) desorekatuta egon arren, kargetara konektatuta dauden triangelu motako transformadoreak tentsio orekatu bat (fase-fase) jasoko dute. Hala, akatsen bat gertatuta ere, sareko erabiltzaileek hornidura bermatuta izango dute uneoro.
FPL-en topologiak
Artikulu honek FPL potentzia-bihurgailuetan erabiltzen diren topologia nagusiak ikertzen ditu, eta haien portaera aztertzen du akats monofasikoak arintzean. Tentsio homopolarra duen tentsioak lortzeko laugarren hari bat beharrezkoa izango denez, lau adarreko topologia eta hiru adarreko topologia DC buseko erdi puntura konexioa duen topologia aztertu da. Azterketa burutzeko Matlab-Simulink programa erabili da, bihurgailuaren tentsio, korronte eta potentziak aztertu dira, eta topologia bakoitzaren abantailak eta desabantailak lortu dira.
Lortutako emaitzen arabera, lau adarretako topologiak duen abantaila nagusia zera da: hiru adarreko topologiarekin alderatuta, DC buseko tentsioaren erabilpen hobeagoa lortzen duela potentzia berdina duen kargak elikatzeko, korronte maila baxuagoa erabilita. Korronte maila txikiagoak ahalbidetzen du kommutazio maiztasun handiagoa erabiltzea, eta horrek aldi berean, irteerako filtroaren dimentsioen murrizpena eragiten du. Hala ere, hiru adarreko topologiak kontrol eta modulazio errazagoak eskaintzen ditu, aztertuago dagoen topologia mota baita. Gainera, topologia merkeagoa da baita ere, IGBT eta diodo gutxiago dituenez, adar bat gutxiago duelako.
Artikuluaren fitxa:
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 45
- Artikuluaren izena: FPL potentzia-bihurgailuen analisia akats elektrikoetan zehar
- Laburpena: Banaketa-sarea hainbat erronkari aurre egiten ari da, eta horiek gaur egungo banaketa-sarea sare adimenduagoetara bideratzen ari dira. Sare adimendu horietan, ezinbestekoa da potentzia-elektronika erabiltzea beharrezko funtzionalitate berriak gehitzeko; horietako bat akats elektrikoak arintzea litzateke. Alde horretatik, akats elektrikoak arintzean tentsio desorekatuak sortzen dira eta potentzia-bihurgailuak erabili daitezke tentsioak orekatzeko. Goi-tentsioko lineen kasuan, Flexible Power Links (FPL) aukera egokia da, energia-fluxua bi norabideetan kontrolatzeko gai izateaz gain, tentsio desorekatuak sor baititzake. Artikulu honek FPL potentzia-bihurgailuetan erabiltzen diren topologia nagusiak aztertzen ditu eta haien portaera aztertzen du akats monofasikoak arintzean. Simulazioaren emaitzak aztertu dira, eta topologia bakoitzaren abantailak eta desabantailak lortu dira.
- Egileak: Estefanía Planas, José Antonio Cortajarena, Ander DeMarcos, Adriano Rai Navarro
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 279-291
- DOI: 10.1387/ekaia.24567
Egileez:
Estefanía Planas, José Antonio Cortajarena, Ander DeMarcos eta Adriano Rai Navarro UPV/EHUko Teknologia Elektrikoa Saileko ikertzaileak dira.