Gariak eta artobeltzak CO2-maila eta tenperatura altuko lehorte-egoeretan nola erantzuten duten ikertu dute UPV/EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Sailean.
Berotegi-efektuak eragingo dituen lehorte, tenperatura eta CO2-maila altuko baldintzek arriskuan jarriko dituzte gari-ekoizpenak. Euskal Herriko Unibertsitateko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko ikertzaileek egiaztatu dute artobeltzak gariak baino hobeto erantzuten duela muturreko kondizio horietan, landareen hainbat parametro fisiologiko aztertuta.
Datuek argi uzten dute: etorkizuneko klima-kondizioak muturrekoak izatera irits litezke. Pello eta otsoa ipuin ezagunean bezala, “otsoa badatorrela” esaten dute datuek. Atmosferako CO2-a esponentzialki igo da azken hamarkadetan, eta hala jarraituko du hainbat urtez. Horren ondorioz, berotegi-efektua areagotu egingo da; litekeena da tenperatura globalak 3 °C igotzea, eta, hala, ur-eskasia ere areagotu egingo da planetako hainbat tokitan.
Horrenbestez, laboreek etorkizunean lehorte-garai luzeagoak eta gogorragoak jasan behar izango dituzte, CO2-maila eta tenperatura altuekin batera. Kondizio horiek kalte egiten diete labore konbentzionalei, hala nola gariari, eta horrek arriskuan jar lezake mundu mailan milioika pertsonak elikagaiak eskuratzeko duten aukera. Pello eta otsoaren ipuineko herritarrek ez bezala, zientzialariek badakite klima-aldaketa etorri badatorrela edota dagoeneko gertatzen ari dela. Ez dute ikuspegi baikorrik zentzu horretan, baina buru-belarri ari dira “otsoa” etortzen denerako erremedioak bilatzen.
UPV/EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Sailean, adibidez, ikertzen ari dira “ea etorkizuneko baldintza horietan zer labore alternatibok izan dezaketen aukera gehiago aurre egiteko —dio Xabier Simón ikertzaileak—. Litekeena da etorkizunean labore konbentzional askoren erabilera murriztea (garia, artoa…), eta haien ordez egoera berrietan hobeto aurrera egiten duten laboreak erabiltzea. Hortxe daude, adibidez, artobeltza, basartoa, espelta eta abar. Beraz, funtsezkoa da jakitea espezie horiek zer gaitasun izango duten lehorte handiko, tenperatura altuko eta CO2-maila handiko egoerak jasateko”.
Garia vs artobeltza
Etorkizunerako aurreikusten diren kondizioetan gariak eta artobeltzak nola erantzuten duten aztertu du Xabier Simónek, Jon Miranda eta Usue Pérez FisioKlima-AgroSosT taldeko ikertzaileekin lankidetzan: “Hazkuntza-ganbera batean hazi ditugu bi espezie horien landareak, tenperaturaren, CO2-aren eta lehortearen baldintzak kontrolatuz”. Landareen hainbat parametro fisiologiko aztertuz ikusi dute “artobeltzak baduela potentziala gariaren ordezko labore alternatibo izateko. CO2-maila eta tenperatura altuetan, lehorterik egon ez arren, jada hautematen da gariaren zenbait parametrok okerrera egiten dutela: gariaren hazkuntza mugatu egiten da, eta artobeltzarena, ordea, ez; bestalde, artobeltzaren fotosintesi-maila handitu egiten da, eta gariarena, txikitu. Oro har, agerian geratu da lehorte-egoeretan artobeltzak hobeto erantzuten duela gariak baino”.
Iturria:
UPV/EHU prentsa bulegoa: Artobeltzak gariak baino hobeto erantzuten die etorkizuneko klima-kondizioei
Erreferentzia bibliografikoa:
Enhanced photosynthesis, transpiration regulation, water use-efficiency and growth in buckwheat outperforms wheat response to high [CO2], high temperature and drought. Environmental and Experimental Botany, 222. DOI: 10.1016/j.envexpbot.2024.105756