Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Klima-aldaketa
Klima-aldaketa arintzeko itsasoak duen garrantzia nabarmendu du Maxi Castrillejo itsas zientzialariak, karbonoa eta beroa xurgatzen dituelako. Beste ikertzaile batzuekin batera, klima-aldaketak itsas ekologian dituen eraginak aztertu ditu Groenlandian, hala nola izotza urtzea eta horrek fitoplanktonean duen eragina. Klima-aldaketak Groenlandiako gizartean eta ekonomian jada eragina duela ohartarazi zuen, eta ezinbestekoa dela CO2 isuriak murriztea. Beroketa globala mugatzeko ekonomiaren desazkundea beharrezkoa dela adierazi du, bizimodu jasangarriagoetara itzultzea proposatuz. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago Berrian.
Genetika
Duela gutxi egindako ikerketa baten arabera, rapanuiak, Pazko uharteko biztanleak, Kristobal Kolon baino bi mende lehenago iritsi ziren Amerikara. 15 gorpuen DNA analisiak % 90eko polinesia eta % 10eko amerikar jatorria adierazten du, eta Europa iritsi aurretik kontaktu transpazifikoa baieztatzen du. Aurkikuntza honek, aurretik egindako ikerketak gezurtatzen ditu eta “ekozidioaren” mitoa desmuntatzen du, rapanuiek euren uharteko baliabideak agortu zituztela iradokitzen zuena. Kolapsatu beharrean, populazio txiki eta egonkor bat mantendu zuten Europako kolonizatzaileak iritsi arte, gaixotasunak eraman zituztela irlara. Azalpenak Gara egunkarian.
Itsasoa
EHUko Itsas Bentos Ikerketa Taldeak 40 urte daramatza euskal kostaldean substratu gogorreko itsas komunitate bentonikoak aztertzen. Algen eta makroornogabeen analisian eta giza jarduerek, hala nola kutsadurak eta klima-aldaketak, ekosistema horietan duten inpaktua ebaluatzean oinarritzen da bere lana. Itsasoko bioaniztasunaren hondatzea eta komunitateetan gertatu den aldaketa dokumentatu dituzte, eta neurri zuzentzaileen garrantzia nabarmendu dute, besteak beste, ur zikinen tratamendua. Informazio guztia Gara egunkarian.
Ekologia
EHUko Landare Biologia eta Ekologia Sailak egindako ikerketa batek frogatu du sarrazenoak gariak baino hobeto erantzuten diela etorkizuneko baldintza klimatikoei, lehortea, tenperatura altuak eta CO2 maila altuak ezaugarri dituztenak. Baldintza horietan, gariaren hazkuntza mugatua da eta fotosintesia murriztu egiten da; sarrazenoak, berriz, hazten jarraitzen du eta fotosintesia hobetzen du. Aurkikuntza horrek iradokitzen du laborantza alternatiboak, sarrazenoa kasu, giltzarri izan litezkeela nekazaritzarako, klima-aldaketa latza dagoen agertoki batean. Datuak Zientzia Kaieran.
Landare endemikoen babesean uharteek duten garrantzia nabarmendu du Nature aldizkarian argitaratutako nazioarteko ikerketa batek. Lurrazalaren % 5 baino ez diren arren, landare espezieen % 31 bizi dira bertan, 63.280 espezie endemikorekin. Uharteek, beren isolamenduaren eta baldintza paregabeen ondorioz, espezie berrien eboluzio azkarra bultzatzen dute, Kanarietan bezala. Hala ere, klima-aldaketaren eta itsas mailaren igoeraren aurrean kalteberak dira landare horiek. Azterketak kontserbazio-estrategia eraginkorragoak garatzen lagunduko du. Informazioa Elhuyar aldizkarian.
Materialak
Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileek eraikinen tenperatura murrizten duen zementu bat sortu dute, haien propietate islatzaileak hobetzen baititu mikropartikula eta nanopartikula iraunkorren bidez. Zementu horrek eguzki-erradiazio gehiago islatzen du, eta beroa kanporantz igortzen du, gainazalak fresko mantenduz eta energia-eraginkortasuna hobetuz. Egindako probek etorkizun handiko emaitzak erakusten dituzte, eta horrek klima-aldaketa arintzen lagunduko duten eraikuntza-material jasangarrien belaunaldi berri bat bultza lezake. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
Hizkuntzalaritza
Helduaroan bigarren hizkuntza ikastea zailagoa da, garunean aldaketak gertatzen direlako,eta zaila egiten zaigu bigarren hizkuntzako fonema berri horiek dituzten hitz berriak sortzea eta ulertzea. Gogo Elebiduna (UPV/EHU) taldeak berriki egindako ikerketa batek frogatu du hitz kognatuak (bi hizkuntzen arteko antzeko hitzek) erraztu egiten dutela hizkuntza berrietako egitura sintaktikoak ikastea. Euskaraz oinarritutako hizkuntza artifizialekin egindako esperimentu batean, kognatuak erabili zituzten parte hartzaileek akats gutxiago egin zituzten esaldiak prozesatzean. Horrek iradokitzen du kognatuek hizkuntza-ikaskuntza azkartu dezaketela. Informazio guztia Zientzia Kaieran.
Arkeologia
Ikertzaile talde batek 2.000 urteko inskripzio paleohispaniko bat aurkitu du Lantzeko meategi batean (Nafarroa), eta mota horretako lehen aurkikuntza izan da eskualdean. Inskripzioak hiru sinbolo ditu, eta “ikae” edo “igae” izenarekin transkribatu dute, ziurrenik jatorri baskoikoa, baina oraindik aztertzen ari dira. Aurkikuntza aipagarria da, erromatartze garaiko tokiko alfabetatzea erakusten baitu. Duen garrantzia dela eta, kobazuloa itxi egin dute jendearentzat, tokia gordetzeko. Aurkikuntza hau Irulegiko Eskuaren garaikidea da. Azalpen guztiak Berrian eta Sustatun.
Astronomia
Marteren hego poloko izotzaren azpian ura egon daitekeela aurkikuntza garrantzitsua da astrobiologiarentzat, bizitzeko egokiak diren inguruneak adieraz baititzake. 2018tik egindako ikerketek iradoki dute 1500 metroko sakoneran ur gaziko masak daudela, Antartikan eta Groenlandian erabilitako teknikek lagunduta. Hala ere, azken ikerketek zalantzak sortzen dituzte, eta iradokitzen dute radar islak hauts eta izotz estratigrafiak eragin ditzakeela, ez ur likidoak. Adostasunik ez badago ere, etorkizuneko misioek glaziazio azpiko laku horien existentzia eta bizitzarako duten inplikazioa berrets lezakete. Datuak Zientzia Kaieran.
Biokimika
Alejandro Garcia Igandea-Aldama Biologia Molekularreko ikertzaileak TEDC2 proteina eta zelulen banaketan duen zeregina aztertzen ditu. TEDC2 zentrosoma bikoizteko funtsezkoa dela aurkitu zuen, zelulen zatiketan kromosomak banatzeko funtsezko egitura bat. Proteina horren maila desegokiak ezegonkortasun genomikoa eragin dezake, minbiziarekin zerikusia duena. Bere ikerketa argitaratze fasean dago, eta TEDC2ren gainadierazpenak zentrosometan akatsak sor litzakeela planteatzen du, zatiketa zelularra kaltetuz. Txiotesia lehiaketan parte hartu zuen, eta publikoaren saria irabazi zuen. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago UEUko webgunean.
Geologia
Egileaz:
Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren komunikazio digitaleko teknikaria.