Gero eta argiago dago haurdunaldiak garuna eraldatzen duela

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Haurdunaldian zehar, emakumearen garunak masa grisa galtzen du, baina konektibitatea handitzen du, ikerketa berri batek argitu duenez. Prozesuak haurtxoarekiko loturak indartuko lituzke.

Giza garunaren gaineko sekretuak argitzea zientziaren alorrean azken hamarkadetan dagoen erronka handienetako bat da, eta norabide horretara bideratuta dauden hainbat ikerketak organo horren portaera modu orokorrean ulertzeko helburua dute.

handitzen
1. irudia: Oro har, haurdun dauden emakumeek masa grisaren %4 galtzen dute, baina, aldiz, beren garuneko konektibitatea handitzen da. (Irudia: Daniela Cossio. Iturria: Kalifornia-Irvine Unibertsitatea)

Dena dela, alor honetan dagoen erronketako bat da giza garuna ez dela berdina, eta aldeak badirela bizitzan zehar. Zentzu horretan, adina da, noski, gehien ikertu den faktoreetako bat, batez ere nerabezaroan aldaketa garrantzitsuak gertatzen direlako. Baina aldaketak eragin ditzakeen beste une erabakigarria haurdunaldia da, eta, horren inguruan, asko dago oraindik ikasteko.

Ez da faktore hutsala, inondik inora, are gehiago aintzat izanda urtean munduan 140 milioi erditze inguru daudela: segundo bakoitzeko bat, hain justu. Baina oraindik ere asko dago ikasteko haurdunaldiak eta ondorengo amatasunak garunean izan dezakeen eraginaren bueltan. Hutsune hori betetzen saiatu dira Nature Neuroscience aldizkarian argitaratutako ikerketa batean, eta jasotako emaitzek gainera, berresten dute beste hainbat ikerketatan ondorioztatutakoa.

Ikerketan, Kalifornia Irvine Unibertsitateko (AEB) emakumezko zientzialari talde batek 38 urteko emakume baten haurdunaldia xehetasun handiz jarraitu du. Elizabeth Chrastil zientzialaria izan da ikerketaren jomuga, eta bera ere badago zientzia artikuluaren egileen artean. Jarraipen oso zabala egin dute, gainera: sortzearen unea bera baino hiru aste lehenago hasi dute monitorizazioa, eta erditu eta bi urtera mantendu dute. Orotara, prozesuan zehar 26 erresonantzia magnetiko egin dizkiote Chrastili, eta, azterketa horiez gain, astean behin odol analisiak egin dizkiote. Jarraipenean zehar, alderaketak egin dituzte ere kontrol gisa erabilitako zortzi pertsonarekin. Egileek babestu dute hau dela haurdunaldian dagoen emakume baten garunaren “lehen mapa zehatza”.

Jasotako datuak aztertuta, atera duten ondorio nagusia da haurdunaldiko bederatzigarren astetik aurrera bai substantzia grisaren bolumena zein kortex zerebralaren lodiera gutxitu egiten direla. Modu berean, handitu dira bolumen bentrikularra, likido zefalorrakideoa eta substantzia zuria. Zenbaki handitara eramanda, garuneko eremuen %80 inguruan materia grisaren bolumena %4 gutxitu da. Ehun horrek mugimenduak, emozioak eta memoria arautzen ditu. Aldiz, materia zuriaren integrazioa neurtzean —garuneko eremuen arteko loturaren kalitatea neurtzen duen aldagaia da hau— umea jaio eta gutxira ohiko baloreetara bueltatzen dela egiaztatu dute.

Emily Jacobs ikertzaileak azaldu duenez, horrek ez du zertan txarra izan. Kontrara, zientzialariek uste dute bolumenaren galera zirkuitu neuronalen doitze fin baten ondorioa izan daitekeela, eta horrek ahalbidetuko diola garunari espezializatuagoa izatea. Uste dute neuronen berrantolaketa baten ondorioa dela hau, haurtxoaren eta amaren arteko lotura indartu aldera. Hots, amari haurtxoarekin egoteko nolabaiteko espezializazio bat fintzeko baliogarria izango zaiola aldaketa; alderatu dute nerabezaroan gertatzen den fenomenoarekin: helduaroko trantsizioko garai horretan ere garunak espezializatzera jotzen du.

Ezaguna denez, haurdunaldian gizaki berri bat sustengatzeko egokitzen da emakumearen gorputza. Odolaren kopurua handitzen da, eta amaren energiaren kontsumoa egoera berrira egokitu behar da ere, oxigeno eta elikagai gehiago hartuz. Baina aldaketa garrantzitsuenetako bat hormonei dagokie, estrogenoak edo progesterona biderkatu egiten direlako emakumearen gorputzean. Horrek guztiak, ezinbestean, nerbio sistemaren berrantolaketa ekarri behar du ezinbestean.

Animalietan ikusi izan da antzekorik aurretik, eta ikertzaileek horren adibide bat jarri dute: arratoietan, haurdunaldian handitutako estrogenoek eta progesteronak batez ere nerbio zirkuituak birprogramatzen dituzte hipotalamoan, eta horrek handitzen du amak kumeen usainak eta soinuak hobeto bereizi ahal izateko gaitasuna. Esperimentu horietan ikusi da hormonek neuronen hazkundea sortzen dutela. Modu berean, neuronen arteko loturak ahalbidetzen dituzten espina dendritikoak handitzen dituzte ere.

Prentsa ohar batean azaldu dutenez, jende askori probak egitean oinarritu da gaia aztertzeko orain arte gehien jarraitu izan den metodoa, baina une zehatz batean egin dira proba horiek. Baina, ohartarazi dute taldekako ikuspegi horrek ez duela ahalbidetzen ikustea egunez egun garunean izaten diren aldaketak.

handitzen
2. irudia: Sare neuronaletan konektibitatea handitzen da haurdunaldian. Ilunago agertzen diren eremuak dira aldaketa gehien izan dituztenak. (Argazkia: Anastasiia Chepinska. Iturria: Unsplash)

Denboran mantendutako ondorioei dagokienez ere irakaspen interesgarriak aurkitu dituzte. Hala, erditu eta bi hilabete ingurura atzera egin dute zenbait aldaketak. Baina, adibidez, kortex zerebralaren lodieraren jaitsiera erditu eta gutxienez bi urtera mantendu dira. Oraingo honetan umea jaio eta bi urteko gehienezko tartea izan duten arren, ikertzaileek diote beste zenbait ikerketak ondorioztatu dutela aldaketak mantendu direla umea jaio eta sei urtera. Are, argudiatu dute ikasketa automatikoko teknikak erabilita gai izan direla bereizteko haurdun izan diren eta izan ez direnen garunak, hori gertatu zenetik hamarkadak igaro arren.

“Haurdunaldian zehar, amaren garunak aldaketen koreografia bat izaten du, eta, azkenean gai izan gara prozesu osoa denbora errealean ikusteko”, laburbildu du Laura Pritschet ikertzaileak.

Antzeko ondorioak

Ondorioak bat datoz beste hainbat taldetan egiten ari diren aurkikuntzekin. Horien berri eman du joan den urrian Bidebarrieta Zientifikoa zikloko hitzaldi batean Madrilgo Gregorio Marañon Ospitaleko neurozientzialari Susana Carmonak.

Madrilgo laborategian ikusi dugun berdina ikusi dute Kaliforniako ikertzaile hauek, eta beste hainbat lekutan ere ikusi dute hau. Horrek esan nahi du oso aurkikuntza ziurrak eta sendoak direla”, nabarmendu du.

Hitzaldi horretan Carmonak ideia nagusi bat azpimarratu nahi izan du: haurdunaldiak aldaketa sakon, dinamiko eta iraunkorrak sortzen ditu amaren garunean; ideia horretan, ebidentzia asko pilatuta daudela argitu du. Eta hasierako ebidentzia ere hasia da metatzen beste norabide honetan: estrogeno mailek arautzen dituzten aldaketa hauek amaren eta haurtxoaren arteko loturak indartzen dituztelako ideian.

Bestetik, aiten garunak ere zerbait aldatzen duela azaldu du Carmonak, baina askoz modu txikiagoan gertatzen da hori, eta, beti ere, haurtxoarekin izan duen hartu-emanaren arabera izaten dela. Horrek azalduko lituzke ere guraso biologiko ez direnen artean edo haurdunaldia hirugarren baten esku utzi behar duten amen artean atzematen diren aldaketa txikiak. Horren gaineko ezagutza handitzeko, Carmonak aurreratu du haurdunaldian dauden 127 emakumeri buruzko kontrolak sei unetan egiten ari direla orain, kontrol talde bat izanda eta baita zenbait amaren bikote homosexual kontrolpean izanda ere. Besteak beste, haurdunaldia eta hazkuntza bereizi nahi dituzte horrela.

Hurrengo pausua izango da ikerketetan parte hartzaile gehiago aintzat hartzea, aldakortasun handia duten beste zenbait faktorerekin alderatu ahal izateko: erditze mota, haurtxoari edoskitzea eman ote zaion edo estatus sozioekonomikoa, besteak beste. Adituak azaldu du ezagutzan aurrera jo ahal izateak besteak beste aukera emango duela erditu eta ondoren sor daitezkeen buruko patologiak hobeto tratatzeko.

Erreferentzia bibliografikoa:

Pritschet, Laura; Taylor, Caitlin M.; Cossio, Daniela; Faskowitz, Joshua; Santander, Tyler; Handwerker, Daniel A.; Grotzinger, Hannah; Layher, Evan; Chrastil, Elizabeth R.; Jacobs, Emily G. (2024). Neuroanatomical changes observed over the course of a human pregnancy. Nature Neuroscience. DOI: 10.1038/s41593-024-01741-0


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.