Arrokek ere badute pasaportea

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Nature aldizkarian duela gutxi argitaratutako artikulu batean jatorrizko leku berri bat proposatzen da Stonehenge aztarnategi megalitikoko arroka batentzat. Arroka hori “Aldarea” izenaz da ezaguna, eta haren jatorri berria egungo kokalekutik 750 kilometrora kokatu dute.

Aurkikuntzak eztabaida arkeologiko sutsua piztu du duela milaka urte sei tonatik gorako bloke arrokatsu horren garraio prozesuari buruz. Eta, kasu honetan, bigarren planoan geratu da Geologiak izan duen garrantzia; baina, diziplina hori gabe, ezinezkoa izango litekeen aurkikuntza egitea.

Stonehenge
1. irudia: Stonehenge aztarnategi megalitikoa, Ingalaterrako Wiltshire konderrian. (Argazkia: Diego Delso – CC BY-SA 4.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Stonehenge aztarnategi megalitikoa Ingalaterraren hegoaldean dago, eta haren jatorria, eraikuntza eta funtzioa mundu prehistorikoan eztabaidagai izan dira duela mende askotatik. Kondaira arturiko britainiarraren parte izan da, eta Merlin druida famatuari loturiko ezaugarri magikoak ere egotzi zaizkio.

Mitologia alde batera utzita, orain arte eginiko ikerketa arkeologiko gehienak hemengo egiturak osatzen dituzten arroken jatorria zehazten saiatu dira. Horretarako, ikerketa taldeek arroken ezaugarri litologikoak aztertu dituzte; hau da, arroken jatorria (metamorfikoa, igneoa edo sedimentarioa), eta konposizio minerala. Horiek horrela, inguruko eremuetan antzekoenak diren eta harrizko materialak erauzteko harrobi zaharrak era zitzaketen materialak bilatu dituzte. Ikerketa horien guztien arabera, artikulu berri hau argitaratu arte, Stonehengeko arrokak bi multzotan bereizten ziren: batetik, 1- autoktonoak, Marlborougheko hareharri izeneko arroka sendimentarioak. Marlborough aztarnategitik iparraldera 25 kilometro ingurura dagoen eremua da. Eta, bestetik, 2- aloktonoak, edo “kanpokoak”, arroka igneoen (doleritak eta erriolitak) eta hareharrien multzoa. Azken horiek, dirudienez, Mynydd Preselikoak dira, Galesko hegoaldeko mendi sistemakoak, Stonehengetik 250 kilometro ingurura dagoena.

Stonehenge
2. irudia: Stonehenge aztarnategiko oinaren ikuspegia, hura eraikitzeko erabilitako arroka motak eta “Aldarea” izeneko arroka identifikatuta. (Iturria: irudi eraldatua; Clarke, A; et. al. (2024))

Hala ere, arroka apaingarri baten jatorria zehazteko metodo klasikoak, soilik konposizioa, itxura eta eduki fosilak aztertuta —bestelako ezaugarri litologikoen artean—, arazo handi bat dauka: ingurune berean, garai berean eta baldintza geologiko berberetan baina oso eremu desberdinetan sortu diren arrokak oso antzekoak dira itxura orokorrari dagokionez. Beharrezkoa da miaketa mikroskopiokoetan eta geokimikoetan oinarritutako azterketa geologiko oso xehatua egitea arroka bakoitza bakar bihurtzen dituen ezaugarriak aurkitzeko, eta, horren bidez, zehaztasun osoz arroka horren jatorri geografikoa zehazteko.

Eta horixe izan da Stonehengen hamarkadetan egin den akatsa. Bloke arrokatsu horiek erauzteko teknikak eta, batez ere, Ingalaterrako hegoaldean zehar dozenaka edo ehunka kilometrotan garraiatzeko teknikak azaltzen saiatzean, Mesopotamian gurpila asmatu zuten ala ez oraindik oso argi ez dagoen garai batean, logikak pentsarazten digu hurbilen zeuzkaten arrokak erabili zituztela. Baina Egiptoko piramideei esker ikasi dugu ez ditugula gutxietsi behar antzinako zibilizazioek ingeniaritza zibilaren arloan zeuzkaten ezagutzak. Eta Stonehenge ez da salbuespena.

Jar dezagun berriro ardatza argitaratu berri den artikuluan. Britainiako eta Australiako ikertzaileek osatutako talde batek ikusi zuen multzo megalitikoaren erdigunean dagoen “Aldarea” izeneko hareharriak (ustez Galesen hegoaldetik ekarritakoa) zituen kanpoko ezaugarri litologikoak inguruko arrokekiko ezberdin xamarrak zirela. Eta, horretan oinarrituta, haren jatorrizko eremua zehaztu nahi izan zuten. Horretarako, arroka zehaztasun handiz datatzea erabaki zuten; hau da, haren adina kalkulatzea.

Stonehenge
3. irudia: Zirkoi kristalak mikroskopio eskaneatzaile elektronikoaren pean. Eskala: 0,1 mm. (Iturria: irudi eraldatua; Dröllner, Maximilian; et. al. (2021))

Eta orduan sartzen dira jokoan gure hiru protagonistak: zirkoia, apatitoa eta errutiloa izeneko hiru mineralak. Mineral horiek ia suntsiezinak dira; izan ere, behin eratuta, berdin dio zein prozesu geologikoren menpe dauden, ez baitute inola ere aldaketarik jasango. Hau da, arroken barnean denbora kapsula gisa geratzen dira. Gainera, mineralen egitura kimikoak isotopo erradiaktiboak ditu; eta horrek esan nahi du, denborarekin, isotopo horiek beste mota bateko isotopo bihurtuko direla. Zehazki, uranioa (U) berun (Pb) bihurtzen da, eta lutezioa (Lu) hafnio (Hf). Mineral horietan dagoen U-Pb eta Lu-Hf edukia neur dezakegunez, badakigu zenbat denbora igaro behar den eraldaketa isotopiko hori geratzeko; eta, horrenbestez, adin absolutua eman diezaiokegu mineral horietako bakoitzari.

Stonehenge
4. irudia: Stonehenge aztarnategi megalitikoan erabilitako arroken jatorrizko lekuak. Laranjaz Britainia Handian hareharri zaharrak dauden eremuak markatu dira. Lerro gorriak duela 1000 milioi urte baino gehiago sortutako zirkoiak dituzten arroken (iparraldea) eta mineral modernoagoak dituztenen (hegoaldea) arteko bereizketa markatzen du. (Iturria: irudi eraldatua; Clarke, A; et. al. (2024))

Ikerketa taldeak “Aldarea” izeneko hareharri blokeko zirkoi, apatito eta errutilo kristalak datatu zituenean, deskubritu zuen gehienek 1000 eta 2000 milioi urte artean zituztela. Eta emaitza horiek alderatzean aurretik Stonehenge aztarnategitik hurbileko hareharrietan eginiko beste lan batzuekin, ikusi zuten azken horien mineralak duela 500 eta 700 milioi urte sortu zirela. Hau da, historia geologiko ezberdina kontatzen dute eta, beraz, “Aldarea” eraikitzeko erabili zen arroka ezin da Galesko harrobietakoa izan. Baina Britainia Handian badaude 1000 milioi urtetik gorako adina duten eta konposizioan zirkoia, errutiloa eta apatitoa dituzten hareharri batzuk. Kontua da arroka horiek Eskoziaren iparraldean daudela, Stonehengetik 800 kilometrora. Eta horrela aurkitu zuten aztarnategi megalitikoaren erdiguneko arroka bitxi horren jatorrizko eremua, irla handiaren beste muturrean.

Artikuluak eskaintzen digun ikasketa nagusia da arrokek pasaporte isotopiko bat dutela, horien jatorrizko lekua markatzen duena, eta pasaporte hori interpretatzen jakiteak lagun diezagukeela gure aurretiko zibilizazioen gaitasunen pertzepzioa aldatzen, ezagutzen dugun historia eraldatzera ere iritsiz. Eta hori Arkeologiaren zeregina bada ere, Geologiak ere badu zer esanik.

Erreferentzia bibliografikoa:

Clarke, Anthony J.I.; Kirkland, Christopher L.; Bevins, Richard E.; Pearce, Nick, J. G.; Glorie, Stijn; Ixer, Rob A. (2024). A Scottish provenance for the Altar Stone of Stonehenge. Nature, 632, 570-575. DOI: 10.1038/s41586-024-07652-1


Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.


Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko irailaren 12an: Las piedras también tienen pasaporte.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.