Asteon zientzia begi-bistan #512

Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Ingurumena

EHUko Materialak + Teknologiak ikerketa-taldeak itsas jatorriko PET-botilen (itsas plastikorik ohikoenetakoa) bereizketa eraginkorra ikertu du. Aire zabalean eta itsasoan urperatutako botilak analizatu dituzte, bigarren taldekoak izanda degradazio-maila handiago daukatenak. Bereizketa optikoko sistema batekin probak egin dituzte ere, itsas eta hiri jatorriko PET-botilak automatikoki bereizteko. Ikerketak ondorioztatu duenez, hiri-hondakinen tratamendu-sisteman itsas hondakinak eraginkorrago kudeatu daitezke, eta horrek itsas zaborren jasotzea sustatuko du. Informazioa Elhuyar Aldizkarian.

Biologia

UPV/EHUko Basque Environmental Health Research Group taldeko ikerketa batek ondorioztatu du haurren portaera arazoek zerikusia dutela adatseko kortisol maila handiagoekin, estres kronikoaren adierazle. INMA proiektuko 11 urteko haurrekin egin dute ikerketa, eta amaren estresak eta inguruko zaratarekiko esposizio luzeak kortisol mailetan eragina dutela ere agerian uzten du. Ikerketak haurren estresari eragiten dioten ingurumen faktoreak, faktore sozialak eta indibidualak aztertzeko eredu bat proposatzen du, haurtzaroan eta nerabezaroan politika publikoak hobetzeko eta estres kronikoa murrizteko helburuarekin. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Hizkuntzalaritza

Leyre Rojo Horrillo euskal hizkuntzalariak Erronkarieraren azterketa sakona egiten ari da, euskararen dialekto honen ezaugarri bereizgarriak eta desagertzearen arrazoiak ulertzeko. Erronkarieraren ezaugarri fonologiko eta morfologikoak, hala nola bokal-erorketak edo k-dun erakusleak, aztertzen ditu. Halaber, hizkera desagertuaren soziolinguistika eta testuen edizioa lantzea du helburu, etorkizuneko ikerketetarako baliagarri izan daitezen. Hildako hizkuntzen analisia ezinbestekoa dela dio, hizkuntzen bilakaera eta desagerpena ulertzeko. Tesia Madril eta Compostelako kongresuetan aurkeztu du. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago UEU webgunean.

Arkeologia

Antzinako Brontze Aroko Britainia Handiko Charterhouse Warren aztarnategian izandako sarraskiaren xehetasunak argitu dituzte. Gutxienez 37 pertsona, tartean haurrak, ezustean harrapatu eta modu bortitzean erail zituzten; gorpuak zatikatu eta, ebidentzien arabera, jan egin zituzten. Kanibalismoa indarkeriazko erritual baten parte izan zitekeen, arerioei gizatasuna kentzeko helburuz. Hezurren ebaketa markek eta karbono datazioek erakutsi dute gertakariak K.a. 2200-2000 artean izan zirela. Europan halako erritual bortitzik ez da dokumentatu, eta aurkikuntzak gizateriaren “alderik ilunena” agerian utzi du. Datuak Alean.

Mikrobiologia

Obelisko izeneko RNA molekulak aurkitu dituzte, birusen eta biroideen arteko eremu batean kokatzen direnak. Entitate hauek 1.000 nukleotido inguru dituzte, proteinak kodetzeko gai dira, baina ez dute birusen proteinen estaldurarik. Giza ahoan eta gorotzetan aurkitu dira, baita ingurune naturaletan ere, 30.000 espezie inguru identifikatuz. Oraindik ez da ulertu zer funtzio betetzen duten, baina zientzialariek uste dute bakterioen barruan prozesu biologikoetan eragina izan dezaketela. Aurkikuntza honek bizitzaren ulermena sakon alda dezake eta RNAren jatorriari buruzko hipotesi berriak piztu ditu. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.

Genetika

Ikerketa berri batek, Max Planck Institutuko zientzialariek egina, sifilisaren jatorria Amerikan sustraituta zegoela erakutsi du, Europako konkistatzaileak iritsi aurretik. Amerikako fosiletatik berreskuratutako bost genoma aztertuz, paleontologo molekularrek gaixotasunaren genealogia osatu dute. Ondorioztatu dute sifilisa Amerikatik Europara XV. mendearen amaieran iritsi zela, Europako agerraldi handiaren eragile izan zela, eta ondoren europarrek gaixotasuna hedatu zutela Afrikan eta Amerikan giza trafikoaren bidez. Ikerketak sifilisaren historia ulertzeko hipotesi berriak indartu ditu, eta emaitzak Nature aldizkarian argitaratu dira. Informazioa Elhuyar aldizkarian.

Zoologia

Marrazo muturluzea (Isurus oxyrinchus), arriskuan dagoen espeziea, AZTIk monitorizatzen hasi da Bizkaiko Golkoan haren mugimenduak eta portaera ezagutzeko, kontserbazio-neurriak bideratzeko. Espezie honek ekosistemen orekan funtsezko rola betetzen du, baina arrantza-interesa ere badu. Aurten, lehen aldiz, 1,4 metroko eme bat markatu dute, Amalur izena jarrita, eta bi marka satelital jarri dizkiote, mugimendu horizontal eta bertikalak aztertzeko. Aurretik markatutako marrazoek erakutsi dute Bizkaiko Golkoa marrazo urdinentzat gune garrantzitsua dela urte osoan, eta itsaspeko arroilak interes bereziko habitat direla. Helburua da arrantza-jardueraren kalteak murriztea eta marrazoen irudi negatiboa aldatzea, beren funtzio ekologikoa azpimarratuz. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Ikerketa batek frogatu du odol hotzeko ornodunek, hala nola Niloko tilapiak, ur beroetara joanda portaerazko sukarra erabiltzen dutela infekzioei aurre egiteko. Tenperatura altuek T linfozitoen suntsipen-entzimen ekoizpena moteldu, oxido nitriko antimikrobianoaren transkripzioa handitu eta hantura-proteinak sortzen dituzte, immunitatea indartuz. Era berean, birus eta bakterioen hazkundea oztopatzen dute. Jokabide hori odol beroko animalien sukar biologikoa baino milioika urte lehenago garatu zela ondorioztatu dute. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Astronomia

Uranoren eta Neptunoren sateliteek jarduera geologikoaren zantzuak erakusten dituzte, eta lur azpiko ozeanoak har litzakete. Berriki egindako ikerketa batek, JWST teleskopioa erabiliz, karbono dioxido eta karbono monoxido izotz geruza lodiak antzeman ditu Arielen (Uranoren satelitea), eta horrek prozesu geologiko aktiboak iradokitzen ditu, kriobulkanismoa, esaterako. Gainazalean egon daitezkeen karbonatoen presentziak ur likidoaren eta arrokaren arteko elkarrekintza adieraziko luke, eta horrek bizigarritasun aukerak handitzen ditu satelite horretan. Aurkikuntza horiek etorkizuneko misioen beharra nabarmentzen dute, mundu horiek sakon esploratzeko. Informazioa Zientzia Kaieran.

Argitalpena

Virginia Garcia astronomoak eklipseak haurrentzako liburu batean azaldu ditu, Aranzadi zientzia elkartearekin batera. Hurrengo bost urteetan 13 eklipse ikusiko ditugu, eta horietako ikusgarriena 2026ko abuztuaren 12an izango da Euskal Herrian, eguzki eklipse osoa. Liburuan eklipseen sekretuak azaltzen dira modu erraz batean, baita eguzkiari segurtasunez begiratzeko betaurrekoak ere badituzte. Garcia zeruaren inguruko jakintza galdu dela ohartarazi du, eta astronomiarekiko zaletasuna aitonari zor diola nabarmendu. Datuak Berrian.

Itsasoaren inbentarioa (2021) dibulgazio zientifikoko liburua da, eta 100 itsas espezie inguru aurkezten ditu, batzuk desagertzeko arriskuan daudenak, hala nola zerra-arraina eta hegalaburra. Bisualki erakargarria eta sinplea den gida baten bidez, krustazeo, molusku, arrain eta itsas ugaztunen barietate zabala deskribatzen da. Emmanuelle Tchoukrielen ilustrazioek antzinako grabatu zientifikoak zehatz imitatzen dituzte. Haur eta helduei zuzendutako liburu honek itsas ekosistemaren ezagutza eta kontserbazioa sustatzen du. Azalpenak Zientzia Kaieran.


Egileaz:

Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren komunikazio digitaleko teknikaria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.