Gaur egun datu base zientifikoetan erregistratuta ditugun 80.000tik gorako meteoritoen artean, 390 baino gutxiago lotu daitezke euren jatorriari dagokionez eta nolabaiteko ziurtasunez Marte planetarekin. Hau da, Marteko meteoritoak egun arte erregistratutako meteoritoen guztizkoaren % 0,5a besterik ez dira.
Horrek ez du esan nahi aurkitu diren guztiak edo gure planetan erori diren guztiak barne hartzen direnik, baizik eta —eta hauxe azpimarratzekoa da— horiek direla jatorria planeta gorrian dutela egiaztatu ahal izan ditugunak. Baliteke, halaber, iraganean eroritakoren bat oraindik aurkitu ez izana —batez ere leku urrun edo sarbide zaileko batean erori bazen—, eta egunen batean deskubritzeko zain egotea.
Aurreko paragrafoetan adierazitako guztia kontuan hartuta, artikulu honi izenburua ematen dion galdera absurdoa iruditu daiteke, baina badu bere mamia. Marte planeta “oso” handia da —gutxienez, meteoritoak etortzen diren gainerako asteroideekin alderatzen badugu—, eta alde geologiko eta geokimiko nabarmenak daude planetaren eremu ezberdinen artean. Hori dela eta, meteoritoak oinarrizko pieza bat dira planetaren historia ulertzeko. Pentsa dezagun puzzle konplikatu bat osatzen ari garela. Pieza guztiak bi dimentsiotako mapa bat bailiran kokatzeaz gain, pieza horiek, seguruenik, planetaren historiaren une ezberdinak ere irudikatzen dituzten, hirugarren dimentsio bat gehituta. Horrekin, meteoritoen eta horien jatorrizko testuinguru geologikoaren interpretazioa are gehiago konplikatuz.
Zer meteorito mota aurkitu ditugu? Gehienak arroka igneoz osatuta daude, planetaren barrualdean edo azaleran magma bat solidotzearen ondorioz sortutakoak. Horien talde nagusiak hauek dira: Shergotitak —eta horiek, aldi berean, izena ematen diote meteorito martetarren talderik handienari, identifikatuta dauzkagun meteoritoen ~% 75 baitira—, Nakhlitak, Chasignitak (hiru mota horiek meteorito martetarren SNC supertaldea osatzen dute) eta ortopiroxenitak. Eta azken talde horren barruan sailkatzen da ALH 84001 meteorito oso ezaguna. 90eko hamarkadaren erdialdean, prentsan agertu zen haren baitan bakterioen fosilak izan zitezkeenaren “antzeko” formak aurkitu zituztelako, mundu zientifikoan eztabaida handia piztu zutenak.
Baina itzul gaitezen gaurkoan esku artean dugun gaira. Marte planeta konplexua da eta haren azalera erupzio bolkanikoek, izotzaren eta uraren presentziak, talka kraterren sorkuntzak eta, jakina, erosioak —egun jarraitzen duenak— markatu dute. Prozesu horiek bilakaera bat markatu dute, eta horrek eragin dezake, eremu beretik datozen meteoritoek ezaugarri ezberdinak izatea. Hortaz, oso zaila izango litzateke horiek ondo interpretatzea eta horien jatorria benetan zein den identifikatzea.
Alabaina, Herd et al.-ek Science Advances aldizkarian argitaratutako ikerketa berri batek (2024) aldaketa garrantzitsua ekar dezake meteorito martetarren jatorriari buruzko gure egungo eta etorkizuneko ezagutzetan. Talka eredu fisikoen datuak, teledetekzio datuak —zundek Marteren orbitatik hartzen dituztenak— eta kraterren kronologien datuak —Marteren azaleraren adina kalkulatzea ahalbidetzen digutenak— konbinatuta, Lurrean eroritako meteorito batzuk nondik atera ahal izan ziren identifikatu dute.
Ikerketaren beste puntu interesgarri bat da meteoritoen mineraletan ikusitako alderdiak interpretatu dituztela, talkaren energia bortitzaren ondorioz agertzen direnak. Xehetasun horri esker, ikertzaileek meteoritoak atera ziren kraterren tamaina zenbatetsi ahal izan dute, baita materialen sakontasuna ere —planetaren azalaren barruan— jaurti aurretik. Horri guztiari esker, zein kraterretatik atera ahal izan diren mugatu ahal izan da.
Datu horietatik abiatuta, zenbait krater identifikatu dituzte Martetik etorritako meteorito batzuen iturri gisa. Hauek dira aipatzekoak: Chakpar, Domoni, Kotka, Tooting eta Corinto. Azken hori, bide batez, “markak hausten dituen” kraterra da. Izan ere, balioetsi dute haren sorkuntzaren ondorioz bigarren mailako 2000 milioi krater inguru sortu zirela; zehazki, talka ekitaldian zehar bertatik atera zen materialaren talken ondorioz.
Baina, jatorriaz harago, egileek ohar oso interesgarriak ere egin dituzte Marteren geologiari buruz: meteoritoen eta horien krater “sortzaileen” arteko lotura ezarrita, Marte planetaren historia bolkanikoa berreraikitzeko aukera egon daiteke; eta, horren bidez, planeta eraldatu duten prozesuak hobeto ezagutu ahal izango genituzke.
Egileen ustez, meteoritoen konposizioan dauden aldeek esan nahi dute planetaren mantuak ez dituela konposizio edo ezaugarri homogeneoak, baizik eta “erreserba” magmatiko ezberdinetan banatuta egon dela. Horietako bakoitzak bere ekarpena izan du planetaren historia bolkanikoan, arroka igneo ezberdinak sortuta.
Jar dezagun adibide bat: Corinto kraterrean jatorria duten meteoritoek iradokitzen dute Elysium Planitiaren azpian dagoen mantuak elementu bateraezin gehiago dituela —magmen kristalizazioan zehar mineral ohikoenen egituran hain erraz sartzen ez diren elementuak— Tharsis eremuaren azpian zegoen mantuak baino. Horrek esan nahi du Marteren mantuak konposizio ezberdina duela eremuaren arabera, eta, beraz, fenomeno bolkaniko bereiziak sortu ahal izan direla, gutxienez maila geokimikoan.
Azpimarratu beharreko beste alderdi bat da alborapen handia dagoela gure planetara iritsi diren meteorito martetar motei dagokienez. Gehienak nahiko gazteak dira, ehunka milioi urtetik milaka milioi urtera bitartekoak. Eta horrek kontraste handia eragiten du Marteren azalerari dagokionez ezagutzen ditugun adinen banaketan, gehienak oso antzinakoak baitira. Alborapen horrek argi uzten du meteoritoen bidez bakarrik ezin dugula Marteren historiaren irudi argi eta esanguratsurik eraiki, baizik eta soilik episodio zehatz batzuena.
Hori bai, ikerketak atea irekitzen du etorkizuneko misioetan meteoritoak atera diren Marteko eremuak hautatu eta benetan egiaztatu ahal izateko handik datozen. Edo, beste eremu batzuk iker genitzake, non bertako kraterrek gure planetara meteoritoak bidaltzeko moduko tamaina eta ezaugarriak dituzten, horiek behar bezala edo behin betiko identifikatzen saiatzeko.
Eta, jakina, laginak itzultzeko etorkizuneko misioei begira, eremu batzuetako meteoritoak jada edukitzeak benetan lagun dezake laginik ez dugun beste eremuren bat ikertzeko, piezaz pieza planeta gorriaren historia osatzen jarraitu ahal izateko.
Erreferentzia bibliografikoa:
Egileaz:
Nahúm Méndez Chazarra geologo planetarioa eta zientzia-dibulgatzailea da.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko irailaren 16an: ¿De dónde proceden los meteoritos de Marte?
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.