Asteon zientzia begi-bistan #520

Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Osasuna

UPV/EHUko Gureiker taldeak YouTubeko bularreko minbiziari buruzko 1.247 bideo aztertu ditu, komunitate mediko eta pertsonaleko esperientzien eragina aztertzeko. Bi komunitate nagusi identifikatu dituzte: erakunde medikoak eta esperientzia pertsonalak partekatzen dituzten erabiltzaileak. Istorio pertsonalek, tratamenduak eta itxaropenak deskribatuz, laguntza eta itxaropena eskaintzen dute gaixoentzat. Ikerketak nabarmendu du informazio fidagarria zabaltzea eta sare sozialen erabilera egokia sustatzea beharrezkoa dela, emakumeen babes eta orientazio beharrak asetzeko. Sare sozialak informazio eta laguntza-iturri eraginkorrak izan daitezke diagnostikoaren eta tratamenduaren estresa arintzeko. Informazioa Zientzia Kaieran.

Arkeologia

Maszycka haitzuloko (Polonia) giza fosilen azterketak erakutsi du duela 18.000 urteko talde batek kanibalismoa praktika kultural gisa erabiltzen zuela. Giza hezurrak moztu, zatitu eta muina ateratzeko manipulatu zituzten, erritual aztarnarik utzi gabe. Adituek uste dute talde batek beste bat hil eta jan zuela baliabideak eskuratzeko. Praktika hori Madeleine aldiko beste aztarnategietan ere identifikatu da. Aurkikuntzak Scientific Reports aldizkarian argitaratu dira. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Matematika

Segida matematikoak arau jakin bat jarraitzen duten zenbaki-multzoak dira. Ezagunenetako bat Fibonacci-ren segida da, naturan aplikazio ugari dituena. Zientzia Kaierako artikulu honetan, ordea, Josu Doncel Matematikan doktoreak Catalanen zenbakiak azaltzen ditu. Catalanen zenbakiak hainbat konbinatorika-arazotan azaltzen dira, hala nola, xake-taula baten bidezko bide-kalkuluan edo poligonoen triangulazioan. Segida honek errekurtsibitatean du oinarria: zaila den problema bat ebazteko, haren bertsio sinpleagoaren soluzioa erabiltzea.

Fisika

Gisela Bañosek zizare zuloen kontzeptua aztertzen du Zientzia Kaierako artikulu honetan, haien interpretazio zientifikoa eta zientzia fikzioan izandako bilakaera azaltzen. H. G. Wellsek 1894an espazioan dimentsio gehigarriak izateko aukera jorratu zuen, eta geroago, 1916an, Karl Schwarzschildek eta Ludwig Flammek zulo beltzak eta zulo zuriak proposatu zituzten. Einstein eta Rosenek 1935ean “Einstein-Rosen zubia” definitu zuten, eta John Wheelerrek 1957an “zizare zuloa” terminoa sortu zuen. Zientzia fikzioan, Carl Saganen Contact edo Interstellar filmean erabiltzen dira. Kip Thorne fisikariak 1988an zizare zulo zeharkagarriak matematikoki posible zirela frogatu zuen.

Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa batek erakutsi du sanferminetako jendetzaren mugimendua ez dela kaotikoa, baizik eta patroi zirkular bati jarraitzen diola, fluidoen dinamikaren antzera. Udaletxe plazan, pertsonak hemezortzi segundoko orbita zirkularretan mugitzen dira, eta plazaren tamainak mugimenduaren iraupena zehazten du. Udaltzainek plaza bitan zatitzean, zikloak hamar segundora laburtzen dira. Ikertzaileek ohartarazi dute dentsitate handiak arriskuak sor ditzakeela eta jendetzaren kontrolerako neurriak aztertzen ari dira. Aurten, kale estuetan ere jendearen mugimendua ikertuko dute. Informazioa Berrian.

Astrofisika

Ikertzaileek inoiz detektatu den energia handieneko neutrinoa hauteman dute, aurrekoek baino 30 aldiz energia handiagoa duena. KM3NeT itsas azpiko teleskopioak jaso du ebidentzia, ARCA (Siziliatik gertu) eta ORCA (frantziako mediterraneotik hurbil) detektagailuen bidez. Neutrinoaren jatorria ezezaguna da oraindik, baina eguzki-sistemaren kanpotik etorria izango zela uste dute. Energia handiko unibertsoa ezagutzeko aukera berriak zabaltzen ditu aurkikuntzak. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Ingeniaritza

Metro eta tranbien trenbideetan korrugazioa izeneko irregulartasuna agertzen da, errodadura-gainazalean uhin itxurako higadura sortuz. Honek zarata eta bibrazioak areagotzen ditu, ingurumen-inpaktua eta trenbidearen mantentze-kostuak handituz. Ohiko irtenbidea trenbidea harriztatzea bada ere, kostu handia du. Ikerketek korrugazioaren eboluzioa aurreikusteko eredu bat garatu dute, trenbidearen eta ardatz-muntatuaren dinamika konbinatuz. Eredua esperimentalki balioztatu da metro-linea batean eta emaitza errealekin bat dator. Honek mantentze-lanak optimizatzeko eta trenbideen iraunkortasuna hobetzeko balioko du. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Ingurumena

Hondakin urak aztertzea metodo eraginkorra da epidemiologia eta droga kontsumoa ikertzeko, datu anonimoak eta orokorrak eskainiz. COVID-19aren pandemian erabilgarria izan zen transmisioak aurreikusteko. ESAR-Net sareak 27 ur araztegitan bildutako aurtengo emaitzenen artean, hiru araztegi Euskal Herrian daude. Azken hauetan nabarmendu egin dira alkohol eta nikotina kontsumoan, eta erabat gailen izan dira anfetaminetan, gainerako araztegietako kantitatea halako 30 topatu baitut. Metabolitoen azterketak kontsumoa eta jatorria bereizten laguntzen du. Kutsatzaileen detekzioa eta ezabatzea ere garrantzitsua da; pestizidak, plastifikatzaileak eta farmako hondarrak agertzen dira. Informazio gehiago Berrian.

Eboluzioa

Ikerketek frogatu dute hegaztien eta ugaztunen garunek eboluzio-bide independenteak jarraitu dituztela, nahiz eta arbaso komun bat izan. Science aldizkarian argitaratutako bi artikuluk erakutsi dute palioaren funtzio orokorrak antzekoak diren arren, neuronen garapen-mekanismoak eta gene-taldeak desberdinak direla. Hegaztiek neurona inhibitzaile gehienak mantendu dituzte antzinatik, baina neurona kitzikatzaileak beste era batera garatu dituzte. Aurkikuntza honek garunaren eboluzioaren malgutasuna erakusten du, eta eboluzio konbergentearen adibide argia da. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Paleontologia

Arabak historia geologiko aberatsa du itsaspeko eremu bat izatetik lurra izatera pasa zelako. Horrek askotariko ekosistemak utzi ditu, eta fosil ugari aurkitu dira bertan. Gesaltza Añanan iknitak (ornodunek duela milioika urte laku ertzean utzitako arrastoak) aurkitu dira, eta Izarran, Miozenoaren amaierako hosto eta intsektuen fosilak. Zanbranako aztarnategian krokodiloak, paleozaldiak, dortokak edota primateren bat ere aurkitu izan dira. Gasteizko Natur Zientzien Museoak fosil-bilduma aberatsa du eta gero eta gehiago handitzen doa. Izan ere, aurkikuntzak pilatzen doaz. Gaur egun, adibidez, oihartzun mediatiko handia lortu zuen duela hainbat hilabete Iruña Okan aurkitutako amonite erraldoia ikertzen ari dira. Datuak Alean.


Egileaz:

Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren komunikazio digitaleko teknikaria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.