Asteon zientzia begi-bistan #341

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Arkeologia

Duela 11.700 urte baino gehiagoko giza hezurdura bat aurkitu dute Loizun, Berriak azaldu digunez. Gizaki haren eskeletoa osorik topatu dute lurpean eta bikain kontserbatuta gainera. Nafarroako Gobernuak esan du gorpua ahoz gora ehortzi zutela eta bere burezurrak zulo bat du, jaurtigai batek egina, adituen arabera.

Osasuna

Astra-Zeneca txertoari jarraiki, zabaldu da Parazetamola hartzea txertaketak eragiten dituen albo-ondorioak arintzen dituela. Horren inguruan Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak esan du txertoa hartu aurretik hartu daitekeela. Miren Basaras zientzialariak artikulu honetan hori ezbaian jartzen du.

Franck de Cazanove Baionako ospitaleko farmaziako eta laborategiko buruak txertoez eta Frantziako Gobernuaren finkatutako estrategiaz hitz egin du, Berriak egin dion elkarrizketa honetan.

The Lancet aldizkariak Dementia preventiom, intervention and care izeneko txostena argitaratu zuen 2017an. Bertan, bederatzi arrisku faktore identifikatu zituen. Aurten argitaratutakoan, beste hiru arrisku faktore gehitu dituzte: alkoholaren gehiegizko kontsumoa, lesio entzefaliko traumatikoak eta kutsadura atmosferikoa.

Kimika

Martxoaren 8an Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzen da eta horren harira, zer dago kolore morearen atzean? Informazio interesgarria eman digute. Adibidez, sintetizatu zen lehenengo koloratzailea kolore morea izan zen. Eta zergatik da kolore hori emakumeen berdintasunaren adierazle?

Matematika

Stern-en segida zer den badakizu? Testu honetan azaltzen digute zenbaki arruntez osatuta dagoela, eta propietate asko dituela. Horren baitan, segidaren n. gaia zein den kalkulatzeko propietate berri bat aipatzen dute.

Gaur, martxoaren 14a da eta Matematikako Nazioarteko Eguna ospatzen da. Hori horrela, artikulu honetan pi zenbakiaren historiari buruzko azalpenak eman dizkigute. Ez galdu!

Genetika

Hiru milioi afrikarren genomak sekuentziatzea helburu du 3MAG proiektuak. Horren bitartez, kontinentearen aniztasun eta aberastasun genetikoa jaso nahi dute, eta Afrikako ikerketa genetikoak erdigunera ekarri. Berriak kontatu digu afera artikulu honetan.

Ingurumena

Tenperatura-aldaketa lekuz leku aztertu eta Europako mapa interaktibo batean islatu dituzte emaitzak, Elhuyar aldizkariak jakinarazi duenez. Azken berrogeita hamar urteetan izandako aldaketak hartu dituzte kontutan. Emaitzak ikusita, baieztatu dute kontinente osoa berotzen ari dela.

Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunak (IUCN) Lurreko ekosistema guztiak sailkatu ditu. Proiektuak “Ekosistemen Tipologia Globala” du izena. Bertan, 108 ekosistema-moten ezaugarri biofisiko garrantzitsuenak definitzen dira. Elhuyar aldizkariko berri honetan topatuko dituzue xehetasunak.

Fisika

Orain arte neurtu ahal izan den grabitazio-indarrik txikiena neurtu dute. Austriako Zientzia Akademiako ikertzaile batzuek milimetro bateko erradioko urrezko bi esferaren artekoa neurtu dute, Elhuyar aldizkariak azaldu digun legez.

Fukushimako istripu nuklearraren harira, hondamendi horrek utzi zituen ondorioen inguruan, energia nuklearraren arazoak eta etorkizun hurbilean dauden erronkak izan dira mintzagai Elhuyar aldizkarian.

Ildo horri jarraiki, hondakin nuklearrari erreparatu dio Ana Galarragak Berriako testu honetan. Hausnarketa interesgarria da, ez galdu!


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz:

Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude