Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Fisika
Innsbruckeko Unibertsitateko ikertzaileek supersolidoen zurrunbilo kuantikoak behatu dituzte lehen aldiz eta Nature aldizkarian argitaratu dute bere lana. Supersolidoak aldi berean solido eta superfluido diren materiaren fase paradoxikoak dira. Esperimentuak materia kondentsatuaren eta neutroi izarren barne-egituraren ulermena hobetzeko balio du. Ikertzaileek eremu magnetikoak eta hozte teknikak erabili dituzte tornado txiki kuantikoak sortzeko eta haien portaera aztertzeko. Aurkikuntzak pulsarretan gertatzen diren akats teknikoak azaltzeko balio ere balio du, eta materiaren fase exotikoen ikerketa sakontzen du. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.
Ingurumena
UPV/EHUko, Frantziako Ikerketa Zientifikorako Zentro Nazionaleko (CNRS) eta Nafarroako Unibertsitateko ikertzaileek Irati oihaneko liken eta goroldioetan kutsatzaile organiko iraunkorrak (PAH, PCB eta OCP) detektatu dituzte. Kutsaduraren jatorria hiriguneetako emisioak, nekazaritza-errekuntzak eta iraganeko pestizida eta isolatzaile elektrikoak dira. PAHen kontzentrazioa nabarmena da, eta kutsatzaile horiek atmosferaren bidez urrunera garraiatzen dira. Nahiz eta balioak ez diren alarmagarriak, toxikotasuna dela eta, ikertzaileek bilakaera gertutik jarraitzearen garrantzia azpimarratu dute, ingurune babestu eta garbia den Iratin kutsadura metatzea saihesteko. Informazioa Berrian eta Elhuyar aldizkarian.
Berriki argitaratutako ikerketa batek artsenikoaren bizi-zikloa aztertu du, Pic du Midi-ko ikerketa zentroko laino- eta euri-laginak baliatuz, kutsadura-iturriak identifikatzeko. Emaitzek erakusten dutenez, jarduera antropozentrikoetan igorritako konposatu kimikoak atmosferara heltzen dira −zuzenean giza ekintzen emisioen bidez ez bada ere − landare, onddo, bakterio, alga eta gainerako izakietan gertatzen diren zenbait transformazio kimiko prozesuen ondorioz. Iberiar penintsulak eta Frantziak ozeano Atlantikoak eta itsaso Mediterraneoak baino artseniko lurrunkor kopuru handiagoak igortzen dituztela aurkitu dute. Azterlanak erakusten du artsenikoaren ziklo globalaren azterketan iturri naturalak kontuan hartu behar direla hemendik aurrera. Azalpenak Zientzia Kaieran.
Mikrobiologia
Leartiker Esneki Zentroak GAZTANOLA proiektua abiarazi du egurrezko apalek gazten ontze-prozesuan dituzten onurak aztertzeko. Egurrezko apalek hezetasuna erregulatzeko eta mikroorganismo onuragarrien biofilma sortzeko gaitasuna dute, gazten ezaugarri organoleptikoak hobetuz. Ikerketaren arabera, egurrezko apalek errendimendu hobea eta segurtasun mikrobiologikoa bermatzen dute, Listeria monocytogenes bakterio patogenoa haztea eragozten baitu. Euskadiko gaztandegietan oraindik oso hedatuta ez badago ere, egurrezko apalen erabilera berreskuratzea gaztagintzaren dibertsifikazioan eta kalitatean lagungarria izan daiteke. Datuak Zientzia Kaieran.
Klima-aldaketa
Otsailean itsas-izotzaren zabalerak minimo historikoa erregistratu zuen; hilabete horretan bataz besteko izotz-zabalera baino % 8 gutxiago zegoen. Copernicus behatoki klimatikoaren arabera, berotze globalaren ondorioz izotzaren urtzea azkartzen ari da, eta horrek klima, ekosistemak eta pertsonak kaltetzen ditu. Izotzak eguzkiaren beroa islatzen duenez, haren galera itsasoko uraren beroketa bizkortzen ari da. Ipar Poloan bataz besteko tenperaturak 11 graduak gainditu ditu. Azalpenak Gara egunkarian.
Munduko glaziarrak, baita Pirinioetakoak ere, azkar ari dira desagertzen. 2023an, munduko eskualde glaziar guztiek izotz masa galdu zuten lehen aldiz. Pirinioetan, 2016an 22 glaziar bazeuden, baina gaur egun 15 besterik ez dira geratzen, eta gehienak 2030erako desagertuko dira. Glaziarren urtzeak ur horniduran, ekosistemetan eta paisaian eragin handia du. Gainera, luiziak eta uholdeak areagotu ditzake. Unescok 2025a Glaziarren Kontserbaziorako Urte izendatu du, egoera larri honen aurrean kontzientzia sortzeko. Informazio guztia Berrian.
Jasangarritasuna
Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) elkarri lotuta daudela, eta batzuek besteak indartu edo oztopa ditzaketela ondorioztatu du Mexikoko Unibertsitate Autonomoko ikerketa batek. Ikerketa horren arabera, munduko herrialde bakar bat ere ez da iritsiko GJH betetzera 2030erako. Ekintza klimatikoa eta kontsumo arduratsua elkar babesten dute, baina egungo sistema ekonomikoak oztopatzen ditu. Pobrezia desagerraraztea, aldiz, sinergikoa da beste helburu gehienekin. Ikerlariek GJHen arteko erlazioak kontuan hartzen dituen ikuspegi berria proposatu dute helburuak modu eraginkorragoan betetzeko. Informazio guztia Elhuyar aldizkarian.
Biomedikuntza
Jaione Auzmendi Iriarte (Lazkao, 1993) Biologia Molekularra eta Biomedikuntzan doktorea da. BioGipuzkoan garuneko minbizia ikertu ostean, CIC bioGUNEn prostatako minbizi metastasikoan ikertzen ari da, immunitate-sistemaren eta tumoreen arteko harremanak aztertuz. Bere ikerketak makrofagoen eta neutrofiloen eragina tumorearen garapenean ulertzea du helburu. Zientzia-dibulgaziorako hainbat ekimenetan parte hartutakoa da kultura zientifikoa gizartean zabaltzeko. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago UEUko webgunean.
Eboluzioa
Cambridgeko Unibertsitateko ikertzaileek giza eboluzioari buruzko ikuspegi berri bat proposatu dute. Cobraa algoritmoa erabiliz, ikusi dute Homo sapiens bi espezie desberdinen ondorengoa dela, duela 300.000 urte hibridatu zirenak. Espezie batek gure genoman % 80ko arrastoa utzi zuen, eta besteak, % 20koa (azken honek, batez ere garunaren funtzioekin lotutako geneetan). Ikerketak iradokitzen du gure arbasoek arbaso komun bat zutela duela 1,5 milioi urte. Nature Genetics aldizkarian argitaratu dute ikerketa. Datuak Elhuyar aldizkarian.
Astronomia
James Webb espazio-teleskopioak lehen aldiz detektatu du karbono dioxidoa eguzki-sistematik kanpoko planeta batean, HR 8799 sisteman. Lurretik 130 argi-urtera dagoen sistema horretan lau planeta erraldoi daude, eta haien atmosferan CO₂ eta beste elementu astunak (karbonoa, oxigenoa, burdina) aurkitu dituzte. Horrek iradokitzen du planetak Jupiterren eta Saturnoren antzera sortu zirela, nukleoen akrezioz (nukleo solidoen metaketa geldoaren bidez). Aurkikuntzak erakusten du James Webb teleskopioa gai dela exoplaneten atmosferak zuzenean aztertzeko. Ikerketa The Astrophysical Journal aldizkarian argitaratu dute. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
Matematika
Geometria, konbinatoria eta topologia erabil daitezke euskal dantzetako mugimenduak eta kokapena deskribatzeko. Dantzarien mugimenduak eta posizioak irudi geometrikoetan antolatzen dira, hala nola zirkunferentzietan, laukizuzenetan eta poligonoetan. Musikaren erritmoa zatikiekin adierazten da (adibidez, 2/4 arin-arinean, 5/8 zortzikoan). Konbinatoriak dantzarien posizio-aldaketak modelizatzen ditu, eta txirikorden teoriak zinta dantzako mugimenduak azaltzen ditu. Matematikaren bidez, dantzaren edertasuna eta egitura hobeto uler daitezke, baita dantzen bidez kontzeptu matematikoak modu bisual eta praktikoan irakatsi ere. Informazioa Berrian.
Egileaz:
Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren komunikazio digitaleko teknikaria.