Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Fisika
Erreferentzia esparru kuantikoek kokapen ugari izan ditzakete aldi berean, fisika klasikoaren ikuspegia desafiatuz. Ohiko fisika kuantikoak erreferentzia esparruak baztertzen zituen, baina ikertzaileek erakutsi dute hauek gainezarpena, korrelazioa eta gertaeren ordena bera baldintzatzen dituztela. Halaber, grabitate kuantikoaren ikerketan lagundu dezakete, espazio-denbora deformazioen interpretazioa hobetuz. Erreferentzia esparru kuantikoak paradoxa batzuk argitzeko baliagarriak izan litezke, nahiz eta oraindik definitu eta transformatzeko modu estandarrik ez dagoen. Azalpenak Zientzia Kaieran.
Osasuna
UPV/EHUko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileek egindako azterlan batek erakutsi du COVID-19aren pandemiak antidepresiboen preskripzioaren igoera eragin zuela, batez ere 40 urtetik beherako emakumeen artean. Pandemiak osasun mentalaren egoera okertu zuen, bakartasun soziala, estresa eta egoera ekonomikoaren ezegonkortasuna faktore nagusiak izanik. Gainera, sintoma depresiboen intzidentzia handituta jarraitzen du pandemia amaitu ondoren ere. Antidepresiboen erabilera ez da soilik depresioari lotzen, antsietatea, insomnioa eta min kronikoa ere tratatzen baitira horiekin. Ikerketa Healthcare aldizkarian argitaratu dute. Datuak Elhuyar aldizkarian.
Kimika
Pozoiak auzitegi-zientzien alor erakargarrienetakoak dira, historikoki hilketetan eta literaturan ohikoak izanik. Toxikologiak substantzia toxikoak eta haien ondorioak aztertzen ditu, eta auzitegi-toxikologiak horiek esparru juridikoan ikertzen ditu. Horiei buruz idatzi du oraingoan Zientzia Kaieran Josu Lopez-Gazpio, Kimikan doktorea. ‘Toxiko’ eta ‘pozoi’ hitzak sarri sinonimotzat hartzen dira, nahiz eta zientifikoki lehenengoa zehatzagoa izan. Historikoki, Mateu Orfila izan zen toxikologiaren aitzindaria, eta bere ekarpenek epaiketa ospetsuetan lagundu zuten.
Edurne Redondo Negretek kimika ikasi zuen, eta, ikertzeko grina medio, hainbat herrialdetan aritu da. Madrilen hasi zen lanean, Bartzelonan polimeroen masterra egin zuen, eta doktoretza egin ondoren, Frantzian eta Txekiar Errepublikan aritu da. Gaur egun, Manchesterren sodio-ioizko bateriak ikertzen ditu, te-hondakinak ikatz bihurtuz. Litioaren alternatibak aztertzen ari da, iraunkorragoak diren materialekin. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran.
Zoologia
Ikerketa batek erakutsi du saguzarrak ekaitz fronteetako haizeak aprobetxatzen dituztela energia gutxiago kontsumitzeko migrazioetan. Zientzialariek 71 saguzar jarraitu dituzte, eta haien mugimenduak ez direla bide finko baten arabera gertatzen ondorioztatu dute. Sentsore arinen bidez, jakin dute saguzarrek ekaitza iritsi aurretik ateratzen direla, haize beroak baliatuz. Gau batean 400 km-ko distantzia egin dezaketela frogatu dute, eta migrazio osoa 1.600 km-koa izan daitekeela uste dute. Aurkikuntza honek saguzarren migrazioa ulertzen laguntzeaz gain, haien babeserako neurriak hartzeko ere balioko du. Informazioa Zientzia Kaieran.
Medikuntza
Ikerketa batek frogatu du gorozkietan ezkutatutako odolaren proba kolonoskopia bezain eraginkorra izan daitekeela minbiziaren detekzioan eta hilkortasuna murrizteko. Test honek ez-inbaditzailea izateaz gain, kostu txikiagoa du eta parte-hartze handiagoa eragiten du. 57.000 pertsonarekin egindako azterketan, bi metodoen emaitzak antzekoak izan dira. 2009tik, EAEko baheketa-programari esker, 1.000 heriotza saihestu dira eta hilkortasuna % 28 jaitsi da. Ikertzaileek azpimarratu dute test honek baheketarako aukera bideragarri eta erosoa eskaintzen duela. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
Mikrobiologia
Ez, birus guztiak ez dira kaltegarriak. Ala erantzun du UPV/EHUko Miren Basaraz mikrobiologoak Bergarako Aranzadi Ikastolako ikasleen galderari Zientzia Kaierako Gazte-galderak atalean. Azaldu duenez birus gehienak ez dira patogenoak, eta asko onuragarriak dira bai gizakientzat bai ingurumenarentzat. Adibidez, bakteriofagoak bakterio kaltegarriak kontrolatzeko erabiltzen dira, eta zenbait birusek giza plazentaren garapenean laguntzen dute. Birus batzuk elikagaien kontserbazioan edo gaixotasunen tratamenduan ere erabil daitezke. Beraz, birusek osasunari eta ekosistemei ekarpen positiboak egin ditzakete.
Neurozientzia
UPV/EHUko ikerketa baten arabera, maratoiak mielina galera eragiten du garunean, baina bi hilabeteko atsedenaren ondoren guztiz berreskuratzen da. Maratoian, energia iturri nagusiak agortzean, gorputzak mielina erabiltzen du. Erresonantzia magnetiko bidez egiaztatu dutenez, maratoiaren ondoren mielina gutxitzen da, baina bi aste barru neurri handi batean itzultzen da, eta bi hilabetera ia erabat berreskuratuta dago. Ikerlariek oraindik ez dakite gehiegizko ariketak ondorio kaltegarriak izan ditzakeen. Aurkikuntzak esklerosi anizkoitza eta bestelako gaixotasunak ulertzeko bide berriak ireki ditzake. Informazioa Berrian.
Egileaz:
Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren komunikazio digitaleko teknikaria.