Ezjakintasunaren kartografia #542

Dibulgazioa · Ezjakintasunaren kartografia

Ezjakintasunaren kartografian astean zehar Mapping Ignorance blogean ingelesez argitaratutako artikuluen mamia euskaraz biltzen duen gehigarria da.

Gaur egungo bizidun guztiek arbaso bakarra dute (LUCA). Horrek ez du esan nahi LUCAren bestelako bizimodu garaikiderik ez zeudenik, baizik eta haien ondorengoek fruiturik eman ez zutela eta LUCAk haiekin ekosistema batean erlazionatu zela. LUCA, a prokaryote-like organism at war with viruses, Saioa Manzano-Morales.

Azken hamarkadetako fisika, ingeniaritza eta materialen zientzia ezin lirateke ulertu bi arte tradizional japoniarrik gabe: origamia (papera tolestuz hiru dimentsioko egiturak sortzea) eta kirigamia (tolesteaz gain moztuz). Orain, kirigamiaren alderantzizko ingeniaritzaren ikuspegi berri batek asko sinplifikatu lezake, askotariko aplikazioekin. Kirigami, inverse design with no advanced computational tools.

Filmek (eta oligarka mediatikoren batek) hainbeste desitxuratu dute Marteko esplorazioaren inguruan dugun ikuspegia, non beharrezkoa baita hausnarketa bat egitea zer egin den, zer egiten ari den eta zer den zentzuzkoa etorkizun hurbilean egitea. Ari Koeppelen On real-life Mars exploration

Imajinatu mikroskopio bat, atomoak “ikusteaz” gain, bi grafeno geruza tenperatura kriogenikoetan biratzeko gai dena. Horrelako aparatu batek aukera emango luke grafenoa hautsi bitartean elektroien interakzioak ezagutzeko, eta horrek lotura estua du angelu magiko izeneko angelu jakin batzuen supereroankortasunarekin. Horrela, material horien propietate exotikoak nola agertzen diren jakingo dugu. Onena da ez dela imajinatu behar, existitzen da eta Naturek argitaratu du. DIPCko jendea The cryogenic quantum twisting microscope and the phason mode of moiré systems


Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.