Bero bolada gero eta gogorragoetara egokitzeko, hirietan zuhaitzen eta eguzki panelen konbinazioa estrategia onena dela ondorioztatu du gaiari buruzko ikerketa batek.
Nazio Batuen arabera, gaur egun pertsonen % 55 hirietan bizi dira, eta, dauden joerak aintzat hartuta, 2050. urterako kopuru hori % 13 haziko da. Hortaz, horietan biztanle andana eta jarduera ekonomiko handia pilatzen direla aintzat izanda, agerikoa da klima aldaketak hirietan izango duen eraginagatik sortzen den interesa; ohi bezala, ezagutza hutsez harago doan kontua da, eta, horregatik, egoera berrietara ahalik eta ondoen egokitzeko mekanismoen bila ari dira mundu osoko milaka ikertzaile.
PNAS aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean, norabide horretan beste pauso bat eman dute. Bertan, klima aldaketarekin batera gero eta gehiago gertatzen ari den hirien beroketari aurre egiteko azpiegitura eraginkorragoen gaineko azterketa argitaratu dute.

Egileek ikusi nahi izan dute zeintzuk diren etorkizunerako aurreikusten diren berotze agertokien arabera hirietan erabilgarriagoak izan daitezkeen estrategiak. Ipar Amerikako hiru hiri aztertu dituzte, ikerketa Phoenix, Toronto eta Miami hirietan oinarrituz. Ingurune horietan muturreko bero boladei aurre egiteko bost estrategia aztertu dituzte: kaleko zuhaitzak, teilatu freskoak, teilatu berdeak, eguzki panelak eta zoru islatzaileak. Azterketa egiteko, hiru irizpide nagusi hartu dituzte kontuan: kanpoko bero estresa, aire girotuaren energia kontsumoa eta airearen kutsaduraren aireztapena.
Ondorioztatu dute hiru irizpide horien arabera onargarria izan daitekeen estrategia bakar bat ez dagoela. Halere, emaitza onenak lortzen dituzten biak kaleko zuhaitzak eta eguzki panelak dira.
Kaleko zuhaitzei dagokienez, atzean dagoen arrazoia oso logikoa da: itzala ematen dutenez, kanpoko bero estresa murrizten dute. Horretarako, zuhaitzak guztiz egokiak dira: beste estrategiak baino lau aldiz eraginkorragoak, hain zuzen ere. Hala, ikusi dute Phoenixekoa bezalako klima lehor batean zuhaitzek muturreko bero estresa egungo mailetara jaitsi dezaketela, IPCCren txostenean XXI. mendearen amaierako marraztu egin den agertoki okerrenean ere (RCP 8.5). Onura handi horiek aurkitu dituzten arren, ñabardura bat jarri diete zuhaitzei: aireztapena oztopatzen dute, eta horrek kale mailan kutsaduraren metatzea eragiten du. Iradoki dute auto elektrikoen erabilera handitu ahala arazo hori arinduko dela, halere.
Elementu natural batetik elementu artifizial batera igaroz, eguzki panelek —%30eko eraginkortasunarekin—, aire girotua elikatzeko moduko energia nahikoa sortzen dute, eta, biltegiratze egokiarekin konbinatuz gero, bero boladetan sortzen den energia eskaria guztiz ase egin dezakete. Dena dela, bero estresa gutxi murrizten dute panel hauek. Zeregin horretan erabilgarriagoak dira teilatu hotz eta berdeak, bero estresa zein energia kontsumoa neurriz murrizten dutelako.
Teilatu hotzek albedoa handitzen duten azalerak dira; hots, eguzkiaren argia islatzen dutenak, eta, ondorioz, tenperatura gutxiago xurgatzen dute. Gaur egun salgai diren materialen ezaugarrien arabera egin dituzte kalkuluak. Horiek ez badira lantzean behin garbitzen, ordea, zikindu daitezke, bai eta kolorea galdu ere, eta horrek beren eraginkortasuna txikitu dezake.

Beste horrenbeste gertatzen da zoru isolatzaileekin. Kasu honetan, ordea, zoruan ezartzen den elementua izanik, hartu ahal duten argitasun mailak beste muga bat ezartzen du: bisuala, hain zuzen. Gehiegizko argitasuna oztopo izan baitaiteke hirietan egunero gertatzen diren jardueretarako. Azkenik, teilatu berdeak begetazioz estalitako elementuak dira, eta, tenperatura orekatzen lagundu badezakete ere, aintzat hartu behar da horiek ureztatzeko beharra dutela onik mantentzeko.
Ikerketak dio zuhaitzen eta eguzki panelen konbinazioa dela aukerarik eraginkorrena. Modu berean, klima aldaketaren aurkako borrokan ere lagungarriak direla azpimarratu dute, zuhaitzek karbono dioxidoa xurgatzen dutelako, eta eguzki panelek argindar garbia sortzen dutelako.
Ikerketan batere ondo ateratzen ez den estrategia zoru islatzaileena da, ia-ia onurarik ikusten ez dietelako. Are, kontrako norabidean doan efektua ere izan dezakete: eguzki izpiak islatzen dituztenean, batzuetan, bero estresa areagotu dezaketelako.
Egileek ondorioztatu dute kaleetan zuhaitzen itzala etengabe eskaintzeak eta hiri eraikin guztietan teilatuko eguzki panelak gehitzeak “muturreko beroaren eragina murriztuko lukeela pertsonengan”, ikerketaren berri ematen duen prentsa ohar batean adierazi dutenez.
Beraz, ikertzaileek hirietan zuhaitzak landatzea gomendatu dute, batez ere eraikin altuek emandako itzal gutxi duten kaleetan. Dena dela, ohartarazi dute aintzat hartu behar direla ere ur eskuragarritasuna, zuhaitzek behar dituzten mantentze lanak eta —kaleen aireztapenari begira— aire kalitatearen beharra. Batez ere klima lehorretan, zuhaitzen ureztatzea mantentzeko gaitasuna kontuan hartu beharrekoa dela ohartarazi dute. Modu berean, aire kutsatzaileen aireztapen murrizketa aintzat hartu beharreko faktoretzat jo dute. Hori dela eta, estrategia hauek hiri bakoitzaren beharretara egokitu behar direla diote, uholde arriskua edota neguan izan daitezkeen eraginak bezalako faktoreak ere aintzat hartuz. Modu berean, energia kontsumoa ase egiteko eguzki panelak instalatzeko gomendioa egiten dute.
Zientzialariek aurreratu dute etorkizuneko ikerketetan bestelako ondorio eta aldagaiak aztergai izango dituztela, gaiaren inguruko ikuspegi osatuagoa lortu aldera. Tartean, esku-hartze bakoitzaren kostuak, osasunari lotutako inpaktuak edota hiri diseinuaren aniztasuna.
Erreferentzia bibliografikoa:
Egileaz:
Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.