Helen Battle, itsas biologian eta enbriologian aitzindaria

Dibulgazioa · Emakumeak zientzian

Helen Battle zientzialariak (1903-1994) bizi osoa eman zuen Kanadan iktiologia ikasten eta irakasten (arrainak ikertzen dituen zoologiako adarra). Bere herrialdean Itsas Biologiako doktoregoa egin zuen lehen emakumea izan zen, eta ezagun bihurtu zen laborategiko ikerketa metodoak aplikatzeagatik itsas organismoak ikertzerakoan. Haren legatuak bost hamarkada baino gehiagoko irakaskuntza, ikerketa eta emakumeek zientzian parte hartzearen aldeko borroka utzi ditu.

Helen Battle 1903ko abuztuaren 31n jaio zen, Londonen (Ontario, Kanada), eta txiki-txikitatik izan zuen interesa natura zientzietan. Hamasei urterekin unibertsitate ikasketak hasi zituen Ontarioko Mendebaldeko Unibertsitatean (ingelesez, Western University edo Western), eta bertan Botanikako eta Zoologiako gradu bikoitza eskuratu zuen 1923an. Ikerketarekiko interes handia zuenez, hurrengo urtean master bat egin zuen, eta, hala, unibertsitate horretako Zoologia Saileko maila horretako lehen emakume graduatua izan zen. Arrainen enbriologiari buruzko tesia egin zuen (animalien enbrioien sorrera eta garapena ikertzen dituen biologiako adarra), eta gai horrek bizitza osoan zehar piztu zion interesa. Are gehiago, arlo horretan egin zituen ekarpen zientifiko handienak.

Jakin-min handia zuenez, Torontoko Unibertsitatera joan zen, eta 1928an historia egin zuen han, Kanadan Itsas Biologian doktoratu zen lehen emakumea izan baitzen. Gero Western-era itzuli zen Zoologia Saileko irakasle laguntzaile gisa, eta han hasiera eman zion ikerketa ibilbide oparo bati.

Helen Battle
1. irudia: Helen Battle zientzialariak bizi osoa eman zuen Kanadan iktiologia ikasten eta irakasten. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Pasio eta eragin handiko hezitzailea

Battle Ontarioko Mendebaldeko Unibertsitateko irakasle izan zen 1929tik 1967ra bitartean. Ikerketarekin lotutako ekarpen handiak egin bazituen ere, bere helburu nagusia irakastea zen.

Aitzindaria izan zen irakaskuntzaren alderdi metodologikoak lantzen. Bere ibilbidean zehar, zoologia, anatomia, histologia eta enbriologia eskolak eman zizkien hainbat adarretako ikasleei. Ilustratzaile gisa ere iaioa zen, eta, horri esker, Helenek koloretako marrazki zehatzak egiten zituen arbelean, eskolak aberasteko. Arrakasta handia izan zuen irakasle gisa, batetik, irakasgaiak oso gogoko zituelako, eta, bestetik, ikasleek ikaskuntzan parte hartze handia izatea nahi izaten zuelako.

Kalkulatzen da 4.500 ikasle inguru izan zituela bere lan ibilbidean zehar. 1967an erretiroa hartu ondoren ere, Battlek irakasteko modu berritzaileak bilatzen jarraitu zuen, eta 1968 eta 1970 artean telebista hezkuntza bitarteko gisa erabili zuen lehen irakasleetako bat izan zen.

Ikertzaile aitzindaria itsas biologian eta enbriologian

Helen Battleren ikerketa ez zen itsas biologiaren landa lan tradizionalera mugatu. Itsasoko arazoak ikertzean laborategiko ikerketa metodoak aplikatu zituen lehen zoologoetako bat izan zen; hain zuzen, histologia eta fisiologia teknikak erabili zituen horretarako. Kutsatzaileek itsas bizitzan eta ur edangarrian duten inpaktua ikertu zuen batik bat. Aitzindaria izan zen; izan ere, arrain arrautza ernalduak erabili zituen substantzia kantzerigenoek zelulen garapenean dituzten efektuak aztertzeko.

Bere ibilbidearen zatirik handienean aurrekontu estuekin eta baliabide gutxirekin lan egin behar izan bazuen ere, Battlek 37 artikulu argitaratu zituen 1926 eta 1973 artean. Dokumentu horien artean hainbat espezieri buruzko azterketak zeuden (arraiak, muskuiluak, legatza eta koloretako arrainak), bai eta zientzia irakasteko metodoei buruzko lanak ere. Haren argitalpenak ezagunak dira ideia sakonak plazaratzen dituztelako eta Battlek berak lumaz eginiko marrazki xeheak dituztelako.

Helen Battle
2. irudia: Helen Battlek bere argitalpenetarako eginiko marrazki batzuk. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

1970eko hamarkadan Canadian Journal of Zoology zientzia-aldizkariko editore elkartua izan zen.

Lidergoa eta aintzatespena

Gizonak nagusi ziren arlo batean lan egiten bazuen ere, Battlek ardura handiko karguak izan zituen bere ibilbidean zehar. Lidergorako gaitasun handia zuen, eta, horri esker, bitarteko sailburua izan zen Zoologia Sailean, eta zeresan handia izan zuen unibertsitateko Biologia eta Geologia Fakultatearen eraikin berria sortzeko eta diseinatzeko prozesuan.

Helen Battle 1961ean Zoologoen Kanadako Elkartea sortu zuten kideetako bat izan zen, eta elkartearekiko lotura handia izan zuen ordutik aurrera: elkarteko lehen presidenteordea izan zen 1961ean, presidentea 1962-1963 aldian eta hilarteko ohorezko kidea 1967tik aurrera. Horrez gain, elkartearen F. E. J. Fry domina jaso zuen 1977an.

1967an Kanadaren Mendeurreneko Domina eman zioten, eta 1971n bi honoris causa doktoretza, bat bere unibertsitateak eta bestea Carleton Unibertsitateak, emakumeek zientzian duten estatusari egindako ekarpena aitortzeko. 1975ean Natura Zientzien Museo Nazionalak Kanadako hemeretzi zientzialari garrantzitsuenen artean sartu zuen.

1991n Zoologoen Kanadako Elkarteak Helen Battle Saria sortu zuen bere omenez, eta, hala, Kanadako zoologiaren arloan utzi zuen legatua aitortu zioten. Helen Battle hiru urte geroago hil zen, 1994ko ekainaren 17an, bere jaioterrian, 90 urte zituela.

Iturriak:


Egileaz:

Edurne Gaston Estanga elikagaien zientzia eta teknologiako doktorea da. Gaur egun, zientzia eta teknologiaren ezagutza zabaltzea sustatzen duten erakundeen proiektuak kudeatzen ditu.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko apirilaren 17an: Helen Battle, pionera en biología marina y embriología.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.