Asteon zientzia begi-bistan #542

Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Irudia: Yan Krukau – Iturria: Pexels

Matematika

Kakeyaren aieru matematiko ospetsua, 100 urtez ebatzi gabe egon dena, hiru dimentsiotan frogatu dute Hong Wang eta Joshua Zahl matematikariek. Aieruak dio objektu bat espazioan norabide guztietara biratzea posible dela bolumen minimo batean. Lan honek matematikako hainbat arlotan (analisi harmonikoa eta Fourier-en transformatuak, besteak beste) ondorio sakonak ditu. Aurkikuntzak aieru gehiagoren ebazpenerako bidea zabaldu du, eta analisi matematiko modernoan aurrerapauso handia izan da. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Fisiologia

Symsagittifera roscoffensis zizare txikiak fotosintesia egiteko gai dira barnean dituzten alga berdeen bidez. Algekin sinbiosi estuan bizi dira eta elikagai gehienak haiengandik jasotzen dituzte. Eredu bikainak dira fotosinbiosia eta portaera soziala ikertzeko, eta Euskal Herriko hondartzetan aurki daitezke, ekosistemen ulermenerako eta zaintzarako oso baliagarriak izanik. Marearteko eremuetan kolonia modura bizi dira eta ingurune aldakorrera egokitzeko jokabide kolektibo konplexuak garatu dituzte, hala nola floc egiturak sortzea. Informazioa Zientzia Kaieran.

Medikuntza

Espainiako Osasun Ministerioak 2025-2028 planean patologia berriak sartu ditu, tartean Covid iraunkorra, dituen eraginen azterketak ugaritzen ari baitira. Azken ikerketek agerian uzten dute SARS‑CoV‑2 birusak kalte neurologiko larriak eragin ditzakeela: materia zuriaren egituran aldaketak, ganglio eta beste organo batzuetan eraginak, eta Alzheimerra bizkortzea, besteak beste. Gaixoen artean ikusi diren sintoma nagusiak: nekea (% 43,3), memoria akatsak (% 27,8), arazo kognitiboak (% 27,1), loan eragina (% 24,4), kontzentrazio arazoak (% 23,8), buruko minak (% 20,3), etab. Datuak Sustatu webgunean.

Astronomia

Azken ikerketek iradokitzen dute Marteren historia geologikoan “hezealdi” ziklikoak gertatu zirela, duela 3.600 milioi urte inguru. Ikerketa batek proposatutakoaren arabera, ardatz inklinazioaren aldaketek atmosferako CO₂ poloetan kondentsatzea eragin zuten, eta karbono dioxidozko izotz kaskoek ur izoztua estali zuten. Horrek manta termiko baten antzekoa sortu zuen, bero geotermikoari esker glaziarren oinarrian ur likidoa sortuz, ibai handiak eta laku erraldoiak (hala nola Argyre arrokoa) elikatzeko modukoak. Ikerketaren nondik norakoak Zientzia Kaieran.


Egileaz:

Enara Calvo Gil kazetaria da eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren komunikazio digitaleko teknikaria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.