Izarrei esker orientatzen diren sitsak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Esperimentu batean argitu dute Australiako sits espezie bat, Lurraren eremu magnetikoaz gain, izarrez baliatzen dela migrazio bidaietan orientatzeko.

Gizakien artean, historian zehar zeru izartsua elementu garrantzitsuena izan da ozeanoetan nabigatzeko, eta oraindik ere abilezia horren funtsezko oinarriak nabigazio eskoletan irakatsi egiten dira, gailu teknologikoek huts eginez gero, elementu sinpleekin eta izarren laguntzarekin orientazio aukera izateko.

Animalien artean, berriz, izarren bidezko orientazioa ez da gehiegi zabalduta dagoen gaitasuna, gaur egungo ezagutzen arabera, bederen. Orain arte ezagutzen dira horretarako gai diren animalia bakar batzuk: zenbait hegazti espezie eta foka batzuk. Duela gutxi, gainera, ikerketa batek iradoki du kakalardo pilotagileek (Scarabeus sacer) Esne Bidea erabiltzen dutela orientatzeko, baina oso distantzia laburretan norabidea mantentzeko baino ez dira horretaz baliatzen.

sits
1. irudia: zientzialariek bazekiten sist hauek eremu magnetikoari esker orientatzen direla, baina orain aurkitu dute izarrak ere ezinbestekoak zaizkiela horretarako. (Argazkia: Ajay Narendra, Macquarie Unibertsitatea)

Australiako sitsen (Agrotis infusa) kasuan, zientzialariek ezagutzen zuten intsektu hauek gai direla Lurraren eremu magnetikoa hautemateko. Izan ere, aurreko ikerketa batean demostratu zuten sitsak eremu magnetikoaz baliatzen direla migrazio bidaian orientatzeko, baina, horrez gain, zenbait puntu bisual erreferentziatzat hartzen dituztela. Horiek zeintzuk diren, ordea, ezin izan zuten argitu 2018ko ikerketa horretan. Bada, orain Lundeko Unibertsitateko (Suedia) ikertzaileek demostratu dute erreferentzia bisual horiek zeru izartsuan daudela. Gauzak hala izanik, eta kakalardo horren gaitasun mugatua alde batera utzita, migrazioetan teknika hori erabiltzen duen lehen ornogabea litzateke sits espezie hau. Nature aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean eman dute horren berri.

Espezie horretako sitsek ehunka kilometro egin ohi dituzte urteroko migrazio batean. Udaberria iritsita, mila milioika sits jaio berri Australia hego-ekialdetik ateratzen dira migrazioan, eta mila kilometro arteko ibilbidea egiten dute, tenperatura altuak saihestu nahian. Australiako Alpeetako haitzuloetan hartu ohi dute aterpe, kostaldetik gertu, eta bertan hainbat hilabete ematen dituzte. Hilabete horietan, latentzia egoeran geratzen dira, batera, haitzulo fresko horietan zintzilikatuta.

Udazkena heltzen denean, jaio zireneko lekura bueltatzen dira. Bertan ugaldu egiten dira, hil aurretik, etengabean errepikatzen den biziaren ziklo jakin batean. Eric Warrant ikertzailearen arabera, gizaki batekin alderatuz gero, bidaia hori bi aldiz Lurrari buelta ematearen parekoa litzateke, beti ere, gailu teknologikorik erabili gabe.

Eremu magnetikoaz gain zeruaz baliatzen ote diren argitu aldera, zientzialariek berariaz sitsentzako prestatutako hegaldi simulatzaile bat erabili dute. Sitsek hegan egiten duten bitartean zeruaren irudi bat proiektatu dute; modu horretan, migrazioan dauden baldintzak simulatzen ahalegindu dira.

Hasierako kontrol esperimentua prestatu dute, sitsen inguru naturalean. Horretarako, udazkenean, haitzuloetatik gertu sitsak hartu dituzte, eta plastiko gardeneko gune batean jarri dituzte. Modu horretan, sitsek zeru izartsua ikusteko modua izan dute, bai eta eremu magnetikoa hauteman ere. Esperokoa zena gertatu da: ipar aldera hegan egiten saiatu dira, ugalketa guneetara iritsi nahian.

Udaberrian eta udazkenean egindako ondorengo beste esperimentuetan, eremu magnetikoa blokeatzeko gailu batean sartu dituzte, eta zerua estali dute, oihal beltz batekin. Bobinez eraikitako tramankulu batez bailatu dira huts magnetiko bat sortzeko, eta, horrela, eremu magnetikoak eragindako efektuak deuseztatzeko. Hala, aukera izan dute aldagai gisa bereizteko eremu magnetikoa eta zeru izartsu faltsua.

sits
2. irudia: haitzuloetan, metro koadro bakoitzeko 17.000 sits inguru daudela kalkulatu dute ikertzaileek. (Argazkia: Eric Warrant)

Kasu horretan sitsek orientazioa erabat galdu dute. Baina, ondoren, planetario baten antzekoa jarri diete, ilargirik gabeko zeru izartsua erakutsiz. Oraingoan, ordea, informazio magnetikorik gabe ere, sits gehien-gehienek norabide egokian nabigatu dute. Are, zeruaren proiekzioaren norabidea aldatu dietenean, sits gehienek horren araberako egokitzapena egin dute.

Beste proba bat erantsi dute: izarrak modu desordenatuan proiektatu zaizkienean, berriz ere intsektuek orientazioa galdu dute. Zientzialariek aldarrikatu dute horrek argi erakusten duela izarren arabera orientatzen dutela migrazio ibilbidea. Prentsa ohar batean laburbildu dutenez, urtaro bakoitzean jarraitu beharreko norabide egokia egin ahal izan dute izarrak modu egokian aurkeztu zaizkienean, baina, kontrara, izarrak ausaz marraztu zaizkienean, sitsek orientazioa galdu dute.

Elektrodoez ere baliatu dira sitsen garunean orientazioari lotuta egon daitezkeen eremuak identifikatzeko. Egiaztatu ahal izan dute informazio bisualean inplikatuta dauden lobulu optikoak aktibatzen direla, bai eta nerbio sistema zentrala zein alboetako lobulu osagarriak. Izan ere, esperimentuak egiteko, intsektuei sentsore bat jarri diete. Horrela, zeruaren proiekzioaren arabera hegan egiten zuten bitartean intsektuen jardun neuronala aztertu dute, eta segundo bakoitzean hegaldiaren norabidea eta intentsitatea ere erregistratu dituzte.

Baina oraindik argitzeko dago zeintzuk diren orientatzeko erabiltzen dituzten egitura zehatzak: ez dakite izar multzoak ote diren, Esne Bidearen ardatza edota Carina nebulosa moduko egitura oso argitsuak. Dena dela, espero dute etorkizuneko ikerketan hori argitzeko moduan egongo direla. Modu berean, susmoa dute espezie hau ez dela zeru izartsua edo eremu magnetikoa orientatzeko erabiltzen dituen sits edo intsektu espezie bakarra.

Biologiaren alorrean ezagutza handitzeaz gain, zientzialariek aldarrikatu dute droneen nabigaziorako, eta, oro har, robotikarako irakaspenak izan ditzakeela ikerketak. Kakalardo pilotagileen kasuan bederen hala gertatu izan dela dio Javaan Chahl ingeniaria: kakalardo horretan “inspiratuta” argiztapen urriko egoeretarako sentsore bat garatu baitu.

Habitaten galera eta klima aldaketa direla eta, azken urteetan espeziaren populazioak gainbeheran daude, eta, horregatik, 2021etik iraungitze arriskuan dagoen espezie gisa katalogatuta dago: populazioa % 95,5 gutxitu da.

Ikertzaileek azaldu dute migratzen duten animalia gehienak seinale batez baino gehiagoz baliatzen direla norabidea mantentzeko. Adibidez, ezagutzen da itsas dortokak eremu magnetikoaz baliatzen direla horretarako, baina, modu berean, olatuen norabidea ere aintzat hartzen dute, eta susmoak daude Eguzkiaz ere baliatzen direla horretarako.

Erreferentzia bibliografikoa:

Dreyer, David; Adden, Andrea; Chen, Hui; Frost, Barrie; Mouritsen, Henrik; Xu, Jingjing; Green, Ken; Whitehouse, Mary; Chahl, Javaan; Wallace, Jesse; Hu, Gao; Foster, James; Heinze; Stanley; Warrant, Eric (2025). Bogong moths use a stellar compass for long-distance navigation at night. Nature, 643, pages 994–1000. DOI: 10.1038/s41586-025-09135-3


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.