Konposatu kannabinoideak terapia gehigarri gisa esklerosi anizkoitzaren tratamendurako

Argitalpenak · Dibulgazioa

Esklerosi anizkoitza (EA) hanturazko gaixotasun kroniko bat da, neuronen eta axoien kalte progresiboa eta desmielinizazioa eragiten dituena. Heldu-gazteen artean desgaitasun neurologikoen arrazoi nagusia da, emakumeengan duen prebalentzia handiagoa delarik. Eritasunak gaixoen bizi-kalitatea nabarmen aldatzen du, desgaitasun sintoma ugari dituelako; espastizitatea, mina eta nekea, besteak beste. Izan ere, egungo tratamenduek hantura murrizten dute, baina ezin dituzte sintomak erabat konpondu, ezta aurrera egitea eragotzi ere.

Cannabis sativa landaretik datozen konposatu kannabinoideen artean garrantzi kliniko gehien daukaten konposatuak ∆9-Tetrahidrokannabinola (THC) eta kannabidiola (CBD) dira. THCak afinitate handia dauka CB1 eta CB2 hartzaileekiko eta lehenengoaren aktibazioak erdiko nerbio sisteman efektu psikoaktiboa eragiten du. CBDak, berriz, hartzaile ezberdinei lotzen zaie baina ez du modu eraginkorrean aktibatzen CB1 hartzailea, hortaz, ez ditu efektu psikoaktiborik eragiten.

ea
Irudia: endokannabinoide-sistemaren aktibazioak esklerosi anizkoitzaren sintomatologia murrizten lagundu dezake. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Egindako zenbait ikerketek frogatu dute konposatu kannabinoideek askotariko efektu terapeutikoak dituztela gaixotasun-eredu preklinikoetan; hala nola, antiepileptiko, immunodepresore, antiemetiko, antiinflamatorio edo neurobabesle gisa dihardute. Zehazki, EAko animalia ereduetan sintomatologia hobetzen dute, hantura murriztuz eta mielinaren galera ekidinez, eta hainbat hamarkadatan zehar tratamendu potentzial gisa aztertu izan dira ohiko terapien osagarri gisa.

Berrikuspen bibliografiko honen helburu nagusia konposatu kannabinoideek ohiko terapien tratamendu osagarri gisa erabiltzeak onura terapeutikorik ekartzen dien EA duten pazienteei zehaztea da. Horretarako, bilaketa bibliografiko bat egin zen PubMed datu-basean PIKO metodoa erabiliz. Era honetan, 2010-2022 bitartean itsu-bikoitzean egindako saiakuntza klinikoak baino ez ziren hautatu. Saiakuntza horiek EA paziente helduak barne hartu behar zituzten, gehienak emakumeak izanik, eta kannabinoideetan oinarritutako terapien erabilera tratamendu konbentzionalen erabileraren osagarri gisa ohiko terapien erabilera bakarrarekin alderatu behar zuten. Azkenik, iragazteko irizpideak aplikatu ondoren, 12 artikulu aztertu ziren.

Erabilitako tratamenduaren arabera, aztertutako saiakuntza klinikoak bitan sailka daitezke. Batetik, THCa erabiltzen dutenak daude eta bestetik, THCa CBDarekin batera (THC:CBD) erabili dutenak aurkitu daitezke. Halere, kasu bietan ohiko tratamenduak plazeboarekin batera edo konposatu kannabinoideekin batera ematen direnean lortzen diren efektuak aztertzen dira. Emaitzek erakutsi zuten konposatu kannabinoideak aukera bat izan litezkeela EAren tratamenduan. Izan ere, kannabinoideak terapia osagarri gisa erabiltzean hobekuntza nabarmenena espastizitatean izan da. Hain zuzen ere, sintoma hau aztertu zuten 10 ikerketetatik, 8k emaitza positiboak edo mistoak lortu zituzten.

Mina aztertu zutenen artean, oro har, konposatu kannabinoiden erabilerari loturiko joera positiboa ikusi zen arren, ikerketa gehienen emaitzak kontraesankorrak izan ziren. Nekea, ez zen horrenbeste ikertu, baina minarekin gertatzen den moduan, ezin da ondorio argirik atera. Aipatutako sintoma guzti horiek gaixoen bizi-kalitatea baldintzatzen dute eta saiakuntzek ikertu zuten beste parametro bat da. Kasu honetan, ikerketa guztiek behatu zuten EA gaixoen bizi-kalitatean efektu onuragarriak zituela konposatu kannabinoideen terapia osagarriak. Hortaz, parametro honetan izan ditzaketen ondorio positiboetan oinarrituta, eta sintomen hobekuntza potentzialean oinarrituta, pazienteei terapia osagarri gisa ematea kontsideratu beharko litzateke.

Hala ere, nahiz eta EA izan kananabinoideetan oinarritutako medikamentuen eraginkortasun terapeutikoa hobekien aztertu den neuroendekapenezko gaixotasuna, orain arte egin diren saiakuntza klinikoak oso heterogeneoak dira. Beraz, konposatu kannabinoideek EA duten pazienteengan eduki dezaketen eragin onuratsuak eta ondorio kaltegarri larrien ezak, saiakuntza gehiago egin beharko liratekeela iradokitzen dute, momentura arte egindakoak ez baitira eztabaidaezinak. Komenigarria litzateke saiakuntza klinikoetan inklusio irizpide zehatzagoak ezartzea baita formulazio ezberdinak sintoma gehiagorekin aztertzea ere.

Artikuluaren fitxa:

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 46
  • Artikuluaren izena: Konposatu kannabinoideak terapia gehigarri gisa esklerosi anizkoitzaren tratamendurako.
  • Laburpena: Esklerosi anizkoitza (EA) hanturazko gaixotasun kroniko bat da, neuronen eta axoien kalte progresiboa eta desmielinizazioa eragiten dituena. Heldu-gazteen artean desgaitasun neurologikoen arrazoi nagusia da, eta emakumeengan duen prebalentzia handiagoa da. Eritasunak gaixoen bizi-kalitatea nabarmen aldatzen du, desgaitasun sintoma ugari dituelako. Izan ere, egungo tratamenduek hantura murrizten, dute baina ezin dituzte sintomak erabat konpondu, ezta aurrera egitea eragotzi ere. Cannabis sativa landaretik datozen konposatu kannabinoideek efektu terapeutikoak dituzte EA eredu preklinikoetan, eta hainbat hamarkadatan zehar tratamendu potentzial gisa aztertu izan dira ohiko terapien osagarri gisa. Berrikuspen bibliografiko honen helburu nagusia da konposatu kannabinoideek ohiko terapien tratamendu osagarri gisa erabiltzeak onura terapeutikorik ekartzen dien EA duten pazienteei zehaztea. Horretarako, bilaketa bibliografiko bat egin zen PubMed datu-basean, eta 2010-2022 bitartean itsu-bikoitzean egindako saiakuntza klinikoak baino ez ziren hautatu. Saiakuntza horiek EA paziente helduak barne hartu behar zituzten, gehienak emakumeak izanik, eta kannabinoideetan oinarritutako terapien erabilera tratamendu konbentzionalen erabileraren osagarri gisa ohiko terapien erabilera bakarrarekin alderatu behar zuten. Azkenik, iragazteko irizpideak aplikatu ondoren, 12 artikulu aztertu ziren; Δ9-tetrahidrokannabinol (THC) eta kannabidiol (CBD) konposatuen konbinazio ezberdinak erabiltzen zituztenak. Emaitzek erakutsi zuten konposatu kannabinoideak aukera bat izan litezkeela EAren tratamenduan, bizi-kalitatean izan ditzaketen ondorio positiboetan oinarrituta, eta sintomen hobekuntza potentzialean oinarrituta, espastizitatearen gaineko onura argia nabarmenduz. Hala ere, saiakuntza kliniko gehiago behar dira, inklusio-irizpide zehatzagoak/zorrotzagoak dituztenak, eta kannabinoideen formulazio desberdinak eta gaur egun gutxien aztertutako sintomak aztertuko dituztenak.
  • Egileak: Aitziber Uribe, Alba Ortega-Álvarez, Andrés Mateo Baraibar, Susana Mato, Ana Bernal-Chico
  • Argitaletxea: EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 297-313
  • DOI: 10.1387/ekaia.25872

Egileez:


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.