Oxitozina, autismoan ematen den urritasun sozialerako erabilgarria izan daiteke?

Argitalpenak · Dibulgazioa

Autismoaren espektroaren nahastea jokabidean definitutako garapen neurologikoaren desoreka da. Bi sintoma dira bere bereizgarri nagusi: batetik, urritasun soziala; bestetik, mugimendu errepikakorrak eta murriztaileak. Autismoa garatzen duten haurren ezaugarririk ohikoena urritasun soziala da, eta hau komunikazio berbalean zein ez berbalean ere ikusten da. Izan ere, autismoa duten umeek ez dute seinalatzea gauzatzen nahi duten objektua zein den esateko, eta ez dituzte gauzak ematen ezta erakusten ere ez. Gaixo hauek, sintoma nagusiekin batera, beste sintoma batzuk pairatu ditzakete: atentzio arazoak, ezgaitasun intelektuala, hiperaktibitatea, antsietatea, suminkortasuna, defizit motorea, edo agresibitatea besteak beste.

autismoan
Irudia: Autismoaren sintoma nagusiekin batera ager daitezkeen sintomak (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Nahiz eta autismoaren etiologia eta fisiopatologia oraindik guztiz ezaguna ez izan, badakigu genetikak eragin garrantzitsu bat duela. Autismoak jatorri genetiko konplexua dauka, gaixo gehienek gene bat baino gehiago mutatua baitaukate. Hala ere, autismoa pairatzen duten gaixoek aldaketa genetiko amankomunak dituztela ere zehaztu da, eta hainbat ikerketa egin dira gene hauek identifikatzeko (familietan eta bizkietan egindako ikerketak garrantzitsuak izan dira). Autismoaren klinikaren heterogeneotasunagatik, eta etiologia eta fisiopatologia konplexuagatik, farmakoterapia zuzendu bat garatzea da gaur egungo erronka garrantzitsua. Erabiltzen den ohiko interbentzioa portaeraren terapia bada ere, autismo kasuen %75ak tratamendu farmakologikoa jasotzen du asoziaturiko sintometarako, baina momentuz ez dago sintoma nagusietarako eraginkorrak den farmakorik. Medikamentuen agentzia erregulatzailea den FDAk (Food and Drug Administration) autismorako onartutako medikamentu bakarra antipsikotiko atipikoak dira; hauek suminkortasunean eta agresibitatean daukate eragin terapeutiko nagusia. Beraz, farmako berriak garatzeko ahalegin handia egiten ari da ikerketa biomedikoa, eta hauen artean oxitozina daukagu.

Oxitozina, esne ekoizpenean eta erditze garaiko muskulua uzkurketan parte hartzen duen peptido bat izateaz gain, nerbio sistema zentralean neuromodulatzaile bezala jokatzen du ere. Oxitozina, beraz, hainbat portaera sozialen modulatzailea da, besteak beste, aurpegien ezagutzearen hobetzea, lagun hurkoaren emozioen identifikazioa eta agresioaren murrizketa eragiten duelarik. Gainera, garapen goiztiarrean mutazio genetikoengatik emandako oxitozina-sistemaren porrotak jokaera sozialean eragin dezakela ikusi da, aktibitate eta plastikotasun sinaptikoan eraginez. Testuinguru honetan, oxitozinak autismoaren tratamenduan izan dezakeen erabilgarritasuna eta arrakasta aztertzen ari dira.

Batetik, autismoaren forma monogenikoetan oinarritutako zenbait animalia-ereduk oxitozina sisteman nolabaiteko alterazioak erakusten dituzte, eta hauetan oxitozinaren administrazioak urritasun sozialaren hobekuntza eragiten du. Bestetik, gizakietan ere hainbat saio kliniko burutzen ari dira oxitozinaren erabilgarritasun terapeutikoa aztertzeko. Baina kasu honetan, animalia-ereduetan ikusi denarekin parekatuz, lortutako emaitzak ezberdinak dira, ikerketa batzuetan kognizio sozialean hobekuntzak ikusi direlarik, baina beste batzuetan ez. Gizakien artean dagoen heterogeneotasuna dela eta, hau ez da oso harritzekoa. Ondorioz, ikerketa gehiagoren beharra dago oxitozinak autismoan izan dezakeen erabilgarritasuna modu sendoago batean balioztatzeko eta baita tratamendu mota hau onuragarriena zein banakorentzat izango litzatekeen zehazteko ere. Izan ere, oraindik argitu gabe dago zein den oxitozina emateko biderik egokiena, dosi optimoa, maiztasuna, oxitozinaren eragina epe luzera, eta emakumeetan zein haurretan duen eragina, besteak beste. Erronka handia suposatzen duten ikerketa guzti hauek autismoaren etiologia eta patologiari buruzko mekanismoak hobeto ulertzen lagunduko ligukete, eta gainera, autismoaren sintoma nagusietarako oxitozinaren erabileraren potentzialari buruzko ondorio landuagoak lortuko lirateke.

Iturria

Ruiz de Mendoza Ruiz de Arechavaleta, Celia; Peñagarikano Ahedo, Olga; Erdozain Fernández, Amaia Maite (2020). «Oxitozina, autismoan ematen den urritasun sozialerako erabilgarria izan daiteke?»; Ekaia, 37, 2020, 241-256. (https://doi.org/10.1387/ekaia.20886)

Artikuluaren fitxa

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 37
  • Artikuluaren izena: Oxitozina, autismoan ematen den urritasun sozialerako erabilgarria izan daiteke?.
  • Laburpena: Autismoaren espektroaren nahastea jokabidean definitutako garapen neurologikoaren desoreka da. Bi sintoma dira haren bereizgarri nagusi: batetik, urritasun soziala; bestetik, mugimendu errepikakor eta murriztaileak. Autismoaren klinikaren heterogeneotasunagatik, eta etiologia eta fisiopatologia konplexuagatik, farmakoterapia zuzendu bat garatzea da gaur egungo erronka garrantzitsua. Erabiltzen den ohiko interbentzioa portaeraren terapia bada ere, autismo kasuen % 75ek tratamendu farmakologikoa jasotzen du asoziaturiko sintometarako, baina momentuz ez dago sintoma nagusietarako eraginkorra den farmakorik. Beraz, farmako berriak garatzeko ahalegin handia egiten ari da ikerketa biomedikoa, eta horien artean oxitozina dugu. oxitozina nerbio sistema zentralean neuromodulatzaile gisa jokatzen duen peptido bat da. Ikusi da garapen goiztiarrean mutazio genetikoengatik gertatutako oxitozina-sistemaren porrotak jokaera sozialean eragin dezakeela eta aktibitate eta plastikotasun sinaptikoan ere bai. testuinguru horretan, oxitozinak autismoaren tratamenduan izan dezakeen erabilgarritasuna eta arrakasta aztertzen ari dira. Batetik, autismoaren forma monogenikoetan oinarritutako zenbait animalia-ereduk oxitozina sisteman nolabaiteko alterazioak erakusten dituzte, eta horietan oxitozina emateak urritasun sozialaren hobekuntza eragiten du. Bestetik, gizakietan ere hainbat saio kliniko egiten ari dira oxitozinaren erabilgarritasun terapeutikoa aztertzeko. Baina kasu horretan, animalia-ereduetan ikusi denarekin konparaturik, lortutako emaitzak ezberdinak dira: ikerketa batzuetan kognizio sozialean hobekuntzak ikusi dira, baina beste batzuetan ez. Gizakien artean dagoen heterogeneotasuna dela eta, ez da oso harritzekoa hori. ondorioz, ikerketa gehiagoren beharra dago oxitozinak autismoan izan dezakeen erabilgarritasuna modu sendoago batean balioztatzeko eta baita tratamendu mota hau zein banakorentzat litzatekeen onuragarriena zehazteko ere.
  • Egileak: Celia Ruiz de Mendoza Ruiz de Arechavaleta, Olga Peñagarikano Ahedo, Amaia Maite Erdozain Fernández
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 241-256
  • DOI: 10.1387/ekaia.20886

Egileez

Celia Ruiz de Mendoza Ruiz de Arechavaleta, Olga Peñagarikano Ahedo eta Amaia Maite Erdozain Fernández UPV/EHUko Farmakologia Sailekoak dira.


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.