Candida onddo patogeno oportunista da, eta gizakiak pairatzen dituen infekzio fungikoen artean eragile etiologikorik nagusiena. Candida generoko espezieak mikrobiota gastrointestinalaren, ahokoaren eta baginalaren parte dira, eta pertsona osasuntsuetan komentsalak dira. Mikroorganismo eta ostalariaren arteko oreka apurtzean, Candida generoko espezieak larritasun desberdineko hainbat adierazpen kliniko sortu ditzakete, adibidez, azaleko kandidiasiak edo kandidemiak. Azken hauek larrienak direlarik, tratatzeko zailagoak dira eta heriotza tasa altuagoarekin erlazionatzen dira. Gaur egun, immunoeskasia duten pazienteen gorakadak, elikadura parenteralak, prozedura inbaditzaileen erabilerak, transplanteak eta espektro zabaleko antibiotikoen erabilera gero eta handiagoa izateak, kandidiasi kasuak areagotzen laguntzen dute.
Candida generoaren barnean, Candida albicans espezie nagusiena da, eta garrantzian jarraitzen dioten espezieak, kandidiasietan espezie ohikoenak direlako, Candida parapsilosis konplexua, Candida glabrata, Candida tropicalis eta Candida krusei dira. Espezie horien prebalentzia kokapen geografikoaren, adinaren eta egoeraren arabera aldakorrak dira. Azken urteetan, Candida auris espeziearen agerpenak garrantzi berezia hartu du, erresistentzia eta luzaroan irauteko gaitasuna erakutsi duelako.

Candida auris-ek, aipatutako beste Candida espezieek baino antimikotikoekiko erresistentzia handiagoa aurkezten du. Hau da, infekzioa tratatzean erabiliko diren antifungikoek ez dute eragin handirik izango Candida auris-en aurka. Gainera, Candida auris luzaroan irauten du ospitale-giroan, bai gainazaletan, bai beste objektu kritiko batzuetan ere, hala nola kateterretan. Candida espezieen erresistentzia handitzeak eta Candida auris espeziearen agerpenek tratamendu-eredu berriak bilatzearen beharra dakarte. Eredu horien artean, konposatu naturalen azterketa nabarmentzen da. Adibidez, zitralak, kannabidiolak (CBD) eta laktoferrinak (olio esentziala, fitokannabinoidea eta glukoproteina bat hurrenez hurren) hainbat jarduera antikandidiasiko erakutsi dituzte. Lan honetan proposatzen den aukeretako bat da farmako tradizionalak erabiltzea konposatu naturalekin konbinatuta efektu sinergikoak lortzeko, erabiltzen den antifungikoaren kontzentrazioa murriztuz aldi berean erresistentziak garatzea saihesteko.
In vitro sentikortasun-saiakuntzak egin ziren bost Candida espezieren aurka, xake-taularen metodoa erabiliz, farmako antifungikoak (flukonazola) eta hainbat konposatu natural (CBD, laktoferrina, zitrala) konbinatuz, eta interakzioa kontzentrazio inhibitzaile zatikatuaren indizea kalkulatu zen. Emaitzetan, konposatu natural guztiek flukonazolaren kontzentrazio minimo inhibitzailea murriztea lortu zuten. Efektu sinergikoa lortu zen zitrala eta laktoferrina flukonazolarekin konbinatuta erabiltzean, Candidaren bi eta hiru isolamendu ezberdinen aurrean, hurrenez hurren. Gainera, zitrala kannabidiolarekin eta laktoferrinarekin konbinatzean efektu gehigarria lortu zen, Candidaren isolamendu bakarrean, 2 desberdinetan eta bakarrean, hurrenez hurren.
Azkeneko urteetan egin diren ikerketek konposatu naturalen ahalmen antimikrobianoa, kandidiasien tratamenduan baliagarria izan daitezkeela erakutsi dute. Hainbat konposatu naturalek sinergia positiboa sortu dute antifungiko tradizionalekin konbinatzean. Hortaz, etorkizunean, kandidiasiak tratatzeko eredu alternatibo interesgarriak garatu daitezke, konposatu naturalen erabilera kontuan hartuz.
Artikuluaren fitxa:
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 46
- Artikuluaren izena: Zitral, kannabidiol eta laktoferrinaren konbinazioa flukonazolarekin Candida spp.ak sortutako infekzioak tratatzeko estrategia berri gisa.
- Laburpena: Farmakoekiko erresistenteak diren Candidaren isolamenduak eragindako kandidiasiaren intzidentziak gora egin du, eta horrek heriotza-tasa handiagoak ekartzeaz gain tratamendu-arazoak inplikatzen ditu, alternatiba terapeutiko berrien beharra areagotuz. Etorkizun handiko estrategietako bat farmako antifungikoak, hala nola flukonazola, eta berez jarduera antifungikorik erakusten ez duten beste konposatu batzuk konbinatzean datza, efektu sinergikoak lortzeko asmoz. Lan honen helburua flukonazola zitralarekin, kannabidiolarekin eta laktoferrinarekin konbinatzea izan zen, Candida espezieen aurka aktibitate antimikrobianoa aztertzeko. Aktibitatea xake-taularen metodoaren bidez ebaluatu zen, eta interakzioa, kontzentrazio inhibitzaile zatikatuaren indizea kalkulatuz. Konposatu guztiek flukonazolaren kontzentrazio minimo inhibitzailea murriztea lortu zuten, nahiz eta desberdintasunak egon espezieen arabera. Efektu sinergikoak detektatu ziren zitralarekin eta laktoferrinarekin (Candidaren 2 eta 3 isolamendu desberdinetan, hurrenez hurren) eta gehigarria zitralarekin, kannabidiolarekin eta laktoferrinarekin (Candidaren isolamendu bakarrean, 2 desberdinetan eta bakarrean, hurrenez hurren).
- Egileak: Iñigo de la Fuente, Andrea Guridi, Juan Daniel Carton, Esther Tamayo, Iker de-la-Pinta, Guillermo Quindós, Elena Eraso eta Elena Sevillano
- Argitaletxea: EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 279-296
- DOI: 10.1387/ekaia.25057
Egileez:
Iñigo de la Fuente, Andrea Guridi, Juan Daniel Carton, Esther Tamayo, Iker de-la-Pinta, Guillermo Quindós, Elena Eraso eta Elena Sevillano EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko CanBIO Taldeko ikertzaileak dira.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.