Konposatu fenolikoak eta osasuna

Argitalpenak · Dibulgazioa

Konposatu fenolikoak (edo polifenolak), egitura kimiko ezberdinak dituzten sustantziez osatutako multzo zabal bat dira. Egitura ezberdin hauek, konposatu hauei, gure osasunerako onuragarriak izan daitezkeen efektu ezberdinak sortzea ahalbidetzen die. Polifenolak berez egoten dira landareetan (hauen babes-sistemaren parte dira), eta ondorioz landare jatorriko elikagaietan (barazki, ortuari, fruta, fruitu lehor, ardo…) topa daitezke nagusiki. Hala ere, elikagaietan dagoen polifenol kopurua faktore ezberdinen menpe dago (elikagaiarenak berarenak eta baita ingurune faktoreak ere), eta ondorioz, elikagai bakoitzaren polifenol eduki zehatza jakitea zaila da.

Irudia: Landare jatorriko elikagaietan (barazki, ortuari, fruta, fruitu lehor, ardo…) topa daitezke nagusiki konposatu fenolikoak.

Konposatu fenolikoak gure gorputzean sartzen direnetik (elikagaien bidez hartzen ditugunetik), hestean xurgatuak diren arte (digestio ondoren) hainbat eraldaketa jasaten dituzte. Horren ondorioz, odolera eta ehunetara iristen den konposatu fenoliko kantitatea oso txikia izan ohi da; horregatik, konposatu hauek bioerabilgarritasun txikia dutela esaten da. Hala ere, kontuan izan behar da digestioan zehar polifenolen metabolitoak sortzen direla (glukuronatuak eta sulfuratuak nagusiki), eta metabolito hauek ere efektu onuragarriak sortzen dituztela. Gure gorputzak xurgatzen ez dituen polifenol eta metabolitoak berriz, gernu eta gorotz bidez kanporatzen dira.

Polifenolek oxidazioaren aurka jarduteko ahalmena erakutsi dute, eta ondorioz, asko ikertu da efektu honek gure osasunean izan ditzakeen aplikazioen inguruan. Zenbait ikerketek proposatu dute estres oxidatiboarekin erlazioa duten gaixotasunen prebentzioan, edota garapena ekiditen, erabilgarriak izan daitezkeela. Besteak beste ikusi da gaixotasun kardiobaskularretan lagungarriak direla, efektu basozabaltzailea dutelako (oxido nitrosoaren ekoizpena sustatuz) eta baita profil lipidikoa hobetzen dutelako ere (HDL kolesterola igo eta LDL kolesterola jaitsi). Ondorioz, aterioesklerosiaren garapena ekiditen lagundu dezakete. Zenbait minbiziren kasuan (urdailekoa, heste gorrikoa, birikakoa, ahokoa, faringekoa, endometriokoa, pankreakoa eta kolonekoa), konposatu fenolikoetan aberatsak diren elikagaietan (barazkiak eta frutak batez ere) oinarritutako dietak, minbizi hauen agerpen baxuagoarekin erlazionatu dira.

Bestalde, lehen aipatutako oxidazioaren aurkako jarduera dela eta, konposatu fenolikoak neuroendekapenezko zenbait gaixotasunen (Alzheimerra, zahartzaroko dementzia eta Parkinsona) aurkako babes-faktore bezala proposatu dira. Obesitatearen tratamendu eta prebentziorako ere konposatu fenolikoak erabilgarriak izan daitezkeela iradokitzen dute laborategiko modelu esperimentaletan (zelulak eta karraskariak) lortu diren emaitzek. Gainera, obesitatean eragiteaz gain, honekin erlazioa duten osasun asaldaduretan (intsulinarekiko erresistentzia eta diabetesa) ere efektu desiragarriak sortzen dituztela ikusi da.

Ikusten denez, osasunerako onuragarriak diren hainbat funtzio bideratzeko ahalmena egotzi zaie konposatu fenolikoei. Hala ere, nahiz eta lortutako emaitzak oso interesgarriak diren, azpimarratu behar da gaurdaino lortu den informazio gehiena zelula eta animaliekin egindako ikerketetatik lortu dela. Beraz, ikusteke dago oraindik ea konposatu hauek animalietan sortzen dituzten efektuak gizakietan ere ematen diren. Horretaz gain, konposatu hauek osasunean dituzten efektu onuragarriak bideratzen dituzten mekanismoetako asko oraindik ez dira guztiz ezagutzen. Hori dela eta, gaur egun dakiguna kontuan izanda, gomendagarriena konposatu hauetan aberatsak diren orotariko elikagaiak dituen dieta bat jarraitzea da. Izan ere, modu honetan, konposatu hauek banaka dituzten efektu onuragarriez gain, efektu sinergikoak (banakako efektuen gehiketa baino handiagoak) ere sor litezke, osasunean onura handiagoak eraginez.

Artikuluaren fitxa

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 33
  • Artikuluaren izena: Konposatu fenolikoak eta osasuna.
  • Laburpena: Konposatu fenolikoak, egitura kimikoaren arabera sailkatu daitezkeen zenbait sustantziaz osatutako talde zabal bat dira. Landareek ekoizten dituzte bigarren mailako metabolito gisa, erantzun modura erradiazio ultramorea, patogenoak, kalte oxidatiboa eta ingurumen baldintza zailak bezalako erasoei aurre egiteko. Hori dela eta, modu naturalean daude landare jatorriko elikagaietan, hala nola frutetan, barazkietan, fruitu lehorretan, olioetan, tean eta ardoan. Konposatu fenoliko gehienak ester, glukosido edo polimero gisa aurkitzen dira elikagaietan, eta ondorioz hestean hidrolizatu behar dira xurgatuak izan baino lehen. Gibelean eta heste meharrean konposatu fenolikoak metabolizatzen dira II faseko entzimen eraginez. Gibelean eratzen diren metabolitoen zati bat, heste meharrera jariatuko da behazun bideetatik, eta bertan berriro xurgatuak izateko dekonjugatu egingo dira, edota kolonerako bidea jarraituko dute. Behin heste lodian, hesteko mikrobiotak konposatu fenolikoak metabolizatuko ditu. Prozesu hauen ondorioz, konposatu fenolikoen bioerabilgarritasuna txikia da. Konposatu fenolikoen eta beren metabolitoen iraizpena, gernu bidez gertatzen da nagusiki. Antioxidazio-ahalmen handia duten konposatu bioaktiboak dira. Azken urteetan, eragiten dituzten antioxidazio efektuengatik, eta beste mekanismo batzuengatik, hainbat gaixotasunen garapenaren aurkako efektu onuragarriak egotzi zaizkie: minbizia, gaixotasun kardiobaskularrak eta neuroendekapenezko gaixotasunak.
  • Egileak: Iñaki Milton-Laskibar, Alfredo Fernández-Quintela, María Puy Portillo
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 55-66
  • DOI: 10.1387/ekaia.17818

Egileez

Iñaki Milton-Laskibar, Alfredo Fernández-Quintela, María Puy Portillo UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Farmazia eta Elikagaien Zientziak sailean dabiltza.


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.