Ardo hondakinak, hondar probetxugarriak

Argitalpenak · Dibulgazioa

Bukatu zen bi gauza batera emakumeek soilik egin zitzaketen garaia. Gaur egun tximistaren abiaduran bizi gara gehientsuonok, ia geure itzalak aurreratuko gaituen beldurrez, eta noski, gorputzari aireaz gain zerbait eman behar diogula zeharo ahaztuta. Ondorioz, janari lasterrak eta industrian prozesatutako elikagaiak gure eguneroko ogi bilakatu dira, baita horiek duten balio nutrizionalaren galera konpentsatzeko gehigarrien beharra ere. Gehigarri horien artean gantz azido asegabeak eta polifenolak aipatu nahi ditugu.

Polifenolek ahalmen antioxidatzaile handia dute; horri esker erradikal askeak neutralizatzeko gai dira, arrisku txikiagoko konposatuak emanez. Gaitasun hori dela eta, egokiak dira hainbat aplikaziotarako, hala nola hanturak tratatzeko, minbiziaren gisako endekapenezko gaixotasunetarako edo kosmetikan zahartzearen aurkako tratamenduetarako. Bestalde, nootropiko bezala zerrendatuak daude, garunean oroimena, arreta eta motibazioa gisako funtzioak bultzatzen laguntzen baitute. Gantz azido asegabeak aldiz oso garrantzitsuak dira gaixotasun kardiobaskularren prebentzioan eta funtsezkoak dira odoleko triazilglizerol eta kolesterol mailak jaisteko eta ondorioz minbizien prebentziorako.

Irudia: Janari lasterraren eta industrialki prozesatutako janariaren aroan bizi gara. Jaki hauek ekarri duten galera nutrizionala konpentsatzeko gehigarrien beharra geroz eta handiagoa da. Gehigarri horien artean ditugu: omega 3 gisako gantz azido asegabeak eta eragin antioxidatzailea duten polifenolak. Ardo hondakinak gehigarri hauen iturri izan daitezke, bertan aurki daiteken gantz azido asegabeen eta polifenolen kontzentrazioa oso altua baita.

Agroindustriako hondakinen inguruko interesa haziz joan da azken urteetan, balio erantsi handiko albo produktuen iturri garrantzitsu izan baitaitezke. Ildo horretatik, ardo-ekoizpeneko hondakinen ustiapena aukera bikaina izan daiteke. Izan ere, bertan aurkitzen diren gantz azido asegabeen eta polifenolen kontzentrazioa altua izateaz gain, sortzen den hondakin kopurua izugarria da baina ustiapena, berriz, mugatua.

Konposatu bioaktiboak erauzterako eta jakiak prozesatzeko orduan aukerarik egokienetako bat da jariakin gainkritikoen bidezko erauzketa. Teknika hau jariakin gainkritikoen ezaugarrietan oinarritzen da. Gas bat presio eta tenperatura kritikotik harago jartzen denean egoera gainkritiko batera iritsi daiteke, eta hala, likidoen eta gasen arteko ezaugarriak hartzen ditu. Likidoen antzeko dentsitatea dute eta hargatik disolbatzaile onak dira; bestalde, gasen likatasuna eta mugikortasuna dutenez, material solidoaren poroetara hobeto heltzen dira eta erauzketak azkarrago lortzen dira. Erauzketak egiteko karbono dioxidoa erabiltzea da ohikoena, nahiz eta apolarra izan, etanola edo metanolaren gisako albo disolbatzaile polar bat gehitu dakioke, eta horrela, modu horretan lortzen da polartasun ezberdineko konposatuak elkarrengandik bereizita erauztea, lehenik apolarrak CO2 soilik erabiliz eta ostean polarrak albo-disolbatzailea gehituz.

Ildo horretatik, lan honetan, optimizatu egin da bi urratseko jariakin gainkritikoaren bidezko erauzketa, ardo hondakinetatik konposatu bioaktiboak lortzeko. Ondorioz, lortu da lehen urratsean gantz azidoak soilik eta bigarren urratsean polifenolak soilik erauztea.

Zoritxarrez, polifenolak erraz degrada daitezke argiaren, tenperaturaren, oxigenoaren eta entzimen aktibitateen ondorioz. Bestalde, sarritan ez dira oso bioeskuragarriak. Ondorioz, interesgarria izan daiteke konposatu hauek mikrokapsularatzea.

Lan honetan, zurrusta-bibrazio bidezko mikrokapsularatzea erabili da kaltzio-alginatozko eta kaltzio-alginato-kitosanozko tamaina ezberdinetako polifenolen mikrokapsulak eratzeko. Prozesu horretan eragina duten aldagaiak optimizatu, kapsulak sortu eta haien egonkortasuna aztertu da 6 hilabetetan zehar hainbat kontserbazio-baldintzatan (4°C-ra ilunpean eta giro-tenperaturan ilunpean eta argipean). Modu honetan, ikusi da kapsulatutako polifenolen egonkortasuna baldintza guztietan kapsulatu gabeena baino askoz ere handiagoa dela. Kitosanoa gehigarri gisa erabiltzeak egonkortasuna are gehiago hobetzen duela ikusi da.

Laburbilduz, lan honen bidez ardo hondakinetatik bi produktu interesgarri erdietsi direla esan daiteke: batetik gantz azido asegabeetan oso aberatsa den erauzkina eta bestetik egonkortasun handiko polifenol-mikrokapsulak. Modu honetan ardo hondakinen balioa handitzea lor daiteke, eta Euskal Herrian sortzen den bolumena zenbatekoa den kontuan hartuz, litekeena da bera izatea etorkizun hurbileko aukera. Arrazoia izango du azkenean hondakinak txerrikeria bat direla dioenak, kasu honetan ere, txerriarenean bezala, dena baita erabilgarria.

Artikuluaren fitxa

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 29
  • Artikuluaren izena: Mahatsak txerritzen.
  • Laburpena: Lan honetan, optimizatu egin da bi urratseko jariakin gainkritikoaren bidezko erauzketa (SFE Supercritical Fluid Extraction), ardo hondakinetatik konposatu bioaktiboak lortzeko. Ondorioz, lortu da lehen urratsean gantz azidoak soilik eta bigarren urratsean polifenolak soilik erauztea. Polifenolek egonkortasun eskasa dute ordea. Hori dela eta, zurrusta-bibrazio bidezko mikrokapsularatzea (VNM Vibration Nozzle Microencapsulation) erabili da 150 eta 300 μm-ko zurrustekin kaltzio-alginatozko eta kaltzio-alginato kitosanozko tamaina ezberdinetako polifenolen mikrokapsulak eratzeko. Prozesu horretan eragina duten aldagaiak optimizatu, kapsulak sortu eta haien egonkortasuna aztertu da 6 hilabetetan zehar hainbat kontserbazio-baldintzatan (4°C-ra ilunpean eta giro-tenperaturan ilunpean eta argipean). Ondorioz, ikusi da kapsulatutako polifenolen egonkortasuna baldintza guztietan kapsulatu gabeena baino askoz ere handiagoa dela.
  • Egileak: Oier Aizpurua-Olaizola, Asier Vallejo, Maitane Olivares, Patricia Navarro, Nestor Etxebarria eta Aresatz Usobiaga.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 61-72
  • DOI: 10.1387/ekaia.14524

Egileez: Oier Aizpurua-Olaizola, Asier Vallejo, Maitane Olivares, Patricia Navarro, Nestor Etxebarria eta Aresatz Usobiaga UPV/EHUko Kimika Analitikoa Saileko ikertzaileak dira.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.