Askotan, esperientzia erabat aldatzen da bizitakoa digitaletik fisikora pasatzean, eta hori bereziki nabarmena da artearen munduan. Orain arte, egoera txarrean dauden artelanen bertsio digitalak baino ez ziren sortzen. Baina orain, Nature aldizkarian argitaratutako artikulu batean, ikertzaileek zaharberritze fisiko mota berri bat garatu dute: artelanetan jarri eta kendu daitekeen sistema polimeriko bat. Horrela, etorkizunean, jendeak artelan horiek zuzenean bizitzeko aukera izango duelakoan dira.
Gaur egun artelan asko jendaurretik ezkutatuta daude egoera txarrean daudelako. Azken urteetan, zaharberritutako jatorrizko artelanen irudikapen birtualak sortzeko bidea ireki du teknologiaren eta zaharberritze digitalerako tresnen garapenak. Tresna horiek ikusmen artifizialeko, irudien ezagutzako eta koloreen korrespondentziako teknikak aplikatzen dituzte, pintura baten bertsio “digital zaharberritua” eratzeko. Hala ere, orain arte, ia ezinezkoa izan da zuzenketa digital hauek bertsio fisikora eramatea jendaurrekoen esperientzia mugatuz. Orain, Alex Kachkinek, Amerikako Estatu Batuetan (AEB) dagoen Massachusettseko Institutu Teknologikoko (MIT) ikertzaileak, metodo berria aurkeztu du olio-pinturen zaharberritze digitala zuzenean fisikoki aplikatzeko.

XVIII. mendean zehar lehen benetako museo publikoak sortu ziren ilustrazioaren pentsamenduak eta politika iraultzaileak bultzatuta. Geroztik, egoera txarrean dauden artelan ugari pilatu dituzte bereziki Europako eta AEBko arte museo publikoek, eta azken hamarkadetan azkartzen ari da arte instituzionalaren metatze-erritmoa. Artelan guztien artean, olio-pinturak dira erakutsi aurretik konponketa- eta kontserbazio-tratamendu luzeenak behar izaten dituztenak; izan ere, pinturen tratamenduek kalteen analisia, egonkortzea, garbitzea eta galdu diren zatiak betetzea eskatzen dute.
Hutsune mikrometrikoak
Egungo zaharberritze-prozesuetan, denbora eta aurrekontu handienak erabiltzen dira milaka hutsune mikrometriko eskuz birmargotzeko. Konplexutasun hori giza ikusmenaren trebeziatik dator eta, askotan, hilabeteko edo urteko lanak behar izaten dira; izan ere zenbait metro izan ditzakeen olio-pintura batean 100 µm-ko urradura ugari aurki daitezke. Eskala hori Eiffel Dorrearen gainazalean jarritako kreditu-txartel baten antzekoa da.
Beraz, koloreak eskuz berdintzea eta konposizioa berreraikitzea oso zaila izan daiteke eta, horregatik, konpentsazio-teknikak erabiltzen dira oro har, non artelan batean bizirik dirauten eremuei kohesio bisuala ematea bilatzen den. Hala ere, egoera zaildu dezakete aurki daitezkeen kalte motek. Galera handiak erraz konpontzen dira betegarriaren bidez, baina argiak, beroak, higadurak edo manipulazioak eragindako dekolorazioak konpontzeak konplexutasun handiagoa dauka. Teknologia digitalak eta, bereziki, ikasketa sakonak zaharberritzearen emaitza ikusteko aukera ematen duten arren, ez dute hori lortzeko biderik eskaintzen.
Ildo horretatik, MITeko ingeniaritza mekanikoko graduondoko ikaslea den Alex Kachkinek metodo berri bat aurkeztu du, non zaharberritze digitala zuzenean aplikatzen den olio-pintura baten gainean. Ikertzailearen hitzetan, “Kaltetutako artelan asko daude gordeta, eta agian ez dira inoiz ikusiko. Espero dut metodo berri honekin artelan gehiago ikusi ahal izatea”.

Artelanak zaharberritzeko hautatua
Ikertzaileak betidanik izan du gustuko artea. Txikitatik zaletasun gisa zaharberritzen ditu margolanak, eskuz margotzeko teknika tradizionalak erabiliz: “dibertigarria da”, dio Kachkinek. MITen doktoretza hastear zela AEBko ekialdeko kosta goitik behera egin zuen bertako arte-galeria guztiak ikustatzeko asmoz. Galerietan ibiltzean, konturatu zen haiek hormetan ikusgai duten artea barneko biltegietan dituzten obren zati txiki bat baino ez dela. MITera iritsi zenean, ikertzaileak pentsatu zuen teknologia digitalek, algoritmoek eta adimen artifizialak pinturak birtualki zaharberritzeko eskaintzen duten aukera fisikoki gauzatu ahal izango balitz, galeriek gordeta dituzten olio-pintura asko ikusgai jarri ahal izango liratekeela.
Horrela, XV. mendeko olio-pintura bat erabili zuen zaharberritze-metodo fisiko berria garatzen hasteko. Tresna berria garatzeko, ezinbestekoa da “kalteen egoera ikustea”, dio ikertzaileak. Erabili zuen olio-pinturak ia 600 urte zituen eta, Kachkineken hitzetan, “mendeetan zehar artelanak zaharberritze prozesu asko jasan zituen eta metodologia berria aplikatzeko, beharrezkoa zen artelana biluzik ikustea”.
Behin jatorrizko kaltetutako bertsioa zuela, adimen artifiziala erabili zuen olio-pinturaren kalte gabeko jatorrizko bertsio birtuala sortzeko. Jatorrizko bertsio digitala eta kaltetutako bertsio fisikoa eskuan zituela, ikertzaileak software bat garatu zuen kaltetutako olio-pinturan konpondu beharreko guneen mapa bat sortzeko, eta aldi berean, digitalki zaharberritutako bertsioarekin bat datozen kolore zehatzak zeintzuk ziren argitzeko.
Jarri eta kendu ahal den zaharberritzea
Berak garatutako software hori erabili zuen Kachkinek geruza bikoitza duen estalki polimeriko bat sortzeko: lehenengo geruza koloretan inprimatzen da; bigarrena, berriz, eredu berarekin inprimatzen da, baina zuriz: “Koloreak erabat erreproduzitzeko, tinta zuria eta kolorezkoak behar dira”, azaltzen du ikertzaileak. “Bi geruza horiek zertxobait bereizten badira, oso erraz antzematen da. Horregatik, tresna konputazional berri batzuk garatu behar izan nituen, gizakiok koloreak ikustean dugun pertzepzioan oinarrituta”.
Kachkinek fidagarritasun handia duten tinta-injekzioko inprimagailu komertzialak erabili zituen maskararen bi geruzak inprimatzeko. Gainera, inprimatutako estaldura meheak kontserbazio-soluzioekin erraz disolbatzen diren materialez eginak daude, eta horrela, errebelatu egin daiteke kaltetutako jatorrizko obra. Tresna berri honek asko azkartu dezake olio-pinturen zaharberritze prozesua. “Orain dela urte batzuk, Italiako olio-pintura barroko hau eskuz zaharberritzen aritu nintzen, eta bederatzi hilabeteko lana izan zen”, dio ikertzaileak. Baina aurrerapen honek dilema etikoak ere dakartza, izan ere: “asko hausnartu beharko da ikusi ahal izateko prozesu horren etapa bakoitza nola aplika daitekeen kontserbazio-printzipioekin koherentea den moduan”, ondorioztatzen du Kachkinek.
Erreferentzia bibliografikoa:
Kachkine, Alex (2025). Physical restoration of a painting with a digitally constructed mask. Nature, 642, 343–350. DOI: 10.1038/s41586-025-09045-4.
Egileaz:
Oxel Urra Elektrokimikan doktorea da, zientziaren eta artea uztartzen duten proiektuetan aditua, egun zientzia-komunikatzailea da.