Cristóbal Balenciaga Museoko bildumaren ikerketa

Argitalpenak · Dibulgazioa

XX. mendeko moda-mundua pixkanaka gero eta leku nabariagoa lortzen joan da museoetan eta arte-erakundeetan. Modak eta jantzien munduak kultur ondare eta museo-ondasun gisa lortu duen gizarte-balorazioak, ahalbidetu du tankera honetako lanei zuzenduriko ikerketa espezifikoak bideratzea.

Egun, ondarea babesteaz arduratzen diren museo eta erakundeetarako erronka handia da. Erronka hau, XX. mendean zehar moda eta bestelako diziplina artistikoetara gehitzen joan ziren elementu eta material berrien kontserbazioari eta zaharberritzeari aurre egitea da.

Plastikoak edo ehun sintetikoak bezalako materialak dira XX. mendeko bildumetan arazo larrienak sortzen dituztenak, narriadura kaltegarriak eta ez-atzeragarriak pairatzen baitituzte, kontserbazio neurri egokiak ez badira hartzen. Hortaz, ikerketa bideak egokitu egin beharko dira jantzi bilduma garaikide hauetan gertatzen hasi diren arazo berriei aurre egiteko. Euskal Herriko Unibertsitateko Zaharberritzeko atalak (Pintura Saila, Arte Ederretako Fakultatea) Cristóbal Balenciaga Fundazioko Museoarekin batera bideratu duen ikerketa honek, helburu nagusi gisa hartu du goi-mailako joskintzako maisu eta diseinatzailearen bildumako zenbait lanen azterketa.

erakusketa balenciaga Bilboko Arte Ederren Museoa
Irudia: Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen lanak. 2010. urtean Bilboko Arte Ederren Museoak antolatu zuen “Balenciaga. El diseño del límite” erakusketako diseinuak. (Irudia: Bilboko Arte Ederren Museoa)

Cristóbal Balenciaga Museoko bildumak XX. mendeko hainbat jantzi eta osagarri gordetzen ditu bai bere forma berritzaile eta originalengatik, bai erabilitako material anitzengatik nabarmentzen direnak (zuntz natural edo sintetikoz eginiko oihalak, larrua, ilea edo lumak bezalako materia proteikoak edo dekoraziorako plastikozko polimero elementuak, etab.). Material hauek ezagutzea eta aztertzea ezinbestekoa da mota honetako bildumen kontserbazio eta iraupenerako.

Ikerketa honen bitartez bildumako zenbait piezetako materialak identifikatu nahi izan ditugu, ondoren haien kontserbaziorako kaltegarriak izan daitezkeen narriadura-eragileak aztertu ahal izateko eta bildumari zuzenduriko kontserbazio eta zaharberritze metodologia egokia abian jartzeko. Etorkizunean pieza hauen zaintza eta erakusketa egokia bideratzea da amaierako helburua.

Cristóbal Balenciaga Fundazioko Museoak eskainitako zenbait lagin aztertu ditugu eta honetarako, hainbat analisi teknikaren beharra izan dugu zuntzak eta aztergai nagusi bezala hartu ditugun plastikoak identifikatzerako orduan: besteak beste, Raman espektroskopia edo ekortze-mikroskopia elektronikoa.

Kontserbazioaren ikuspuntutik, analisi teknika hauen bitartez lortutako emaitzei esker, materialak identifikatzea lortu dugu. Analisiek aukera eman digute osagaiek polimero izaera dutela baieztatzeko, eta horretaz gain, pieza hauen kontserbazioak funtsezkoak izango diren beste hainbat eragile ikusi izan dira.

Modu honetan, haiei zuzenduriko kontserbazio-irizpideak aztertu eta ebaluatu ahalko ditugu erarik egokienean material bakoitzak bere naturaren araberako kontserbazio-eskakizun desberdinak izaten baititu. Mota honetako bildumetan gertatzen diren material eta forma-anizkoiztasunak dira hain zuzen bere kontserbaziorako neurri orokor batzuk ezartzea zailtzen dutenak. Honekin guztiarekin, bilduma hauetan erabili ohi diren kontserbazio-irizpideen berrikusketa eta berriztapen baten beharra ikusten dugu.

Cristobal Balenciagaren jantzi eta osagarriak, gure gizartearen kultur ondare garrantzitsua dira materialen zein kontzeptuen aldetik. Lan hauen osotasun fisikoa ziurtatzeaz gain, narriatzearen ondorioz gertatzen den itxura-galera konpondu behar da lan hauen berreraikitze kontzeptuala gauzatu ahal izateko, eta hortik, bere erakusketa egokia lortu ahal izateko.

Artikuluaren fitxa

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 28
  • Artikuluaren izena: Cristóbal Balenciaga Museoko bildumaren ikerketa. XX. mendeko jantzi bildumetako materialen identifikazioa eta kontserbazioa.
  • Laburpena: XX. mendeko moda-mundua pixkanaka gero eta leku nabariagoa lortzen joan da museoetan eta arte-erakundeetan. Modak eta jantzien munduak kultur ondare eta museo-ondasun gisa lortu duen gizarte-balorazioak, ahalbidetu du tankera honetako lanei zuzenduriko ikerketa espezifikoak bideratzea. XX. mendean zehar moda bezalako arte-diziplinetara sartuz joan ziren elementu eta material berriak erronka handia suertatu dira gaur egun kontserbatzaile eta zaharberritzaileentzat. Hortaz, ikerketa bideak egokitu egin beharko dira jantzi bilduma garaikide hauetan gertatzen hasi diren arazo berriei aurre egiteko. Hurrengo ikerketak aztergai modura hartuko ditu Getarian dagoen Cristóbal Balenciaga Fundazio Museoko moda bildumako piezak. Diseinatzaile ospetsu honen lanetan dauden materialak identifikatu nahi izan dira. Aztergai hartu dira era berean materialetarako kaltegarri gerta daitezkeen narriadura-eragileak. Azkenik, lanen kontserbazio-egoera aztertu da, bere etorkizuneko biziraupena bermatzeko. Honetarako, hainbat analisi teknikaren beharra izan dugu zuntzak eta aztergai nagusi bezala hartu ditugun plastikoak identifikatzerako orduan: besteak beste, Raman mikroskopia elektronikoa edo ekortze-mikroskopioa elektronikoa.
  • Egileak: Alazne Porcel Ziarsolo eta Enara Artetxe Sánchez
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 125-138
  • DOI: 10.1387/ekaia.13963

Egileez: Alazne Porcel eta Enara Artetxe UPV/EHUko Arte Ederretako Fakultateko irakasleak dira eta Pintura Saileko Zaharberritze ataleko ikertzaileak.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

ekaia 28

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.