Asteon zientzia begi-bistan #92

Uxue Razkin

Asteon zientzia begi-bistan astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluen bilduma da. Zientzia Kaiera blogaren igandeetako gehigarria.

zientzia begi-bistan 92

Biologia eta animaliak

Juan Ignacio Perez eta Bego Urrutia tukanaren mokoaren inguruan aritu dira. Horren inguruan egin ziren hipotesiak bildu dituzte testuan. Adibidez, Darwinek uste zuen hautespen sexualaren emaitza zela. G. J. Tattersall-ek eta lankideek, berriz, uste zuten mokoak zeregin garrantzitsua betetzen zuela hegaztiaren termorregulazioan. Eta egia da, tenperatura-aldaketa nabarmenak jasaten ditu gainazalean, kanpoko tenperatura-aldaketen arabera. Izan ere, mokoaren gainazalaren tenperatura nabarmen igotzen da inguruko tenperatura 21 °C-tik gora denean. Horretaz gain, hegaztien jarduera-maila ere bada bero-galeraren baldintzatzaileetako bat. Hegan egiten dutenean, esaterako, 10-12 bider handiagoa da tukanen bero-ekoizpena. Tukanak odol-zirkulazioaren kontrol handia du. Mokoa odol-hodiez josita dago eta odol-hodi horien irekitze-graduaren menpekoak dira mokoaren gainazalaren tenperatura-aldaketak. Aipatzen duten adibide batekin argi ikusten da hori: 25 °C-ren azpitik garezurretik hurbilen dagoen mokoaren aldea da beroa galtzen duen bakarra, baina ingurune-tenperatura 25 °C-tik gorakoa denean moko osotik galtzen da beroa, odol-hodi guztiak irekitzen baitira.

Animaliekin jarraituz, Amaia Portugal kazetariak zikoina zuriei buruz hitz egin digu. Nazioarteko ikerketa batean aztertu dute hegaztien migrazio ibilbideak eta ikusi dute zikoina batzuek ez dutela Sahara zeharkatzen, gizakiek sortutako zabortegiei eta arrain haztegiei esker, neguan jatekoa bertan izaten jarraitzen dutelako. Ikerketa horri esker ikusi dute Europa eta Asiako zikoina gehienek iparraldetik hegoaldera ohiko bi ibilbideak egiten dituztela oraindik. Baina batzuek migrazio laburrak egin dituzte. Adibide horietatik, aipagarriena Uzbekistangoa izan da. Izan ere, hauek ez dira haien herrialdetik atera ere egiten. Hegazti hauek Indian igarotzen dute negua baina orain, tokian bertan elikatzen dira.

Astronomia

Juanma Gallegok Berrian azaldu digunez, badirudi babiloniarrak astronomian ere bide-erakusle izan zirela. K. a. 400-50 urteren inguruan kuneiformean idatzitako testuetan egindako interpretazio berria izan da aurkikuntzaren abiapuntua. Horren arabera, antzinako babiloniarrek geometria erabiltzen zuten planeten ibilbidea igartzeko. Orain arte uste izan da kalkulu aritmetikoak baino ez zituztela erabili eta astronomiari aplikatutako geometria hori XIV. mendean asmatu zela Europan.

Mikrobiologia eta medikuntza

Zika birusa izugarri ari da hedatzen eta horren aurrean, Munduko Osasun Erakundeak erabakiko du mundu mailako larri-egoera ezarriko duen. Aedes aegypty eltxoaren bidez transmititzen da (dengea eta sukar horia kutsatzen dituen berbera), eta hura kontrolatzeko neurriak dira orain lehentasun. Ana Galarragak azaltzen digu birusa bereziki Amerikako eremu tropikaletan hedatzen ari dela, eta horrekin batera, asko areagotu direla mikrozefalia-kasuak jaioberritan eta Guillain-Barré sindrome-kasuak. Birusaren eta gaitzaren artean ez da erlazio zuzenik frogatu. Halere, kontuan hartu behar dira datu batzuk: Brasilen mikrozefaliarekin jaiotako 4.000 haur inguru zenbatu dituzte iazko urritik hona; 2010etik 2014ra izan zirenak baino 20 aldiz gehiago. Guillain-Barré sindromeak, berriz, kalte neurologiko larriak eragin ditu zenbait infektatuetan.

Medikuntza arloari jarraiki, EHUko eta Oxfordeko Unibertsitateko ikertzaileek giza ehun artifizialetan oxigenoa eta elikagaiak hobeto garraiatzeko estrategia berri bat proposatu dute. Ikerketa horri esker, ondorioztatu dute giltzarria ehunak egiteko euskarrietan dagoela. Organo eta ehun artifizialak egiteko nanoaldamioak erabiltzen dituzte. Erronka, beraz, zelulek funtzionatzeko behar duten oxigenoa eta elikagaiak aldamio horretan zehar ongi garraiatzea izango litzateke. Eneko Axpe ikertzaileak azaltzen du: “Adibidez, pazienteak hezur zati bat galdu badu, hezurraren propietateak imitatzen dituen aldamio batekin betetzen da zuloa. Aldamio horietan, zelulak modu naturalean hazten dira”. Arazoa da, baina, ehuneko zelula-kopurua izugarria dela. Hortaz, proposatzen duten estrategia honakoa da: oxigenoa eta nutrienteak ongi garraiatzeko, aldamioaren molekulen arteko hutsuneak dira giltzarri. Hortaz, tarte horiek handitzea da estrategia, horrek oxigenoa eta elikagaiak hedatzea errazten baitu.

Artea

Cristóbal Balenciaga Museoko bildumak XX. mendeko hainbat jantzi eta osagarri ditu. Bildumako zenbait piezetako azterketa izan da ikerketa baten helburua. Materiak horiek ezagutzea eta identifikatzea izan da asmo nagusia, ondoren haien kontserbaziorako kaltegarriak izan daitezkeen narriadura-eragileak aztertu ahal izateko batetik, eta bildumari zuzenduriko kontserbazio eta zaharberritze metodologia egokia abian jartzeko, bestetik. Etorkizunean, jantzi eta osagarri horien zaintza eta erakusketa egokia bideratzea da amaierako xedea.

Osasuna

“Umearen pisu sobera: esku-hartzea Lehen Mailako Arretako pediatrian” doktorego-tesia egin du Xabier Txakartegi pediatrak. Ikerketak bi ondorio nagusi aurkezten ditu: alde batetik, prebentzio-neurri jakin batzuk hartuta, obesitate-mailak ez duela behera egin, baina gora ez egitea lortu dela ere. Bestetik, edoskitze naturalak pisu soberaren aurka izan lezakeen eragina ez dela espero zen bezain ona. Izan ere, ez die haurrei uste zen besteko babesa ematen. Edoskitze naturalei dagokienez, emaitza positiboagoak lortzea espero zuten: “Pentsatzen genuen edoskitze naturalak (EN) nolabaiteko babesa ematen diela haurrei pisu soberaren aurka, baina emaitzek ez zuten hori egiaztatu”.

Hizkuntzalaritza

Koloreak eta hizkuntzak bat egin dute honetan. XX.mende erdialdean, hizkuntzalariek pentsatzen zuten hizkuntzek baldintzatu egiten dutela hiztunen pentsaera eta mundu-ikuskera. Ideia horri Sapir-Whorf hipotesia deritzo. Ideia hau argitzeko askotan entzun dugun adibidea dakarkigu testura Luis Pastorrek: eskimalek 100 hitz desberdin dituzte elurrerako, ingelesek ordea bat bakarrik. Laura Martinek (1986), aldiz, eskimalek elurra izendatzeko bi hitz dituzte dio: qanik (airean dagoen elurra) eta aput (lurrean dagoen elurra). 1990.eko hamarkadan hipotesi horrek galdu egin zuen ospea hizkuntzalari eta psikologoen artean, baina badirudi azkenengo urteetan teoria hori berpiztu dela. Kolorearen pertzepzioa ikertu izan da Sapir-Whorf hipotesia frogatzeko, eta azken urteetako ikerketek erakutsi dute hizkuntzak eragina duela koloreen pertzepzioan. Zenbait adibide ematen dira testuan zehar hipotesi horiek ulertzeko.

Emakumeak zientzian

Maddi Arzak ikertzaileari egin dio elkarrizketa Ana Galarragak Zientzia Kaieran. Arzakek biologia ikasi zuen. Ikasgaien artean, botanika asko gustatu zitzaion eta orain EHUren “Landareen Biologia eta Ekologia sailean” dabil larreak ikertzen. Arzakek azaltzen du: “Artaldeek mendia nola erabiltzen duten aztertzen ari gara. Ikusi nahi dugu ardiek eremu guztiak berdin erabiltzen ote dituzte, edo ba ote dituzten belardi batzuk gustukoago beste batzuk baino”. Laborategian lan egiteaz gain, mendian ere aritu da laginketa egiten. Horretaz gain, beste lan batean ere badabil Arzak: “Saiatzen ari gara ea lortzen dugun analisi-teknikaren bat, mendiko esnea eta gazta besteetatik bereizteko. Helburua da, nolabait, tresna bat izatea mendiko gaztari balio handiagoa emateko beste era batera ekoitzitakoari baino”.

Kimika

Leire Gartzia ikertzaileak material berriak sortu ditu bere tesirako: nanomaterialak. Aurreko astean, material berri hauen inguruan bildu genuen informazioa. Aste honetan, Gartziak berak azaltzen digu horien funtzionamendua Hitzan. Material mikroskopiko horiek fotoaktiboak dira eta landareen antenen sistema imitatu duela dio: “Landareen funtzionamendua izan dut oinarri; argia hartzen dute eta, gero, argi hori eraldatu egiten dute. Argia energia kimiko bihur dezakete behar dituzten elikagaiak lortzeko”. Nanomaterialak baliatuta, eguzki argia ahalik eta gehien aprobetxatzea izan da Gartziaren xedea. Hiru material mota fabrikatu ditu ikertzaileak: “Landareek, berez, proteinak dituzte, eta barruan klorofila molekulak direnak. Beraz, oinarri horri jarraituta, euskarriak (proteinak liratekeenak) fabrikatu ditugu, eta, klorofilaren (argia hartzen duten molekulak) lekuan, guk koloranteak sartu ditugu”.

2003ko ikerketa baten berri eman digu Josu Lopez-Gazpio kimikariak Alean. Plazaratu zuten lan horretan dihidrogeno monoxidoa (DHMO) substantzia kimikoa hiltzailea zela adierazi zuten. Ikerketaren emaitzak argitaratu eta hiru urtera, hirietako ur-edangarriaren kanalizazioetan DHMOa aurkitu zuten. Ildo horri jarraiki, K. Kruszelnicki zientzia-dibulgatzaileak DHMOaren eta minbiziaren arteko loturaren berri eman zuen. Substantzia kimiko toxiko horrek ezaugarri kaltegarri eta toxikoak dituela esan zuten eta Lopez-Gazpiok batzuk aipatzen dizkigu: euri azidoaren osagai nagusia da, berotegi-efektua areagotzen du, erredurak eragin ditzake tenperatura altuan dagoenean, higadura geologikoaren erantzulea da eta metalen korrosioa azeleratzen du, besteak beste. DHMO substantzia aski ezaguna da, guk horri ura deitzen diogu. DHMOari buruzko adarjotze hau 1983an argitaratu zen lehen aldiz eta horren ondotik ugariak izan dira honen inguruko gezurrak. Lopez-Gazpio kimikariak testu honen bitartez islatu nahi izan du kultura zientifikorik gabe, erraza dela beldurrean oinarritutako ideia zentzugabeak zabaltzea. Ikusi dugu, argudio zientifikoak manipulatzea, ezkutatzea eta gaizki erabiltzea ez dela zaila. Ikaste ederra atera dugu hemendik. Bai horixe!

—–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

———————————————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>