Asteon zientzia begi-bistan #85

Uxue Razkin

Asteon zientzia begi-bistan astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluen bilduma da. Zientzia Kaiera blogaren igandeetako gehigarria.

zientzia begi-bistan 85

Adimen artifiziala

New Yorkeko eta Torontoko Unibertsitateko ikertzaileek diseinatutako algoritmo baten bidez, ordenagailuak kontzeptu berri bat ezagutzea eta harekin erlazionatutako beste kontzeptu batzuk identifikatzea lortu dute. Ana Galarragak azaltzen digu Elhuyar aldizkarian, ordenagailuari bi pertsonak idatzitako hizki bat aurkeztuz gero, programa gai dela komunean dituzten zatiak identifikatzeko, eta haien artean dauden erlazioak bereizteko ere. Hau da, hizki beraren bertsio pila bat identifikatzeko ahalmena du. Are gehiago, gai da alfabeto bereko beste hizki batzuk ere ezagutzeko. Ikasketa programa bayesiar bat erabili dute horretarako.

Klima-aldaketa

Parisko goi bilerari buruz hitz egin du Anil Markandya. IPCCko zientzialariakBerrian. Oro har, oso urrats garrantzitsua dela iritzi dio, klima-aldaketari eta munduko tenperaturaren igoerari erantzuteko, berotegi efektuko gasen isurketa nabarmen gutxituko duen hitzarmena baita. Baina hasiera besterik ez dela gehitzen du. Orain ituna sinatzearen arrazoiaz hausnartzen du. Alde batetik, aipatzen du orduan baino gehiago arduratzen gaituela klima aldaketak. Bestalde Kopenhaguen egindako saiakerarekin alderatu du aurtengoa: “Herrialdeen konpromisoak kontuan hartuta, iragarri du helburua betetzeko neurri zorrotzagoak hartu behar direla”. Baikor agertu da IPCCko zientzialaria: “Kontua da, ez balute ezer ere egingo, eta orain arteko martxarekin jarraituko balute, tenperatura lau gradu igoko litzatekeela, edo beharbada bost gradu. Hitzarmenean sinatutakoarekin zenbaki hori 2,7raino ere jaits daiteke”. Aipatzen du hurrengo urratsa 2018an hori berrikustea eta konpromiso horien betetzea nolakoa izan den aztertzea izango dela.

Ekologiari jarraiki, landareek xurgatzen duten karbono dioxidoari buruz hitz egin digu Amaia Portugal kazetariak. Jakina da, klima-aldaketaren afera kontrolatzeko, lagungarria dela landareek karbono dioxidoa xurgatzea (fotosintesirako behar dute) gizakiok isuri egiten duguna. Bada, orain ikusi dute landareek pentsatzen zena baino karbono dioxido gutxiago ari direla xurgatzen. Tartean faktore batzuk izan dira eta horiek mugatu dute landareen hazkundea eta aipatutako gasa xurgatzeko ahalmena. Abian jarri duten ikerketan, satelite bidez neurtu diren landarediaren produktibitate datuak izan dituzte hizpide. Ondoren, gizakiek eragindako karbono dioxido isurien eta horiek ekarritako landareen hazkundearen arteko harremana aztertu dute. Emaitzak alderatuta, ikusi dute aurreikuspenak ez direla errealistak (pentsatzen zena kontuan hartzen badugu), eta florak baduela berotegi efektuaren gasak xurgatzeko ahalmena, baina ez espero bezain handia.

Astronomia

Asteroideen errekurtsoak eskuratzeko asmoarekin dabiltza AEBetako enpresa batzuk. Bai, ondo irakurri duzue. Lurrean urriak diren zenbait baliabideak egon litezke asteroideetan. Besteak beste, burdina, nikela eta baita metal preziatuak ere, hala nola urrea, zilarra eta platinoa. Hala azaldu du Berrian Euskal Herriko Unibertsitateko astronomo Santiago Perez-Hoyosek: “Kalkulatzen da 50.000 milioi dolarreko balioa duen platinoa egon daitekeela 30 metro diametroko asteroide batean”. Baina hori ez da asteroideetan bilatzen duten negozio bakarra. Enpresa horiek espazioaren esploraziorako funtsezkoa izango den erregaia espazioan bertan ekoiztea helburu dute: “Ura, oxigenoa, amoniakoa edota nitrogenoa izan ditzakete barruan”. Espazioan ekoiztearen arrazoia: zamak espaziora eramatea oso garestia da eta erregaiaren zama arinduz gero, kostuak asko gutxituko lirateke.

Kontuan hartzekoa da ere honako berri hau: astronomoek hamar exoplaneten atmosferak aztertu dituzte eta espero zutena baino ur gutxiago aurkitu dute. Itxurazko ur-eskasi horri buruzko azalpena gerturatzen digute Elhuyar aldizkarian: exoplaneten atmosferako lanbroak edo hodeiek berek zaildu egiten dute exoplanetan dagoen ura antzeman ahal izatea. 1992an lehenengo exoplaneta aurkitu zuten eta hortik aurrera, 2.000 exoplanetatik gora identifikatu dituzte. Spitzer teleskopio espaziala erabili dute exoplanetak aztertzeko eta ohartu dira haien artean atmosfera-dibertsitate handia dagoela. Batzuek hodei-formazioak dituzte, eta besteek, atmosfera garbia.

Fisika eta musika

UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoko Akustika ikerketa-taldeak txistuaren eta haren instrumentu-familiaren ezaugarri akustikoen ikerlanak emandako emaitzak plazaratu ditu. Ikerketaren helburua txistuaren eta haren familiako instrumentuen ezaugarriak xehatzea izan da, batik bat. Horien ezaugarriak aztertuz, ikuspegi ugarietatik landu dute lana: Musika-tresnaren eraikuntza-prozesua aztertu dugu, eta hainbat ezaugarri desberdin dituzten txistuak sortu ditugu”. Ikertzaileen helburua izan da txistu afinatuago bat lortzea, eta hodiaren barneko aldea aldatu dute horretarako. Biak alderatuta, ikusi dute txistu-prototipo berriaren barneko hodiaren forma ez dela erabat zilindrikoa txistu tradizionalarekin konparatuta. Horretaz gain, zuloen kokapena, tamaina eta altuera ere aldatu dituzte. Ikusi dute bi txistuen artean afinazio-alde handiak daudela.

Emakumeak zientzian

Zientzia Kaiera blogeko “Emakumeak zientzian” atalean, Lydia Zapata Peña doktorearen adibidea ekarri dugu testura. Europako Arkeobotanika arloko espezialistarik onenetarikoa izan zen. Horretaz gain, ERC Consolidator beka eskuratu zuen, Euskadiko lehendabiziko emakumea izan zen hori lortzen. Bere proiektua Mendebaldeko mediterraneoko landareen erabilera Paleolitoan izan zen eta beka horri esker, gai hori garatzeko aukera izan zuen. Ikerketa horren asmoa, orobat, Iberiar penintsula osoa eta Maroko aztarnategiak aztertzea izan zen. Euskal Herrikoak ahantzi gabe: Dimako Axlor eta Baltzola ere proiektuan sartu zituen, Paleolito garaiko landareak eta horien erabilerak ezagutzeko. Adibidez, egur-ikatzak aztertzeko asmoa erakutsi zuen, mikroskopioen bitartez garaiko zuhaitzei buruzko informazioa lortu ahal izateko. Aztarna berriak ere ikertzen hasi ziren; tuberkuluak eta sustraiak. Ehiztari biltzaileen dietan garrantzitsuak zirela sinisten zuten. Horrekin batera, polena ere ikertzeko aukerari heldu zion, inguruko landare paisaia nolakoa zen aztertzeko

—–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

———————————————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>