Txistuaren akustika ikertzen, soinua hobetzeko

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Fisikaren adarra dugu akustika eta honek soinuak, infrasoinuak eta ultrasoinuak aztertzen ditu eredu fisiko eta matematikoen bidez. Laburbilduz, soinuaren ekoizpena, hedapena, biltegiratzea, pertzepzioa eta erreprodukzioa aztertzen ditu akustikak. Ikerlerro honen baitan EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikertzaileek txistuaren eta haren instrumentu-familiaren ezaugarri akustikoen aztertu dituzte.

UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoko Akustika ikerketa-taldeak besteak beste, musika-tresnen funtzionamendua aztertzea du helburu. Horren baitan, txistuaren eta haren instrumentu-familiaren ezaugarri akustikoen ikerlanak emandako emaitzak plazaratu dituzte egunotan. Akustika ikertaldeak txistuaren soinuan zer aldagaik eragiten duten eta nola eragiten duten zehazten ibili dira. Horretarako, musika-tresnaren ezaugarriak aldatu dituzte eta musikarientzat eta baita ere entzuleentzat propietate akustiko hobeak dituzten zenbait txistu lortu dituzte.

txistua
Irudia: Txistuaren akustikan zer parametrok eragiten duten eta nola eragiten duten ikusteko, eta txistuaren akustika optimizatzeko ikerketa burutu du UPV/EHUko Asier Agos Esparza ikertzaileak.

Akustikaren arloko aurrerapen zientifikoak —bereziki, musikaren akustikakoak—, eta grabazio-tresnetako eta haien bidez lortutako datuak aztertzeko azken aurrerapen teknologikoak erabili ditu UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoko Akustika ikerketa-taldeak, euskal folkloreko haize-instrumentuen akustika ikertzeko. Asier Agos Esparza ikertzailearen Función acústica del txistu y su familia instrumental doktorego-tesian islatu da ikerlana, eta Juan Crisóstomo de Arriaga Bilboko Musika Kontserbatorioarekin lankidetzan gauzatu da ikerketa.

Ikerketaren helburua izan da txistuaren eta haren familiako instrumentuen ezaugarriak xehatzea, “soinua nola sortzen eta hedatzen den zientifikoki azaltzeko —azaldu du ikertzaileak—, instrumentuaren akustikan zer parametrok eragiten duten eta nola eragiten duten ikusteko, eta txistuaren akustika optimizatzeko parametro horiek doitzen saiatzeko”.

Erabili duten metodologiaren arabera, txistuen eta haren familiako musika-tresnen ezaugarriak aztertzen dira, geometria jakin batekin. Ondoren, instrumentuen propietate horiek era kontrolatu batean aldatzen dira, eta aztertzen da ea zer eragin duten instrumentuaren azken soinuan. Aldagaiak aldatzerakoan, adibidez txistuaren hodiaren diametroa, itzulezinak diren eraginak sortu dira musika-tresnetan eta ondorioz, aztertu nahi diren ezaugarriak dituzten txistu berriak egin dira.

Jakintza-alor asko ukitzen duen lana izan da, eta hainbat ikuspegitik heldu zaio. “Musikariak sartzen duen airearen eta instrumentuaren barnean dagoen airearen arteko elkarrekintza gertatzean hodiaren barnean sortzen diren uhin geldikorrekin lotutako ezagutza teorikoa aplikatu dugu —azaldu du Agosek—. Musika-tresnaren eraikuntza-prozesua aztertu dugu, eta hainbat ezaugarri desberdin dituzten txistuak sortu ditugu. Instrumentu horiek guztiak aztertu ditugu musikarien laguntzarekin, eta putz egiteko makina bat erabili dugu, neurketetatik giza faktorea ezabatzeko”. Bestalde, software bat sortu dute instrumentu horiek eragiten duten musikaren propietate fisiko eta psikoakustikoak kalkulatzeko.

Hodiaren barne-geometria

Ikertzaileen helburua izan da txistu afinatuago bat lortzea, eta, horretarako, hodiaren barneko aldea aldatu dute. Agosek azaldu duenez, “txistu tradizionala jotzen dugunean, txistuaren zuloak erabat irekiz edo itxiz, lortzen den afinazioa asko aldentzen da piano baten afinaziotik”. Afinazioa hobetzeko, txistulariek txistuaren zuloak zertxobait irekiz edo itxiz zuzentzen dituzte notak. “Nolanahi ere —adierazi du—, hodia aldatzen badugu, lortu daiteke pianoaren afinaziotik hurbilago dagoen afinazioko txistu bat, zeina jo baitaiteke zuloak erabat irekita edo itxita dauden posizioak erabiliz”.

Txistu tradizional batek eta prototipo berriak sortutako datuak bildu, aztertu eta alderatu egin dituzte ikertzaileek. Txistu-prototipo berriaren barneko hodiaren forma ez da erabat zilindrikoa txistu tradizionalean bezala. Gainera, zuloen kokapena, tamaina eta altuera ere aldatu egin dira. Horren guztiaren analisiak agerian utzi du bi txistuen artean afinazio-alde handiak daudela.

Ikertzailearen iritziz, “ikerketa honi esker, txistu-egileek era zehatzago batean aurresan ahal izango dituzte instrumentuaren ezaugarriak”. Halaber, “lagungarri izango da jotzaileek eskatzen dituzten aldaketak eraikuntza-prozesuan espezifikoki txertatzeko —dio—, eta, hala, asko aurreratuko da txistulariek eta entzuleek gustuko dituzten ezaugarri akustikoak dituen musika-tresna bat lortzeko bidean”.

Iturria:

UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Txistua, modernizatzeko bidean.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.